kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Urrats urratuak - Xabier Lete gogoan / Askoren artean / Balea Zuria, 2020

Leterenganako urratsak Irati Majuelo / Berria, 2021-02-28

Iazko abenduan egin zituen hamar urte Xabier Leteren heriotzak eta ezin esan oharkabean pasa denik euskal letretan, lan bat baino gehiago argitaratu baitira efemeridearen karira, nahiz eta ezagun dugun arrazoi batek guztia difuminatzeko joera izan duen. Balea Zuriak omenaldi bat eskaini dio liburu formatuan, bizitakoaren, sortutakoaren eta hausnartutakoaren berreskuratze bat.

Urrats urratuak hori baita azkenean; mahaiaren bueltan bilduta irudika daitezke Leteren lagun, irakurle eta ikertzaileak, elkarrizketa pausatuan, bakoitzarengan utzi duen lorratza, inspiratu dion begirada, jakin-mina piztu dion txinparta partekatzen. Hamar saiakera biltzen ditu liburuak, guztiak independente eta beregainak, baina, intentzio kontzienterik gabe ere, elkarren artean abiapuntu eta bidegurutze direnak. Izan ere, testu bakoitzaren egileek ibilbide, helburu eta aztergai desberdinak dituzten arren, antzeko ondorio eta heldulekuetara iristen dira sarri, Leteren obrak zein bizitzak erakutsitako oinarri sendo eta sakonen adierazgarri. Hala bada, anekdotak, gogoeta poetikoak zein artikulu akademikoagoak aurkituko ditu irakurleak, azken urteotan poeta kantariaren lanei arreta jarri dieten idazle eta adituen eskutik. Zentzu horretan, orain arte Leteren inguruan idatzitakoaren laburpen-bilduma xumetzat har daiteke Balea Zuriak aurkezturiko argitalpena.

Oiartzungo kulturgilearengana hurbiltzeko modu ugari egon litezke, halakoa izan baitzen bere bizitza ere, poesiari zein kantagintzari, kezka intelektualei zein espiritualei, kritika sozialari zein gaixoaldiari emana. Saiakerok ere, Leterengana bide anitzetatik gerturatzen dira, eta haren bilakaera filosofiko eta humanoa, oinordetza literarioak, ikuspegi etikoa, zaurgarritasunarekiko zuen begirada, edota bere kantagintzan errepikatzen diren zenbait kontzepturen azterketa lantzen dute, besteak beste. Irakurleari, beraz, mapa poliedriko bat eskaintzen zaio, Leterengana urratsak emateko xenda urratuak, batzuk besteak baino interesgarriagoak gerta daitezkeenak, bilatzen denaren arabera. Hala ere, liburua ixten duten elkarrizketak zein Mujikak bildutako testu txatalek indar berezia hartzen dute, lehen pertsonatik egiten baitio, finean, omenaldia bere buruari Letek.

Interesgarria da nola josi ziren zentzu poetikoa, politikoa eta intimoa oiartzuarraren bizitzan. Are, bilduma hau zeharkatzen duen haria litzateke hiruen artean sortzen den txirikorda. “Existentziaren aurrean bi jarrera erakutsi zituen nabarmenki Letek: jazarpen bulartsua eta abaildura. Abaildurak gain hartu ziola pentsa liteke […], baina eraldatu ere egin zitzaion: damua, fedea eta maitasun sakona ageri ziren haren jarreran eta hitzetan” dio liburuaren aurkezpenak kontraportadan, eta sakontasun hori bilatzea da, ziur aski, lan honen indargunea. Gainbehera dei baikenezake, baina baita urruntzea, bakartzea, sentiberatasuna edo argitasuna ere. Norberak bila ditzala Leterenganako bere urratsak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak