« Barrikadetarako bidaia | Sakonera begira »
Oilarraren promesa / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2003
Gazte eta berde Igor Estankona / Deia, 2003-11-25
Arrazoi asko egon daitezke liburu hau irakurtzeko, arrazoi asko Joan Mari Irigoien hasiberriaren lehen nobela hau hartu eta denboraren tunelean bidaia labur bat egiteko. Garai konkretu bateko euskal literatura gaztera hurbiltzeko gogoak sortutako jakinmina izan daiteke euretako bat, edo Irigoienen unibertsoa hobeto ezagutzeko nahia. Dena dela, “Oilarraren promesa” idazle baten lehenengo promesa da, mugatua, berdea, ederra, xalotasunez betea. 1976an, Gero argitaletxeak kaleratutako lanari artaziak eta jostorratza sartu dizkion arren, ondo baino hobeto ikusten dira orduko motibazio eta ametsak, modu argian “Babilonia”n (1989) eta modu finduagoan bere produkzio osoan agertzen baitira ardura eta ideia antzekoak. Pertsona eta idazlea bat izan badaitezke, Irigoien iruditu zait beti horren adibide onena.
Berdinean nahiago genituzke oraingo idazleen lehen nobelak irakurri, esan barik doa hori. Nahiz eta editoreen mahaietan ez dagoen inoiz original nahikorik, ustea daukat azkenaldian “sormen krisi” baten antzekoa pairatzen ari dela euskal literatura. “Oilarraren promesa” irakurtzeko arrazoi ugari egon daitezkeen modu berean berrargitalpenerako beste horrenbeste aurki daitezke, baina nobela berri eta freskoen faltak faktoreetako bat izan behar du derrigor, liburuari autoreak berak egindako moldaketari ezer kendu gabe. Oraingo oilarren promesen ilusioarekin bizi gara literaturzaleak, normala den moduan. Ikerketa sakonago baten ezean, hor utziko dugu auzia.
Urbanistikoki eta sozialki zauritutako Altza, askatasunarekin amets egiteagatik odolusten ari ziren herriak, diktaduren ate birakaria bultza eta bultza kanpora irten ezinik zebiltzan belaunaldiak eta, kontrara, gauzak beste modu batera azaltzen zituen errealismo magikoa, horra liburuaren habeetako batzuk. Garai konkretu bateko emaitza literarioa da duda barik “Oilarraren promesa”, oraingo Joan Mari Irigoienen unibertsoarekin antzekotasun jatorrizko bat gordetzen duena.
Liburua adibide edo erakusgai moduan erabiltzeko aukera ere badago, gaurko egoerarekin alderatuz jolas egiteko eta ikusteko, besterik ez bada, mundua ez dela asko aldatu (handiak txikia jaten du orain ere, eta bueltak badirudi ez datozela). Idazlea ordea bai, hori aldatu da, idazle ona etengabe haziz eta aberastuz doan oinarri hura bera da eta.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera