kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Sorgin-argien ehizan / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2022

Poesia soziala litekeenaz Aitor Francos / Bilbao, 2022-06

Promes batekin hasiko da Joan Mari Irigoienen (Altza, 1948) azken liburua, ohikoa duen argitaletxearen eskutik atera berri duen Sorgin-argien ehizan (Elkar, 2022). Hain zuzen, Tenerifen egindako joanaldi bat du abiapuntua. Hitzaurrean dioenez, oso gaztetan futbolaria zela joan zen hara lehenbiziko aldiz partido bat jokatzera. Presaka eta korrika, Timanfaya ezagutu ezinik alde egin zuen, denda bateko postal batean ikusi besterik ez zuela egin. Postal hartan sorgin argi batek giro guztia bat-batean hartua balu bezala deskribatzen du eta lur horiei hitzeman zien orduan bisitan joango zitzaiela berriro, eta konplitu ere, lagun batzuen konpainian, baina berrogei bat urte geroago, 2010ean.

Liburuaren gehiengoa omenaldi bat da, bete-betean gozatu zueneko plazer-bidaiaren oroimena eguneratzeko ariketa bat. Irigoien, ibilbide oparoko idazlea, urte batzuk daramatza ekitaldi publikoetatik aldenduta, osasun arazo ezgaitzaileak dituela eta, endekapenezko gaixotasun bat tarteko. Baina idazten jarraitu du atseden hartu barik, hor duzue bestela 2019an atera zuen Derbia eleberria. Oraingoan, poema liburu berria kaleratzearekin batera, Babilonia nobela mitikoa ere berrargitaratu du, eta ez da albiste txarra. Elkarren edizioak, beti bezala, lan egin du irakurraldi atsegin baten alde. Publikoak, nik uste, narratzailetzat du Irigoien. Hala eta guztiz ere, dozena erdi liburu atera ditu poesiari dagokiola (haur literaturazkoak kontuan hartzen ez baditugu, noski): Hutsetik esperantzara (Edit. Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa, 1975), Denborak ez zuen nora (Erein, 1991), Hautsa eta maitemina (Edit. Elkarlanean, 1998), Letra txikiaz bada ere (Elkar, 2004). Geroztik, hamarkada bat pasa zen generora bueltatu zenerako, Bi urtetako kronika fakultatiboa-rekin (Elkar, 2015).

Idazkeran arnas epikotik zerbait duen tonua gailentzen da, bertan antzinako lirikotasun baten oihartzunak entzun ditut, izenburuaren ildo berean doazenak. Irigoien, halere, poesian ohikoak zaizkigun baliabide gehienak alde batera utzita, oso agerikoa den mezu zuzena darabil maiz. Egotekotan, errekurtsoen artean, aliterazioak, paralelismoak eta anaforak lirateke erabilienak. Izan ere, gutxien gustatu zaidana lehen ataleko pontifikazio politikorako joera biluz-biluzia izan da. Hor irakurleak ez du aurkituko apenas metaforarik, ez beste tresna literariorik. Zaratatsuegia, nire ustez. Gainera, Playa Quemada eta La Graciosa izenburuko poemak, adibidez, formari begira, nahiko arduragabeak dira, eta luzeegiak izateaz gain, erritmo falta nabaria dute. Hortaz, zentzu handikoa da irakurketarekin batera sortu zaidan galdera; benetan poesia da aurrean dudana? Guztiarekin ere, egiteko modu anitzak aurkituko ditu irakurle arretatsuak, baina ez lirismo handirik. Bestalde, beharbada ozenki irakurrita eskainiko lukete euren hoberena bertsoek. Arima iraultzailekoak dira gehienak, eta liburuaren egiturak ere horretara garamatza, bidegabekerien eta giza eskubideen zapalketaren salakuntzara, batik bat. Kodea, zoritxarrez, pribatuegia da, niretzako bederen, helezina.

Esan bezala, eskaerak eta erreibindikazioak biltzen ditu, nagusiki, lehen partean; hala, kezka politikoak, eta gizartea astintzeko deiak dira gehienbat hor agerian daudenak, poesia-moldearen bidez bada ere. Injustizien zerrendaketak, asmo inperialisten eta monarkiaren aurkako hitzak, eta iraganean bizi izandako zapalkeriak gogora dakartzaten testuak.

Poesiara aldarrikapenak ekar daitezkeela ondo erakutsi ziguten, besteak beste, Maiakovski, Evtuchenko, Alberti edo Pasolinik. Tamalez Irigoienen narratzailea nagusitzen da, saio guztien gainetik, poesia idazten diharduenean ere. Ez nintzateke ausartuko Sorgin-argien ehizan honen poemak sozialak direla esaten, eginkizuna betetzen badute ere. Dena dela, hurbilago sentituko da Irigoien Gabriel Arestitik, edo Leon Feliperen ahots borrokatzailetik (are gehiago, liburua zabaltzeko azken honen Yo soy el gran blasfemo-tik prestamo bat hartuko du: “Hay un turno de voces:/ yo grito, tu rezas, él canta…/ El grito es lo primero”). Alabaina, poeta horien itzal eta izaerek agintzen dute Irigoienen: “…segi dezagula,/ hitzaren eta solidaritatearen mailua hartuta,/ bazterrak astintzen,/ ea mundu higuingarri honi/ irauli bat ematen diogun/ eta ea,/ haren hitzak ipar-izartzat harturik,/ garaile irteten garen/ EGIAren aldeko/ eta gezurraren aurkako gerran…”. Edo beste eredu bat, Nazaret titulukoan: “Horra hor,/ Polizia komisaria bat,/ legearen zerbitzuan eraiki zutena,/ (…)/ torturapean dagoen mutila/ dozena erdi bat poliziak jipoitua,/ errukirik gabeko ostiko eta ukabilkaden mende,/ bada atera itzazu zuk zeuk ondorioak,/ irakurle…”. Zorigaitzez, amorruzko protesta-poemak beste batzuen edertasuna baztertu eta itzaltzeraino heltzen dira, eta bi liburu desberdinen aurrean banengo bezala sentitu naiz. Alde batetik, panfletarioa dena; bestetik, handitasunari, miresgarria zaionari, naturaren indarrei eginiko omenaldiarena, gustukoen dudana.

Bigarren atalak (Kantuak), ordea, beste adierazpen batzuetan jartzen du arreta: espiritualitatezkoak, askoz ere metafisikoagoak, otoitz modukoak. Unibertsalagoak dira bertsoak, zailagoak ere, eta Irigoienek eskerrak ematen duen gizon xumearen jarrera hartzen du “Zer da, bada,/ begi aurrean dudan,/ mahasti zoragarri hau?” esaten duenean, edo Macher poeman: “Timanfayako lur sakratuak;/ sekulakoak/ lehen begi kolpean”. Hauen artean, Orzola da biribilena, transmititzen duen askatasun sentsazioagatik: “Ez nintzen ezeren jabe,/ baina, horregatik, beharbada,/ guztiaren jabe sentitu nintzen/ une batez,/ jabetasun arduragabean,/ ez jatorririk,/ ez helbururik,/ bakezko arduragabetasuna neure,/ ororen jabe,/ ororen desjabe…”. Vulkanoren lanak poeman iaz La Palman gertatutakoa gogora ekarri dizkiguten hitzak daude: “Itzali ziren aspaldiko suak,/ estali zituen labak bizi-arrasto guztiak”. Gertatuko zena aurreikusi zuen? Aldi berean, Hoteleko terraza bakartian poema (oraindik uharteetakoa) hirugarren ataleko Leire monasterioko ingurumenari eskaintzen dion poeman izango du jarraipena, bietan harridura eta sorginkeria pertzepzio eta dar-dar berdinak bizi balitu legez: “… / neure nitasunari lotutako nolakotasunak/ neure gogogabezian/ disolbatzera balihoaz bezala;/ gogo gogogabetuak, berriz,/ Leirera ninderaman,/ ezerezak irekitako bidetik…”.

Poema bakoitzeko toponimo bat aukeratu du: Punta mujeres, La Santa, Playa Honda, Tinajo, Playa Quemada, La Degollada, Charcodelpalo… Kontuak kontu, Irigoienek esateko duenak ez du hainbesteko zerikusirik izen horiekin ezta bisitatutako Kanariar-uharteko txokoekin ere; aitzakia dira liburuak bidaia kaier itxura har dezan, baina poemen mamia askoz ere pertsonalagoa da, egileak bere sakoneko ardurak eta egonezinak dakarzkigu olerki-itxurapean. Bizitza efimeroa dela oharturik eta oroitzapenak gorde nahirik dabil Irigoien, bizi gogo larriz, denboraren igarotzeaz kezkaturik, galdutako uneen berreraikitze ahaleginean: “gorputzaren mugak ezabatu/ eta sentitu bainaiz,/ ezer izan gabe/ —puntu bat /infinitutasun baztergabean/ galduta—/ oso…”. Aurretik, beste batean, Tinajo-n, zera zioen: “Oro da hil edo bizi/ oro da denboraren baitako”. Horrela, bukaeraraino, azken partea (Amodio infinituaren nostalgia), Poz data, ironiaz beteriko goiburu honekin itxiko delarik: “Bizitza badoakit,/ eta pozezko oihu batekin/ egin nahi nioke agur: rip rip hurra! / rip rip hurra!*”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak