« Dramaturgoen ‘herstory’-rako | Distiraren kolorea(k) »
Berlin Alerxanderplatz / Alfred Döblin (Anton Garikano) / Ibaizabal, 2000
Zutik eustea da kontua Aritz Galarraga / Berria, 2025-03-09
Franz Biberkopf dugu eleberri koral honetako protagonista ukaezina, igeltsero, altzari-garraiari eta abar izandakoa; Robert Musilek esango lukeen bezala, ezaugarri berezirik gabeko gizona. Joka hil zuen andregaia, Ida, deitura berdin dio, hura gazte-loretan zegoela. Eta Tegeleko espetxetik irten berritan ikusiko dugu, hain zuzen, lehen aldiz, lau urte bertan pasatuta. Ziegako pareten artetik ateratzen denean, arrotz eta erromes, mundua ez da lehengoa, eta bera ere ez. Zigorraren hasiera da: “Hori duk nire zigorra, ni askatu naitek”.
Zintzo jokatu nahi du, bizimodu aratz bat abiatu. Aldizkari erotikoak saltzen hasteko aukera dauka —heziketa sexuala, esaten diote—, aldizkari nazionalistak saltzen hasiko da —ez dauka ezer juduen aurka, baina ordenaren alde dago—. Zintzo jokatuko duela egiten du zin, eta ikusiko dugu zintzo jokatzen duela asteetan, baina hori atseden-une bat izango da. Arrastaka daramate gaiztakeriara, berak ez du nahi, gogor egiten du, gainez egiten dio, behartua dago. Putazain, alkoholiko, gaizkile ibiliko da. “Ahal duena egiten du jendeak”. Bera bezalako hainbat lagunekin gurutzatuko da, elkartuko, lotuko, oso ondo zertan dabilen ez dakizun jendilajea. Muga zurrunik ez dago gaizkile eta ez-gaizkileen artean, gaur bat han eta bestea hemen egon daiteke, bihar bestea han eta bat hemen, are bat eta bestea han eta hemen aldi berean. Halakoxea da orriotan erakusten zaigun giza-paisaia, inframundua. Superbibentziak ezaugarritzen du. “Ahul ez izatea nahi nuke, gogor egin nahi nuke, edo areago, erabat zulatua egon, garunik gabe, gogoetarik gabe, erabat aberetua”. Baliteke eroa egotea Franz Biberkopf. Eroa egon litekeen bezala Berlin guztia.
Berlin baitugu, halaber, eleberri mundutar honetako beste protagonista ukaezina, mundu gerren arteko garaian, Europako hiririk liluragarriena, lau milioi arimako munstro bat, Leviatan metropolitarraren paradigma. Elias Canettiri zoro-etxea iruditu zitzaion, Viena lasaiagoaren ondoan. Stefan Zweigentzat mundu mailako Babel bihurtu zen, Austrian ikusi zuena akelarre honen preludio epel eta lotsati bat baino izan ez zela. Gainbehera dator dena. “Honela hondoratu ziren Erroma, Babilonia, Ninive, denak hondora, oi”. Bizi-bizi jasotzen du eleberriak hiriaren borborra, Berlin ekialdea, langile auzoak, etorkin, alderrai, iraganik gabeak, masa alimaleko, besarkaezina. Hiri modernoak bizitzeko forma berri bat ekarri bazuen, gizamodu berri bat zen hiritar modernoa. Eta Berlin esan dugu, baina hiri unibertsala da eleberrikoa, sortzen ari zen gizaki hiritar unibertsalean haragiztatua.
Nola jaso hori guztiori literaturara? Nola bildu kaosa, aldiberekotasuna, totalitatea? Zatiki, partxe, gauza ustez loturarik gabekoen muntaiaren bitartez, burtsako notizia, argitalpen ofizial, propaganda komertzial batetik, abesti patriotiko, Bibliako pasarte, eldarnio bestetik (Franzek hildakoekin hitz egiten du, eraikinekin, pattarrarekin), pertsonaia, ahots diferenteak, barne, kanpo hizketak, elementu fantastiko, grotesko, umorezkoak. Hala-holako popurri dastagarri bat. Hiriaren beraren zarata da azkenerako entzuten duguna, bere osotasunean. Zarata soziala, esaterako. Lehen Mundu Gerraren ondorengo porrota, “Alemaniako herritarrok, ez da sekula herri bat lotsagarriago iruzurtu, ez da sekula nazio bat lotsagarriago, bidegabeago engainatu alemaniar herria baino”; Bigarren Mundu Gerraren aurreko arriskua, “Nazionalismoa da estatu modernoaren erlijioa”. Franzi berez ez zaio inporta politika. Döblini ere ez, ez bada paisaiaren parte bat gehiago bezala, bidegurutze bat, edo fruta saltzeko mahai bat, edo animalia hiltegi bat bezain. Ideologia handiak hor daude, ikusten ditugu, beren erretolika, beren aparailu, beren komisario guztiekin, baina ez dirudite ezeren salbazio. “Ez dago gu salbatuko gaituen izaki gorenik, guk geuk bakarrik egin zezakeagu”.
Eta egin, egingo dute: ez da den-dena hondoratzen, badago salbazio moduko bat, erredentzio moduko bat, Herio aurrez aurre ikusi ondoren, Franzek ulertzen baitu bere baitan sortu dela guztia, bere burubidean, eta zentzua hartzen du azkenik guztiak, bere bizitzak. Eta fabrika koskor batean atezainorde izatea eskaintzen diote. Ulertuko du gizabanakoaren askatasuna dela garrantzizkoena, “Gizon librea nauk ala ez nauk ezer”; beste gizabanakoenarekin batera eskuratzen den askatasuna, “Baina ederragoa da eta hobea ere baduk, besteekin egotea”. Narratzaileak esaten digu (narratzaile bat ere badelako, baina nor da? Hiria bera? Izan daiteke, hiriak kontatzen digu ondoen, behintzat, Biberkopfen istorioa): Hau dena kontenplatzeak mesede egingo die askori, Franz Biberkopfen antzera giza-larru batean bizi eta Franz Biberkopfena gertatzen zaienei, hau da, bizitzatik ogi puska bat baino gehiago itxaroten dutenei. Alegia, gu guztioi. “Gerra ez duk amaitzen bizi haizen bitartean, zutik eustea duk kontua”.
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria
Gabonetako ikuskizuna
Pedro Ignazio Barrutia
Gorka Bereziartua Mitxelena
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Ibon Egaña
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Paloma Rodriguez-Miñambres
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Sara Cabrera
London Calling
Goio Ramos
Sara Cabrera
Politeismo bastarta
Jule Goikoetxea
Jon Jimenez
Arturoren uhartea
Elsa Morante
Asier Urkiza
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Nagore Fernandez