kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lur gainean, itzal azpian / Leire Milikua Larramendi / Susa, 2022

Lur gainean irauteaz Irati Majuelo / Berria, 2023-03-12

Lur gainean, itzal azpian du izenburu Leire Milikua ikerlariak argitaratu duen saiakerak. Lur gainean, emakume nekazariez mintzatzen delako, lurra landu duten horietaz. Itzal azpian, badirelako egiturazko zapalkuntzak emakumeok lur gainean egonagatik itzalpean iraunarazten dituztenak. Lisipe bildumak ezaugarritzat duen teoria eta analisi feministari heltzen dio Milikuak, landa-eremuari eta emakume nekazariei buruz pentsatzerakoan gailendu ohi diren iruditeria, aurreiritzi eta inertzia patriarkalak zartatzeko asmoz.

Zehatza da saiakerak lantzen duen gaia: emakume nekazariek erabaki eta eztabaida egituretan duten parte-hartzea. Hasiera batean planteamendu estua irudi dezake, are teoria feminista bere zabalean biltzen duen bilduma baterako. Alabaina, laster geratzen da agerian emakume nekazarien egoera transbertsalki aztertzeko potentziala duela parte-hartzearen aferak, eta, beraz, erakundeetan parte hartzearen edo ezin izatearen atzean askotariko gaiak azaleratzen dira: lan-baldintzak, familia-enpresetan emakumeek duten posizioa, elkarteetako egitura patriarkalak, derrigorrezko emakume kuoten ondorioak, etxe barneko trapu-zikinak, autopertzepzioa eta autoexijentzia… Teoria feministan behin eta berriz errepikatzen diren analisiak, finean.

Ikerketa akademikotik abiatzen da Milikuaren lana, eta, alde horretatik, oinarri eta zutabe sendoak ditu, ez da hari solterik uzten. Saiakera honetarako propio idatzitako testua den arren, aurretik egindako azterketa eta landa-lan handia dago, eta nabari da horietan erabilitako marko teorikoa zein metodologia zorrotza. Besteak beste, datu ugari ematen dira, emakumeei egindako galdeketetatik ateratako emaitzak aletzen dira, baina, halaber, saiakera ez da horretara mugatzen, zenbakien argi-itzalak ere, kontraesanak zein xehetasunak, argiro lantzen baitira.

Aipatzekoa da emakume nekazariei egindako elkarrizketek osatzen dutela lan honen zatirik handiena, eta horiek esandakoak elkarrizketan jartzen direla bai Bourdieuren biolentzia sinbolikoaren ideiarekin, bai Jule Goikoetxea, Lore Lujanbio, Zuriñe Rodriguez eta Estitxu Garaik osatutako Euskal demokrazia patriarkala (2020) liburuarekin. Hala, Lisipe bilduman bertan beste zenbait liburuk hartutako formatua baliatzen da, Kontrako eztarritik, Idazleen gorputzak eta Algara mutilatuak lanen ildoan: emakume ugariri egindako elkarrizketak oinarri hartuta, testigantzak txirikordatu eta teoriarekin laguntzen dira. Horien bidez, diskurtso sendoa ematen du, teorikoa bezain lurreratua, testigantzen izaera korala indargune handiena baita.

Milikuaren kanpo begiradaren bidez, errespetu handiz egindako ikerketa azaleratzen da, idazkera akademikorako joera nabarmena duena, baina hizkera argi eta irisgarria darabilena. Hala, jorratzen den gaiaren zehaztasuna gorabehera, eta emakume nekazarien egoerak berezko ezaugarriak dituen arren, saiakerak oihartzun egiten du bestelako errealitateekin, zapalkuntza patriarkala egiturazkoa dela agerian jarriz.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak