kritiken hemeroteka

8.615 kritika

« | »

Haurrek hitza / Lidia Txukovskaia / Lidia Zhukova (Josu Zabaleta) / Katakrak, 2022

Zaharrak berri Nagore Fernandez / Berria, 2022-10-30

Vitia Yakuxevits, 14 urte, familia guztia hilik aurkitu zuen hegazkinek tirokatuta. Donia Khaienko, 13 urte, metrailadoreen tiro bortitzek han-hemenka sakabanatutako bere gurasoen gorpuen puskak jaso behar izan zituen. Bi testigantza horien antzeko beste 26 bizitza erreal biltzen dituzte Lidia Txukovskaia eta Lidia Zhukovak Haurrek hitza liburuan. Josu Zabaletak euskarara ekarritako lanak Bigarren Mundu Gerrara garamatza, zehazki, SESBen mendebaldetik ihesi, Uzbekistanen aterpe hartu zuten gerrako umezurtzen azaletara.

Hiru ataletan antolatu dira testigantzok: lehenengoan, izenburuak deskribatzen duen legez, Egun izugarri bat-ean bizirautea lortu zuten haurrei gertatutakoak aurkituko ditu irakurleak. Historia laburrenak dira atal horretakoak, baina ez horregatik samurrenak: etxeen eta batez ere familia osoen erailketen lekuko baitira den-denak. Bigarren atalean, beraien etxeak atzean utzi eta hara-hona dabiltzan familiak irudikatzen zaizkigu; bizitza guztian eraiki dutena atzean utzi, eta, hala ere, euretako asko bidean galtzen dira tirokatuta edo erreta, haurrak, bitartean, lekuko eta ikusle direla. Azkenengoan, frontera sartutako haurrak agertzen zaizkigu, gazterik ere jendea hiltzea beste biderik ez dutenak, gerrak dakarren txikizio guztia euren begi errugabeekin ikustea tokatu zaienak, hain zuzen. Guztiarekin ere, bitariko perspektiba erakusten zaigu haurren diskurtsoen bitartez: batetik, gerrak SESBen utzitako biktimak, hots, zibilen kontrako sarraskiaren itzalak; bestetik, alemaniarren aurka oldartu zen biktimarioa, beste horrenbeste biktima eragin zituztenak.

Egiari zor, azpimarratzekoa da Txukovskaiak eta Zhukovak ez dietela haurrei ahotsik lapurtzen, eta horien gainean euren hitzak jartzen; lekuko bakoitzaren ahotsa, hitzak, eta, are, doinua ere gordetzearen aldeko apustua egin dute. Dagokionari dagokion ahotsa eta lekua ematearen aldekoa naiz neu ere, begirunezko eta errespetuzko keinua ez ezik, eskubide kontua ere badela iruditzen baitzait. Eta, Historiak (letra larriz) maiz(egi) ukatu die zaurgarrienei, subalternoei eskubide hori. Alde horretatik, aipagai dugun obraren atzean, iruditzen zait hautu politiko bat ere badagoela, huts-hutsean haurren ahotsetara biltzeak hori berori salatzen baitu eta ikusgarri egiten. Egia esan, asko estimatu dudan alderdia izan da, ez bakarrik hautu horrek liburuari eman dion kutsu aldarrikatzailearengatik, ezpada testigantzei darien sinesgarritasun eta bat-batekotasunagatik. Izan ere, autoreek ez dute gezurrik esaten hitzaurrean, irakurleari egiten zaion oharrean: aitortzak entzun bezala jaso dituzte, ahozkotasunak dituen ezaugarri, pausa, errepikapen eta guzti, gordin eta garden.

Dudarik barik, mintzagai dugun gerra-kronikak ematen du zer hausnartua eta pentsatua. Edonon eta edonoiz aurki daitekeen errealitate bat dakar liburuak, eta saihetsezina da paralelismorik ez aurkitzea, gaur egungo Ukrainan ez ezik, baita Yemenen, Afganistanen edo Libian ere. Dirudienez, gerra beti izan da gizarteak dituen gaitz transnazional eta betiereko horietako bat, eta, zoritxarrez, izaten jarraituko du, bai antzina bai orain. Zaharrak berri.

Azken kritikak

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak