« Hetero | Laguntasun-harremanak amaitzen direnean »
Mundu zitalaren kontra / Lizar Begoña / Elkar, 2024
Belaunaldien arteko arrakalak: etsipenezko oihua, bizitzaren adagioa Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-01-02
Lehen potreta
Mundu zitalaren kontra izenburua ipini dio idazleak. Bizitzari oda bat ere izendatu liteke. Belaunaldien arteko arrakalak ipini diot neronek, balizko nobela-iruzkin honi. Genero literario baten barnean zehatz kokatzeri uko egiten diot. Eleberria izendatua duzu, haatik. Bi belaunaldiren erretratuak antzeman ditut, bi pertsonaia nagusiek islatuta. Hamaika erretratuk edota irudik osatuta dago nobela zinematografiko hau.
Nobela hau arras zinematografikoa duzu, baiki, aro postmodernoan modernoa. Nolabait izendatu behar dut eta. Izan ere, txuri-beltzean irudikatu dut, baina kolorezko film modura bizi izan dut. Liburuaren azalean —Ainara Alkorta ilustratzaile— erreparatzea besterik ez duzu. Erran nahi baitut, liburuak mundu zuri-beltzean murgilarazi nau, eta aldi berean, aldian-aldian, mundu kolorezko batek erreskatatu nau munduaren beraren apatiatik.
Pilar valentziarra eta izenik gabeko neska bizkaitarra dira protagonistak. Emakumezko bi. Belaunaldi biren agertzaile. Pilarren Dolores ahizpak eta neskaren aita-amarekiko harremanak, eta aittiterekiko gomutak berealdiko lekua dute nobelan. Badira beste batzuk, noski. Hola nola Pau izeneko mutila. Erre ustezko neska ere bai. Beste zenbait ere badira, beren txikian osagarriak.
Apatia hitza erabili dut, demagun desidia adierazi nahi dudala. Benidorm hiri apatikoaren desidian desirak ageri dira ezinbestez.
Kontua hauxe: apatiak apatia, desirak desira, maitasunak maitasun… ustez eta printzipioz hain urrunduta izan daitezkeen valentziarraren eta bizkaitarraren belaunaldiak ez dira horren urrun.
30-40 urteko alderik duten bi belaunaldi horiek urrun egonik ere, itxura batean urrun, funtsean, iluntasun berean murgilduta daude. Edota iluntasunean argi egiteko euren izaerak ez dira horren bereiziak. Itxurazko aldeak, diferentziak, horrenbestekoak izan arren, giza-krisiak jota bizi dira biak ala biak. Belaunaldi batekoak nahiz bestekoak ezintasun existentziala esperimentatzera munduratuta daude. Gaude. Desirak, gure desira, maitasuna, gorrotoa, laguntasuna… elkarren antzeko esperientziak dira belaunaldiz belaunaldi.
Bigarren potreta
Benidormen gaude. Ustez eta printzipioz gorrotatzen dugun komunitate batean. Euskal idealistaren pentsamendutik ari nauzu. Benidorm, protagonista euskaldunaren aitarentzako, kasu, hiriaren dekadentziaren isla duzu. Ideiak ideia, idealizazioak idealizazioa, Benidorm hirian “ederto batean” islatzen dira belaunaldi horien arteko talka. Horienak, eta tarteko belaunaldienak ere antzekoak direla baieztatu genezake. Benidorm aisialdiaren eta hedonismoaren berebiziko tokia da. Alabaina, bi protagonistak langilek dira, pariak. Jubilaziora bidean doa bata —prentsa-kiosko baten kudeatzailea— eta “beren printzipioak traditu dituzten” gurasoen alaba da bestea.
Pilar valentziarrak errepresenta dezake —nire hiri-zulo-ustean— belaunaldi frustratu bat. Bizitzak ez dio deus oparitu, destinoak ez dio bizitza samurra posibilitatu. Euskaldunaren kasuan, haren gurasoek “erreusitu” dutenen alaba frustratua da hala berean. Uni-an ikasi du —unibertsitatean, alors—, baina ikasteak berak ez ditu bere barruan hedatzen diren lainoak berez eta artez uxatzen.
Desirak bizitzan zabaltzen diren zuloetan itotzen dira.
Bi protagonistek, genero berekoak, belaunaldi biren ordezkariak, funtsezko behar existentzialen hutsuneak nozitzen dituzte. Desirak bizitzaren euskarriak dira, engainagarriak badira ere. Hau da, bizkaitarrari, aldian-aldian, bizitzak irri egin dio. Batez beste, Pilarri baino argi printzak gehiago agertzen zaizkio, baita Benidorm dekadente ilun-argitsuan ere. Bilbotik Benidormeraino bidaia dela medio, bizitzako tunelak esperimentatzeko abagunea kausitu du.
Desirek —maitasunak, gorrotoak, laguntasunak eta kidetasunak…— pertsonen artean amildegiak zabaltzen dituzte. Pertsonon berezko ezaugarriak dira. Belaunaldi zaharragoek jasan zituzten ezintasunak errepikatzen dira belaunaldi berriengan. Alta bada, zerk egiten ditu pertsonak horren berdinak eta horren desberdinak izatea aldi berean?
Aipatu belaunaldien arteko —printzipioz eta ustez— amildegia sakona da. Belaunaldiko kideek altxatzen dituzten harresiak alimalekoak dira. Harresiak eta amildegiak pertsonon ezintasunen erakusgarri dira. Elkarrengandik hurbil egonagatik, nork bere aldea markatu beharrak ezaugarritzen gaitu. Pertsonoz ari nauzu.
Hirugarren potreta
Potreta elea baliatu dut. Erretratu berbaren baliokidea. Funtsean hauxe errateko: istorio honek eskaintzen digun lengoaia berez eta artez manifestatzen da. Ez naiz ari soilik, valentzieraz edota euskara berri batean espresatzen delako. Bereziki, euskal belaunaldi berriko Lizar Begoñak erabiltzen dituen espresio eta hizkuntz baliabideengatik baizik.
Lizar Begoña izena du idazleak. Nire belaunaldikoentzat Begoña Lizar idatzita ere, sano ulergarria litzateke. Ezagutu gabe ere, eleberrigilea —Lizar Begoña pertsona erreala— nobelako bizkaitarraren larruan imajinatu dut une oro. Jakina, idazleak erranen du antzekotasunak dituztela biek ala biek, baina ez osotara. Bistan da. Idazle batek berariaz eta guraz ez du ere bere potreta guztiz deskribatzen lortzen.
Bertzela ere: idazlea bera ez den bestelako pertsonaia eraikitzen saiatzen bada ere, pertsonaia horren nortasunean bere izaeraren zer edo zer islatuko da ezinbestez.
Identitateak elkarren ondoan lehiatzen dira, elkarren kontrako lehian eraikitzen gara. Mundu zitalaren kontra delako honek pertsonok elkarren ondoan jasan daitezkeela erakusten digu. Mundu zital honetan elkarren kontra lehiatzen diren belaunaldien erakusgarria da.
Laugarren potreta
Eleberri honek komunitate baten inpotentziak islatzen ditu eta aldi berean gizakion potentzialtasunaren aukerak ezagutzera eman ere. In-potentzialtasun eta potentzialtasun horiek —aro postmodernoaren osteko baloreak— elkarren kontra lehiatzen dira. Aro berri-berri honetan, espazio “naturala” zenaren paraleloan espazio “birtuala” eraiki dugu digitalizazioaren bitartez. Bizkaitarraren gurasoak —Pilarren belaunaldikoak— euren ondorengoekin —seme-alabekin— desabantaila itzel horretan borrokatzera kondenatuta daude.
Digitalizazioa ez da gatazka horren espazio soila, noski. Mende erdi baten joanean mendebaleko sistema-hetero-patriarkal-kapitalista-liberalen gizakiok esperimentatu ditugun aldaketak, Aro Erditik egun arora eman diren aldaketak adinakoak dira. Erlijio kristau-katoliko-protestante-kontserbadoretatik balore aurrerazale-progresista-liberaletara iragan gara instant batean. Lurtarron maximalismo ideologikoen bizi-esperientziak tarteko.
“Nobela desesperantzako oihu bat izan daiteke, bizitzari eusteko esperantzako garraisia da” idatz nezake. Baina ez. Ez. Ez dut horrela bizi izan. Nobela ez dut horrela bizi, alegia. Nobela etsipenezko oihu bat da, bizitzaren adagio bat. Horratx nire interpretazioa.
Post-scriptum
Film bihurtu litezkeen lau potreta/erretratu horietan deskribatu dudana baino gehiago da nobelak adierazia. Ordea, aski duzu iruzkin-komentario mugatu honetan.
Pleibak
Miren Amuriza
Aiora Sampedro
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Aiora Sampedro
...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo
Mikel Asurmendi
Lurrez estali
Ximun Fuchs / Axut! kolektiboa
Irati Majuelo
Pleibak
Miren Amuriza
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Hetero
Uxue Alberdi
Amaia Alvarez Uria
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Nagore Fernandez
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Asier Urkiza
Itzulpena-Traducción
Angel Erro
Jon Martin-Etxebeste
Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez