kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Soniexka / Ludmila Ulitskaia (Josu Zabaleta) / Pasazaite, 2022

Emakume baten erretratua Ibon Egaña / Deia, 2023-01-07

Joan berri zaigun urtearekin batera ateak ixtekoa zen Pasazaite argitaletxea, euskal irakurle-multzo beharbada ez merezi bezain zabalari Hassan Blasim, Slavenka Drakulic edo David Albahari bezalako idazle handiak euskaraz ezagutarazi dizkion liburu-sorta gogoangarri bat plazaratu ostean. Nik neuk behintzat azken hamarraldiko irakurketa kuttunen artean ditut “inportazioko” bilduma horretako ale zenbait. Azken aurrekoa izango bide den hau, Ludmila Ulitskaiaren Soniexka, sortari xingola jartzera datorren nouvelle biribila da, errusieraz 1992an estreinakoz argitaratutakoa eta Josu Zabaletak euskaratua.

Soniexka nerabe dela abiatzen du kontakizuna Ulitskaiak. Irakurketari emana bizi da neskatoa, fikziozko pertsonaiak gizon-emakume errealtzat hartzen ditu kasik, haien pozekin alaitu eta haien nekeekin atsekabetzen da. Zaletasun horri helduta iritsiko da liburuzain gisa lan egitera, eta baita senar izango duen Robert Viktorovitx pintorea ezagutzera ere. Europa mendebaldean, Parisen besteak beste, bizimodua egin ostean Errusiara itzulitakoan zigorra jasan behar izan zuen gizona da, Soniexka baino puskaz helduagoa. Ondoren etorriko dira gerraren eta itxialdien urteak, eskasia eta hala-moduzko etxeetan aterpe hartzea, Errusian alde batetik bestera ibili beharra, eta baita Tania alabaren jaiotza ere. Pertsonaien bizitzarekin batera, Sobiet Batasunaren hamarkada luzetako historiaren argi-ilunak (ilunak gehiago) ezinbestean gurutzatzen dira eleberrian. Baina eskertzekoa da idazleak ez duela kontakizunaren norabidea bortxatzen historiako une sonatuak eta pertsonaien biografiako gertaerak bat etor daitezen, eta berez bezala iragazten dela historia istorioan.

Soniexkaren izena du titulutzat nobelak, eta badu amandre ipuin baten trazarik kontakizunak, hala narrazioaren egituragatik nola estiloagatik ere. Hirurogeita hamar orrialdetan, ipuin luze batean bezala, kondentsatzen du idazleak bizialdi ia oso bat, eta hainbat hamarkada orrialde gutxitan jasotzea lortzen du zehaztasun handiz, orokorkeriara, bizitza baten laburpenera edo trazu lodira jo gabe. Lerro bakoitzean asko esaten du Ulitskaiak, eta paragrafoa unitate eta forma gisa mirestera eramaten gaitu batzuetan: sorpresa gordetzen du sarri, ustekabe sintaktiko-estetikoa, une historiko bat jasotzeko trebezia. Elkarrizketak urriak dira, eta usuago deskribapen sarritan lirikoak, estilo berezi eta trinko bat itxuratzen dutenak.

Distira berezirik gabeko bizitza gris xamar bat da Soniexkarena, eta idazlearen bertuteetako bat hortxe datza, XX. mendeko errusiar emakume arrunt xamar baten bizitzaren kontakizunari distira ateratzeko duen trebezian. Jendarte matxista batean emakume izatearen patua bizi du, jakina, Soniexkak, baina psikologia konplexuko pertsonaia marrazten du idazleak, protagonista biktima soil gisa irakurtzea ere eragozten duena. Emakumearen naiftasuna eta garai makurretan zorion-printzak sentitzeko duen gaitasuna edo bere emozioen anbibalentzia zehatz, modu hunkigarrian marrazten ditu eleberriak. Markoa iluna izan arren, edertasun estrainio bat dario liburuari, Soniexkaren beraren izaerak kutsatua dirudiena. Orriek aurrera egin ahala, Soniarekin batera Taniak eta Yasiak ere josten dute pertsonaia-sarea, emakumeek jendarte hartan jarduteko modua bakarra ez zela erakutsiz. Euren arteko harremanetik datoz nobelako une interesgarri, are durduzagarrienak ere, eleberriaren amaiera aldera.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak