kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Haragizko mamuak / Karmele Mitxelena / Elkar, 2022

Joandakoen aingurak Nagore Fernandez / Berria, 2024-04-07

“Bizitzan leku bat ematen dizu heriotzak, zure agurraren minak presente egiten zaitu, eta doluak oraindik existitzen zarela sinistarazten dit, oraindik alboan zaudela”. Halaxe diosku Karmele Mitxelenaren azken ipuinak 2022an argitaratu, eta urte berean Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi zuen Haragizko mamuak ipuin liburuan. Izan ere, joandakoen aingurak hartuta eta minari lotuta bizi dira hamar ipuinetako protagonistak. Batzuk heriotzak berak eraman ditu; besteak, ordea, bizitzak eta eguneroko jazoerek; edonola ere, galerek, fisikoek nahiz psikologikoek, mina dakartela kontatzen dizkigute narrazioek, horixe baita guztiak lotzen dituen hari tematiko nagusia: hezur-haragizkoak diren ezinezkoak. Hala, irakurleak oraindik gorputz eta haragi presente egon arren, jada bizi ez diren pertsonaiak aurkituko ditu, eta eurekin batera, absentzia horrekin bizi behar izango dutenak ere; “hutsunez betetako barrua baino ez dela” pentsatzen duen Montse; zaintza sektorea indarkeria eremua da Amandarentzat; eta indarkeria bertsuak astintzen dizkio barrenak osaba Pedroren beldur den haurrari. Hamar bizitza, hamar hutsune eta hamar min; guztiak ere triste, guztiak ere aurrera egin ezinean.

Tematikoki ez ezik, narratologikoki ere badute loturarik ipuinok: guztietan aurkituko dugu lehenengo pertsonatik mintzo den narratzaile berdina. Diskurtso intimo horrek, hain zuzen ere, beltzez jantzitako protagonisten barne mundua ezagutzea ahalbidetuko digu. Intentsitateari begira, ordea, badira aldeak konposizioen artean: badira narrazio orekatuago eta lauagoak, hasieratik bertatik gertatzen denaz ohartarazten gaituztenak; bestela esanda, ageriko inflexio punturik eta ezusteko bukaerarik ez dutenak. Mota horretakoak iruditu zaizkit Itolarria, Aurrera begira, Eta orain? eta Bizitza-segundoak ipuinak. Gainontzekoek, ordea, “moderno” deritzoten ipuinen antz handiagoa dute: intentsitatea lerroz lerro eraikitzen da, eta batik bat bukaeran ematen dute kolpea. Nahiz eta guztiak maila berekoak ez izan, azken multzo horretako kontakizunak gustatu zaizkit gehien, gustu nahiko klasikoa baitut ipuinei dagokienez. Ez dira ipuin laburrak bereziki, baina esango nuke kasu honetan luzera lagungarri zaiola autoreari: apurka-apurka, orain aurrera eginez, eta gero berriro atzera, humanoak diren eguneroko bizitzak eta minak gorpuztea lortzen du liburuak. Maiz metafora eta ideia batzuk gehiegi errepikatzen eta garatzen dituela iruditu zaidan arren, oro har, iradokitzen dakiela erakutsi du Karmele Mitxelenak, eta eskertu dudan alderdia izan da hori.

Guztiarekin ere, tropoen mundua eta lengoaia ondo ezagutzen eta erabiltzen duen idazle bat deskubrituko dugu hamar ipuinotan zehar, metaforaz eta paralelismoz esan ezinezkoen diskurtsoa eraikitzen dakiena, hain zuzen. Narratiban, eta, zehazki, ipuingintzan, Karmele Mitxelenaren opera prima dugu Haragizko mamuak. Gustatuko litzaidake ikustea hurrengo ipuin liburuan ahots eta estilo narratibo bera lantzen jarraitzen duen.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak