kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Lurraz beste / Garazi Arrula Ruiz / Txalaparta, 2023

Amildegiak Jon Jimenez / Gara, 2023-07-09

Garazi Arrula Ruiz (Tafalla, 1987) editore, itzultzaile eta idazlearen bigarren narratiba-lana da “Lurraz beste”. “Gu orduko hauek” lehen ipuin-sorta argitaratu eta sei urtera kaleratu du hauxe, unibertso geografiko eta humano berezia, estilo propio bat eta narratibarekiko afizio eta ofizioa berretsiz. Estreinakoekin alderatuz, baina, trinkotasun nabarmenagoa aurkitzen ahal diegu gaztarotik helduarora igarobidean dauden —salbuespenen bat kenduta— hamaika emakume protagonistatzat dituzten zortzi narrazio hauei.

Antzeztoki ezberdinen atzean, oihal fin baten gisan, ezaguna eginen zaigun giro politiko eta soziala eta gertaera historiko zenbaitsu azaltzen zaizkigu. Eta ez-leku bihurturiko hainbat leku arruntetan iltzaturik agertzen zaigu, bere zama eta maskarekin, pertsonaia nagusi bakoitza. Alokatzear diren zenbait etxebizitza, unibertsitateko bulego berria zeina lekualdatzera behartu duten, Mediterraneoko kostaldeko edozein kanpinetako harraska, ginekologo baten itxarongela, atzendutako sorterria, itxialdia bitarteko pisua, aita-amen etxeak edota lagun-ezezagunen arteko askari-afaria bezalako eszenatokiek, era berean, liburuan benetan garrantzitsuak diren ekintza “hutsalei” markoa baino ez diete jartzen. Zentzu horretan, argigarria da oso protagonistetako baten aitortza, liburu bati buruz ari denean: “gertatu ez da ezer gertatzen, oroitzapenak eta harremanak baizik”. Beharrik ere, emakume bakoitzaren barne mundu mugikor eta aldagarriak huts hori zabalki betetzen baitu.

Lurrikara batek nola irekitzen duen lurra, halaxe zabaltzen da haien aurrean hagitzetan gaindiezina den eta bertzeengandik bereizten dituen amildegia. Horrela, errotze eta deserrotzeek sorrarazten dituzten irrikak eta beldurrak —bakardadea nagusi hemen— ezagutzen ahal ditugu bertatik bertara. “Horrek bere bizitza beti-berdina irauliko du. Ez zaio deus gertatu, baina deus ez da iguala”, erraten digu bertze emakume batek film bati erreferentzia eginez, arestiko zitaren gehigarri gisara, liburu honen mamia zein den argitzeko balio digularik. Horrez gain, ingurukoek zer pentsatzen duten eta zer eginen duten asmatzeko ahaleginez beterik dira orriok. Ez da, ordea, “Gu orduko hauek” lanean ez zen bezalaxe, zalantzak argitzeko saiakerarik; aitzitik, narrazioak erantzun bat eta bakarra ez duten galderekin, dilema moral eta filosofikoekin, astintzen gaitu, sortu ditugun giza harreman-amildegiak —berdin senitartekoenak, lankideenak, adiskideenak edo bikotekideenak— barren-barrenetik birpentsatzeko hots eginez.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak