« Kafkaren polisemiaz | Memoria ariketa bat »
Monogamoak / Iñigo Astiz / Susa, 2024
Elkarren arteko hariez Asier Urkiza / Berria, 2024-06-02
Lanbidez kazetaria, ikerketa eta kronika lanak argitara eman baditu ere, euskal literaturan nagusiki poeta gisa da ezaguna Iñigo Astiz. Narratibako bere lehen fikziozko lana kaleratu du berriki. Hamasei ipuinez osatutako narrazio bilduma da Monogamoak, kontrazalean ondo zehaztu bezala, denak ere bestelakoak giro eta tonuan. Antzekotasunik ere badute, ordea. Izenburua izen bereko ipuinetik hartua da.
Nabarmendu beharreko lehen ezaugarria, aipatu legez, gai, giro eta tonuen ugaritasuna da. Askotariko ipuinak dira, garaiari eta pertsonaiei dagokienez, baina baita bakoitzean erabilitako fokalizazio eta tonuaren aldetik ere. Errealismo argienetik jotzen dute batzuek, beste batzuetan fantasia kutsu nabaria dagoen bitartean. Lehenengo pertsona aukeratu du autoreak ipuin batzuetarako, deskriptiboagoa izan zein ez, eta hirugarren pertsonaren alde egin du besteetan, narrazioko ekintzei huts-hutsean emana ala jostalariagoa, pertsonaien gaineko iruzkin eta narrazioari berari buruzko oharrekin. Ipuinon ezaugarrietara idazkeraren tonua egokitzen hartutako lana aipagarria da, berebizikoa suertatzen baita berau pieza bakoitzari eusteko. Narratiban oro har, baina ipuingintzan bereziki, tonua hil ala biziko kontua da, giro sendo bat sortu behar denez orrialde gutxitan. Astizek txukun lortzen du hori, narrazioen hasi-hasieratik, gainera, in media res hasiera espero ezinekin.
Ipuinen erresonantzia kutxa gisa funtzionatzen dute idazleak utzitako hutsuneek, irakurleak bere kasa puzzlea osa ditzan lagatako arrastoak. Esan gabekoaren indar espresiboak esandakoaren oihartzun moduan jokatzen du. Astizek ondo darabil elipsia, Gizon on bat lehenengo ipuinean esaterako, non familia baten tragedia isila txirrindulariaren figura gaizki osatuaren bitartez irudikatzen den. Neskalaguna izenekoan azaltzen da garbien, narratzaileak zatika baino ematen ez duen bi emakumeen arteko elkarrizketarekin. Tabu handia gordetzen duen elkarrizketa, bestalde. Esan gabekoak esandakoak baino garrantzi handiagoa hartzen du, berriro ere. Horri lotzen zaio liburuko gai nagusietako bat, ipuin gehienetan ageri dena. Pertsonaien arteko komunikazio (eza), alegia. Bizimodu eta afektuen arteko bateraezintasuna dago Irlak ipuinean, ez dute elkar ulertzen Gure bazterrak-eko senideek, eta ados jartzera behartzen ditu egoerak Galletak-eko auzokideak. Ipuinetako batzuek elkarrekin bizitzeko trantzean jartzen dituzte pertsonaiak, komunitatearen ideiarekin jartzen dituzte harremanetan, gatazkan sarritan. Esplizituki ageri da hori Arco Iris kontakizunean.
Gehiegi asebete ez nauten ipuinak ere badira, ordea, dela aipatutako erresonantzia kutxa horren oihartzunik iritsi ez zaidalako, dela liburuan oro har eraginkorra suertatzen den tonuak huts egiten duelako. Diego Armando Maradona, Santua eta Itzultzea narrazioen kasua da. Kurioski, horiek dira eguneroko errealitatearen estrainamendua oinarri duen liburuko tonu nagusitik gehien aldentzen diren ipuinak, elementu fantastiko agerikoak sarraraziz.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez