kritiken hemeroteka

8.479 kritika

« |

Haize beltza / Amaiur Epher / Txalaparta, 2025

Beltzaren eta urdinaren artean Asier Urkiza / Berria, 2025-04-06

Amaiur Epher idazle behe nafarraren bigarren nobela da Haize beltza. Lehenengoa Maiatz argitaletxean eman ondoren, Txalapartan kaleratu du honakoa, lau urteren ondoren. Asmo handiko eleberria da, anbiziotsua hala egituran nola kontaeran. Izenburuak beltza aipatzen badu ere, urdina da liburua blaitzen duen kolorea. Kapituluen izenburuetan egoteaz gain, presentzia handia dute nobelan hala zeruak nola itsasoak. Tituluak gaztigatu bezala, baina, narrazioak beltzaren kutsua ere badu. Bilaketa betean dabil protagonista, fikziorako inspirazioaz bat bere burua ere aurkitu nahian.

Tomas izena du protagonistak, eta idazlea da. Literatura du pasio eta obsesio. Beka bat irabazi ondotik, bere hirugarren eleberria idatzi nahian ari da. Blokeo moduko batean dabil, ordea, eta idazketa geroratzen igarotzen ditu egunak. Bateko ingurukoen jakin-min eta akuilua, besteko argitaletxeko editorearen presioa, estu eta larri ibiliko da, paper zuriarekin borrokan. Alizia bikotekidea, Ozkar lagun mina eta Jon Trastu maisua izango ditu inguruan, eta eurekin batera eta eurekiko kontrakarrean josiko da Tomasen istorioa, laster bere burua aurkitu nahian partituko baitu, eldarniotik asko duen ihesaldian.

Oso nobela metaliterarioa da Epherrena. Begien bistakoenetik hasita —protagonista idazlea izatea, alegia—, testu osoa dago literatura eta fikzioari buruzko hausnarketez betea. Narrazioa lehenengo pertsonan, protagonistaren ahotsetik emateak ahalbidetzen du neurri batean hori. Erreferentzia ugariz hornitua dago, gainera, eta liburu, kantu eta film ugari iruzkintzen dira, sarritan pasarteak ere sarraraziz. Are, obra zenbaitek zeresana ere badute liburuaren bilbean, fetitxe gisa ere agertuko baitira. Horixe da Paul Austerren Orakuluaren gaua nobelaren kasua, baita, neurri txikiago batean akaso, Jean Etxepareren Beribilez eta Itziar Ugarteren Gu gabe ere liburuena ere. Antonio Gezalaren Tranbien arteko talka koadroak ere badu garrantzirik.

Autoreak Tomasen idazkiak ere txertatzen ditu narrazioan. Leihotik begira izeneko kontakizunarekin irabazi zuen beka eta horri jarraipena eman beharrean da. Testuak, ordea, ez dio nobela baterako ematen eta beste testu labur bat erantsi nahiko luke, Urak handi dire. Interesgarria da biek, batik bat azken honek, narrazio hari nagusiarekin ezartzen duten harremana, lotura fin eta iradokitzaileak eragiten baitituzte. Oihartzun moduko batek, hari mehe batek lotzen ditu Tomas eta narrazio laburreko Aña neskatoa. Jolas literario hori da liburuko alderdirik emankorrenetakoa. Esan bezala, lehenengo pertsona darabil Epherrek. Tarteka astunxea egin zait Tomasen tonua, eta zenbait ohar eta esakera lekuz kanpokoak antzeman ditut, pertsonaiaren ahotan ez sinesgarriak edo soberakoak. Bestalde, liburuaren egiturak anbizioa erakusten badu ere, Epherren armiarma sareko zenbait mutur ez dira behar bezain sendoak. Edozein kasutan, liburu gogo-pizgarria, asmotsua eta bizia da, hirugarrenaren zain uzterainokoa.

Azken kritikak

Haize beltza
Amaiur Epher

Asier Urkiza

31 ipuin
Anton Txekhov

Aritz Galarraga

Odolaren matxinadak
Miren Guilló

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren Elizegi

Joxe Aldasoro

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

Hedabideak