« (Ez) hemengoa eta (ez) hangoa | Erdibitutako piku bat »
Aingeruaren pribilegioak / Dolores Redondo (Danele Sarriugarte) / Erein, 2021
Begirada kritikoz jaioterrira itzultzea Aiora Sampedro / Berria, 2021-05-09
Dolores Redondoren Baztango trilogia irakurri gabea nintzen, baina bai filmak ikusitakoa, eta idazlearen opera prima omen den Aingeruaren pribilegioak honetan idazle donostiarrak hiru liburukietako zenbait motibo aurreratzen dituela konprobatu dut, hala nola herri txikietako gizarte matxista, gertakari fantasmagorikoak eta emakumeen kontrako biolentzia. Hemen, Pasaiako herritik dator istorioa, eta narratzaile protagonistaren bitartez irakurleak haren haurtzarora bidaiatuko du, kostaldeko herrian bizitako pasadizoak ezagutzera.
Batez ere hasierako kapituluetan, estrategia batzuek oso ondo funtzionatzen dutela iruditu zait: sentsazioak deskribatzen dituenean, benetan oso esperientzia benetakoa bilakatzen du, oso bizia, eta hizkuntzari literatura-testua gainditzeko gaitasuna ematen dio, ia sinestesikoa neuk irakurri dudan kasuan. Zentzu horretan, aipamen berezia merezi du itzultzaileak ere. Testuari plastikotasuna ematen asmatzen du erabilitako hizkuntzaren bidez Danele Sarriugarteren lumak.
Edukiari dagokionez, orainaldian kokatutako istorioaren hasieran, narratzaileak bere haurtzarora eramango du irakurlea gertakari fantastiko baten bidez, eta lehen ehun orrialdeetan zehar, haurra zela Pasaian, eta bereziki neskatoak ikasten zuen eskola nazionalean bizitzen zen giroaz jardungo du, gaztetxoei helarazten zitzaien diskurtso elizkoia azpimarratuz. Alabaina, eta paradoxikoki, giro elizkoian haurrei etengabe errepikatzen zaien salbazioa bilatu beharrak, gure protagonista zerura baino, infernuranzko bidean jarriko du, pasarteek aurrera egin ahala ikusiko denez.
Aurrekoaren harira, eta protagonistaren ikuspuntuarekin jarraitzeko, aipagarria da narratzailea saiatzen dela inguruarekiko kritikoa den haurraren izaera nabarmentzen; hala ere, iruditu zait zenbaitetan idazlearen prisma gailendu zaiola haurrarenari. Batez ere testuaren hasieran, haurrei egotzitako jarrerek heldutasun gehixeago eskatzen dutela pentsatzeko parada dago.
Bestalde, liburuan zehar gozagarriena ahozko literaturari loturiko pasarteen ugaritasuna dela esango nuke. Haurraren sozializazioan bai itsas-munduari loturiko kantutegiak, bai gizarte elizkoiari loturiko errezoek duten garrantzia aditzera ematen da. Nahiz eta lehena nostalgiari loturik agertu, eta bigarrenak narratzailearen ikuspuntutik sentimendu kontraesankorrak piztu, haurtzaroarekiko nostalgia begirada kritikoz kontatzen baitu hemen.
Orokorrean, liburuak bilatzen duena lortu duela iruditu zait: jatorrirako itzulera kontatuz irakurlearen enpatia lortzea. Horren ordainean, kontakizunaren hasiera orainaldian kokatu eta ezinezko gertakizun baten bitartez iraganera bidaiatzearen estrategiak ez dit erabat funtzionatu, esan bezala, kontakizuna bere horretan iristen delako hartzailearengana, istorioaren linealtasuna hautsi beharrik gabe.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi