kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Carmilla / Joseph Sheridan Le Fanu (Maialen Berasategi) / Erein / Igela, 2025

XIX. mendeko bollodrama banpirikoa Iraitz Urkulo / Berria, 2026-02-07

Aldez aurretik zenbat eta gutxiago ezagutu, orduan eta gozamen handiagoa. Hala izan ohi da literaturan. Horregatik, ez dut ulertzen zergatik ematen den maiz jakintzat irakurleok literatura unibertsaleko klasiko guzti-guztien berri dugula, baina argi dago multzo horretako obrei ez zaiela spoilerrik ez egiteko ituna aplikatzen. Zenbat irakurraldi zapuztuko zituen zuhurtzia falta horrek!

Carmilla lan erakargarria da azaletik bertatik. Alain Urrutiaren emakume margolanak ezin hobeto gorpuzten du pertsonaia. Haren edertasun zuri-beltzekoa. Sentsualtasun barea. Begirada itzalpean ezkutatzen duenaren misterioa. Bi letagin luzeek gehiegi kontatzen dute, ordea. Lastima.

Eta liburua ireki baino lehen ere, ezinbestean, XIX. mendeko istorio bati ekin aurreko halako urduritasun arina. Azaleko geruza zeharkatzeko eta arrotzak zaizkidan garai, inguru eta kode urrunak ulertzeko gai izango ote naizen beldur txiki hori, batetik. Testua bera eta bertan kontatzen direnak ondo zahartu ote diren zalantza eta kezka, bestetik; orduko sentsibilitatea erabat ezberdina izango baitzen, eta jatorrizko irakurleen interpretazio eta harrera ere oso bestelakoak, noski.

Atzeko azalean esaten zaigunez, bi neska gazteren arteko harreman “misteriotsu eta aztoragarria” dago istorioaren erdigunean. Lauso xamarra, berariaz anbiguoa eta gehienbat iradokia, erantsiko nuke nik. Eta horiek guztiak Le Fanuren meritutzat aipatzen ditut, gauza jakina baita misterio eta beldurrezko generoan esplizitutasunak ez duela batere laguntzen. Hala ere, litekeena da egungo irakurleek, batez ere estimulu bonbardaketa etengabean hazitakoek, bi pertsonaien arteko begirada sarkorrei eta, orokorrean, maitasun keinu eskasei nahikoa iritzi ez eta gaurko ikuspegitik harreman gatzgabea iruditzea. Erromantikoa baino gehiago, ñoñoa.

Bi emakume protagonisten elkarrekiko desira izugarria da Carmilla-ren oinarri eta pizgarri; izugarria hitzaren adiera guztietan. Alferrik dabil, ordea, kontakizunera morbo bila gerturatzen dena. Agerikoa izanagatik, bi neskek sentitzen duten erakarpena isila ere bada. Emozioak barnean gainezka egiten die. Pasio eztandarik ez, hortaz. Era berean, tentsioa bai, baina neurriz gaineko erreakziorik ez da islatzen biktima heriotzarekin dantza makabro batean hasi eta, pixkanaka-pixkanaka, idazleak luzatze horretan atsegin hartu izan balu bezala, gain behera etorri ahala. Sufrimendua intimoa da, eta ezinegona, gozoa. Dramarik gabeko tragedia.

Baliteke eleberri honen argumentua xaloegia izatea bizitzea tokatu zaigun maleziaz betetako garai honetarako. Intentsitatea beste nonbait dago. Eta, zintzoa izanda, liburua ireki aurretik ere Carmilla banpiro bat dela jakiteak irakurketaren hiru laurdenak zapuzten ditu gutxienez, misterioa hedatu aurretik ere hura agerian dagoen heinean. Xarma ukaezina da, halere. Istorioaren gainetik, obra honen bertute nagusia, nire iritziz, plazer estetikoa eta transzendentzia uztartzean datza.

Azpimarratzekoa da Maialen Berasategi Catalan itzultzaileak testua euskarara ekartzen egindako lan itzela. Eta guztiz estimatzekoa da itzulitako obra bakoitzean irakurleoi gure hizkuntzaren bikaintasuna opari egiteko erakusten duen konpromiso irmoa. Hala, euskara trinkoa baina argia erabili du, eta egitura landu eta aldi berean txukun askoak, ulergarritasunaren eta estilo dotorearen mesedetan beti. Carmilla-n esaldi orok du garrantzia, ezer ez da edergarri huts, eta Berasategi horren jakitun aritu da: arinkeriatik ihesi, baina astunkerian erori gabe. Eta XIX. mendeko istorioa egungo euskaran emanagatik, pertsonaien hizketa moldeak badu kutsu antigoaleko bat; horra hor itzultzailearen dohaina!

Giro itogarriaren eta natura paisaien deskribapen aberats eta zehatzak gozamen erabatekoa dira, eta eleberriaren egiazko indargunea, genero gotikoaren ohiko kontzeptu, ezaugarri eta figurekiko harmonia betean. Naturaz gaindiko gertaerak, elementu fantastikoak eta bestelako kontu esplikaezinak, aldiz, literatura unibertsalean bi mendeko tradizioak maiztuak egon arren, beren funtzioari ederki eusten diote oraindik.

Nik neuk, Carmilla-n, aspaldi desagertutako mundu zoragarri batekin egin dut topo. Bizimodua pausatuagoa dena. Gizakiek naturarekin harreman estua dutena. Norberaren hitza, ohorea, errukia, adeitasuna eta beste balio batzuk oraindik indarrean dauden mundu bat. Gizatiarragoa, benetakoagoa, transzendentalagoa nolabait. Ulertzen sinpleagoa ere bai. Niretzat, Carmilla-ren irakurketan murgiltzea funtsezkoa zer den ahaztu aurreko garai batera bidaiatzea izan da. Dena den, genero gotikoari diodan lilura dela-eta, baliteke nire pertzepzioa erromantizismo gaindosi baten ondorio izatea. Beraz, niri itsuan sinetsi beharrean, hobe duzu zuk zeuk irakurri, lagun.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak