kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Babel aurretik / Joseba Gabilondo (Amaia Apalauza) / Txalaparta, 2020

Imajinazioa jaregiten Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-06-24

Behin eta hasteko

Lanaren taxua zehaztu aldera, ohar bat: saioaren izen eta izate originala Before Bale: A History of Basque Literatures (Barbaroak, AEB; 2016) da. Euskarazkoa Amaia Apalauzak itzulia da.

Hau liburu puska! Hau lana! Joseba Gabilondo idazle, irakasle eta saiogilearen emari aparta eta eskergarria. Galdera inposatzen zait: jasotzen ote du lanak merezi duen arreta? Beharrezko atarramenturik? Galderak dituzu, besterik ez. Erantzun xumea dute: bai, arreta jasotzen du, literaturaren eremuan dihardutenen partetik. Gutxi batzuen aldetik, alegia. Atarramentua beraz, horren araberakoa. Eta konstatazio bat, galderen bitartez pausatua betiere: zein neurrian eragiten du gaur egun literaturak nazio baten eraikuntzan? Areago, nazioa anartean eraiki gabe dagoenean? Aurreneko bi galderen arrapostuan dago hauen erantzuna, nire ustez.

Hasi eta segitzeko

Heziketa akademikorik jaso ez dugunok —nire kasuan literaturaren gainean iruzkin edota kritika lana, egitearen poderioz zaildu denak—, tamaina honetako liburuaren kontzeptuak “maneiatzeko” tentu handiz ibili beharra daukagu. Kasuon, liburua funtsatzen duten kontzeptuak. Honatx berauek, edo hauetako zenbait:

Liburuak euskal literaturaren ikuspegi postnazionala lantzen du, baita teorizatu ere. Funtsean, eredu propio bat sortzea proposatzen du edo berau lagundu aldera idatzita dago. Finean, nazionalistek estatu-nazioen literaturaren historia landu dituzten eskemak berritzeko —edota alde batean uzteko— proposamena da.

Euskal historiako literaturaren eskutik egindako lana da, eta zeregin horretan euskal diferentziaren edota diferentzien historia egin du egileak. Orain arte ez bezala, ikuspegi globalago bat hartu du, baita diferentzia horiek beren testuinguruan kokatu ere. Euskal literatura beste gisa batez irakurri du, baita guri berau irakurraraztera gonbidatu ere.

Zentzu eta molde horretan, berbarako, euskal ilustrazioa eta kolonietako krisia biak batera aztertzeak berealdiko munta dauka, biak alderatzea eta hartara irakurtzea. Aipatu kontzeptu hauek aintzat hartzekoa dira, baita ongi interpretatu beharrekoak ere: “Subalternitatea” edo “orientalismoa”, “asmazioaren tradizioa” edo “materia vasconica” delakoak, besteak beste.

Kontzeptu horiek berrikustea eta lantzea proposatzen dizkigu saiogileak. Zeregin horretan, besteak beste ere bai, goiz-modernitatearen berrantolatze kapitalistaren barnean euskararen diglosia birpentsatzeko. Hots, euskal literaturaren diferentziaren gainean pausatu du bereziki begirada, baita “orientalismoak” euskal diferentziari buruzko diskurtso multzoari erantzuten diola erakutsi ere.

Labur zurrean, euskal literatura mendebaldeko literaturen aldean zeregin “berantiarra”, “anomaloa” edota “diferentea” denez gero, berau bertze gisa batez ikusarazten digu Joseba Gabilondo idazleak.

Segi eta finitzeko

Horiek horrela, euskal literaturaren historiaren —ez osoaren, ez aroz arokoaren, ez mendez mendekoaren— gainean “taxuzko deus” ezin erranik, literatura garaikidearen gaineko burutazio bat ekarri nahi dut. Burutapen hau Joseba Gabilondoren liburuari buruzko hausnarketatik aldentzen da, are, Babel aurretik irakurri aitzin idatzita neukan:

Bukatu dut Lionel Trillingen La imaginación liberal (The Liberal Imagination) liburu gomendagarria. AEBetako XVIII. eta XIX. mendeko literaturaren harian idatzia, aro esanguratsu baten adierazle. Literaturak jendartean berebiziko eragina izaten zuen garai bateko kontakizuna da. Harrezkero, naski, mendebaldean eleberria literatura genero hildakoa dela aditzera ematen duena. Hori horrela, eta euskal literaturara etorrita, zer direla-eta euskaldunon literaturaren menturak eta desbentuak? Zertarako Bernardo Atxaga eta Ramon Saizarbitoriaren arteko alderaketa? Zer dela-eta Bost idazle (Hasier Etxeberriarekin berbetan) liburua? Zer dela-eta aurreko horren errepikan Ana Urkizaren Zortzi unibertso, zortzi idazle delakoa? Bost idazle gizonezkoen aldean, zortzi emakumezko idazleena. Zergatik Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga eta Kirmen Uribe dira Espainiako literaturako nazio sarituak, euskal literaturak —estatubatuarrena legez, Iparramerikako nazioa eraikitzen laguntzeko izan bada— euskal nazioaren ikurra behar lukeelarik? Literaturak ez omen du erantzunik ematen, galderak pausatzen laguntzekoa ei da. Neroni ere halatsu ari naiz, hor nonbait!

Post Scriptum: azken lerro hauetan aipatu dudanak saiakera bat behar du. Alta, galdera bat inposatu zait berriz ere. Horren inportantea al da literatura “epaitzean” edo “baloratzean”, eleberriaren jite esentzialisten eta existentzialisten “auzia”? Areago, demagun, literaturak ez badu gurean eragiten jada, AEBetako XIX. mendean jendartean eragin zuen bezala? Hots, nazioaren eraikuntzan Joseba Gabilondok berak aipatzen dituen kontzeptuak berrikusi eta berraztertu behar direnean. Hots, zerk egiten du literatura duina edo baliokoa?

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak