kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Zorion perfektua / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2002

Ikuspegi bi Jon Kortazar / El País, 2003-07-28

Ez dakit zein hari ezkutuk biltzen dituen han eta hemen pertsonen eta nobelen mugimenduak, eta han irakurritakoak oihartzuna hartzen du beste orrialde lits batean, gauzak errepikatu egiten dira, bildu eta neurri berean urrundu.

Gure nobelagile nagusi bik nobela bana argitaratu dute azken hilabeteetan. Anjel Lertxundik Zorion perfektua deiturikoa eta Ramon Saizarbitoriak Kandiskyren tradizioa.

Agidanez, biek dituzte pasadizo antzekoak: adibidez, bietan emakume gazte batek fokalizatzen du narrazioa, emakumearen presentzia nagusitzen delarik, emakumearen ikuspegia baloratzen delarik. Biak dira gazteak eta biek dute munduaren barnean kokatu beharra.

Ez dut ukatuko bietan agertzen direla, sinplifikaturik eta soildurik, idazleok obra nagusietan eman duten joeren berri. Zorion perfektua-n arazo etikoa aurkeztu du Lertxundik, atentatu baten ondoren nola jarraitzen duen pertsona baten bizitzak adierazi nahi luke, eta, batez ere, pertsona nerabea nola kokatzen den munduan eta historian, nola sartzen garen kontzientzian, eta kontzientziadun egiten garen neurrian nola galtzen dugun haurtzaroko zoriona, zorion perfektua, bai, baina ahistorikoa, ideala eta ez erakutsia. Bizitza publikoa agertzen den neurrian egiten gara gizarteko. Eta pausoa beti da mingarria.

Alde bi landu ditu idazleak, kontzientziaren munduak agertu nahiez, atentatu bat ikusi ondoren neskato baten egun beteko bizitza kontatzen du, eta hark prentsa munduarekin izan lezakeen arazoa. Alde intimoa, barnekoia nagusia da, bai, baina alde pertsonalaren ikuspegi publikoa ezin da baztertu, eta horregatik nobelak bigarren bide bat arakatzen du, kazetariek eta prentsak nola jokatzen duten eta nola jokatu beharko luketen agertu du Lertxundik, bat-bateko ezustekoaren ordaina bete barik geratzen delarik, pertsona bakarrik dago, eta bere kasa jakin beharko du aurrera eramaten bizitzaren pisua.

Historian sartzen da baita ere, Saizarbitoriaren pertsonaia Miren edo Maria, eta fantasia mundutik historiaren mundura egiten du jauzi, bere bizitzako erabakirik intimoena hartu behar duenean eta harreman sexuala gauzatzen duenean. Pertsonaia honek ere badaki zoriona ez dela perfektua eta bide berriak hasiz, ipuinen, adiskideen, gurasoen mundua alde batera utzirik erabakiak hartzen eta horren ondorioak gauzatzen ikasten duenean bihurtzen da pertsonaia heldu.

Helduera prozesu bi ditugu, beraz, nobela biotan. Biei, agian, ez die batere onik egin erdi bide horretan geratzeak, gazte literatura gisa agertzeko arriskuan daude, nahiz eta puntu honetan liburuak saltzeko genero finkoan egon behar horrek mesedea baino kalte handiagoa egin dion, nik uste, Saizarbitoriaren nobelari, ez baita, bere sotiltasunean gazteentzako soilik egindako nobela bat, idazlearen kezka nagusiak era sinple batez agertzen dituen nobela bat dugu, eta mesedea zabalagoa litzateke eleberria sail nagusi baten agertuz gero nobela, Lertxundirena agertu den moduan normaltasun osoz argitaletxeko sail nagusian.

Antzak nabarmenak izan arren, ez nuke ahaztu nahi bietan ageri direla atentatuak: batean, Zorion perfektua lanean, atentatua nobelaren kinka eta mugimendu nagusiko indarra da. Kandinskyren tradizioa lanean, ordea, axola handirik ez diote ematen protagonistek.

Eta puntu honetan desberdintzen dira biak, batek ikuspegi publikoa ematen duen neurrian eta pribatua besteak. Gure gizartearen historian gurutzebidea agertzen dutelako: batak zentroan jartzen du arazo psikologikoa, eta nabari zaio Lertxundiren nobelan nola kostatu zaion urruntzea arazotik, autobiografiatik hurbil dagoen zerbait kontatzen ariko balitz bezala.

Saizarbitoriak ordea, pertsonaiaren mundu propioan jarri du kontzientziaren arreta. Eta biak batera gure munduaren irudi borobila eskaintzen dutela ikusi beharko genuke. Gizarte baten bizitzan irudi bi.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak