kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Nola gorde errautsak kolkoan / Miren Agur Meabe / Susa, 2020

Errautsa bezain ilun Nagore Fernandez / Berria, 2021-03-21

Nola gorde errautsa kolkoan da Miren Agur Meaberen azken poesia lana. Sei ataletan antolatutako poemek askotariko gaiak dituzte hizpide, askotariko moldez, erregistroz eta neurriz. Noiz lirikoak dira, noiz narratiboak, bizitzaz, haurtzaroaz, bakardadeaz, sexualitateaz eta desioaz, naturaz, gomutez, eta beste horrenbeste auziz diharduten konposizioak. Hala ere, gai gogokoenetarikoa (gogokoena ez bada) heriotza da. Heriotza, historikoki horren kontzeptu tabuizatua bere gordinean deskribatzen zaigu, tapakirik barik, beti ere lekukoaren ikuspuntutik, eta ez hildakoarenetik. Bikoitza da, gainera, Meabek proposatzen duen ikuspegia, heriotzaren bitartez amorrua, sentimendu ezkorrak, bakardadea transmititzen baitzaizkigu; era berean, jolas egiteko aitzakia bihurtzen da: iraganeko pertsonaia entzutetsuak hilobitik atera, eta bakoitzari bizi txatal bat oparitzen dio poetak, berbetan jartzen ditu, bertso lerro artean (ber)izateko aukera eskaintzen die. Poema bizienak eta dibertigarrienak iruditu zaizkit horiek, umorez eta jolasez, obran zehar konstante mantendu den tenore iluna argitu baitute.

Beste aldean, beltzez jantzitako heriotzaz mintzo zaigu lekeitiarra. Pertsonaia, garai, ni (eta noizbait zu) poetiko, min eta istorio ezberdinak kontatuagatik, heriotza da, guztiak ez badira ere, olerki gehienak lotzen eta sostengatzen dituen haria. Hari esplizitua batzuetan; hari gardena eta meharra besteetan; eta, gutxiagotan, sinbolikoa. Heriotzak azaleratzen duen iragan hori berpizten da hitzez hitz, gomutei forma eta espazioa ematen die poetak, mamuak ekartzen ditu lehen planora. Ordea, oroitzapen horiek, nahiz eta lekuetan, objektuetan, izenetan, edo, are, abestietan materializatu, iheskorrak dira, hautsa legez, haizeak eramaten ditu, eta hutsunea geratzen da, bakardadea, mina. Esango nuke darabilen aditz denborak gutxi duela kasualitatetik, oroitzapenez mintzatzeak iraganaz mintzatzea baitakar ezinbestean, eta, alderantziz, iraganaz aritzeak oroitzapenak gogoraraztea. Aditz gehienak iraganean jokatzea, hortaz, ez dut uste ausazko erabakia izan denik.

Estiloari dagokionez, bere lan gogoangarrienetarikoa den Azalaren kodea (2000) obratik urrun sumatu dut Meabe. Baina uneoro presente izan duela nabaria da: “Azalaren kodeak bete du sobera iraungitze-data”. Mezuan ere bat datozen irudipena izan dut, emakumeen gorputzak ikusgarri egiten baititu mintzagai dugun liburuan ere, eta azaletik, gorputzetik kontatu egiten du. Deigarria da, testuartekotasunaren gorazarre, ekartzen diren izen gehienak emakumeenak izatea. Emakumez eta emakumeen bitartez sare bat eraikitzen da, konstelazio bat.

Eta Azalaren kodea aipatu dut, baina irakurleak, han eta hemen, Meaberen unibertso literarioko pista gehiago aurkituko ditu: “Itxaron, Meibi, tertziopelo bizia”. Autoerreferentziala izateak nolabaiteko zubia eraiki du bere obren artean, estiloz oso bestelakoak izan arren.

“Metamorfosiaren mirariak hizkuntzan du iturria”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak