kritiken hemeroteka

8.592 kritika

« | »

Odolik gabe / Alessandro Baricco (Fernando Rey) / Igela, 2020

Haserrea mendeku bila Nagore Fernandez / Berria, 2021-02-07

Alessandro Baricco italiarraren Odolik gabe nobela laburrak, nagusiki, mendekuaz hitz egiten du. Fernando Reyk euskaratutako testuak, hirugarren pertsonako narratzailearen diskurtsotik, Nina izeneko emakume bat fokalizatzen du. Haur bat zela, mendeku bila zetozen hiru gizon bere etxean sartu, eta aita ez eze, neba ere hil zioten, gorriz jantzitako gau hartan. Sototik begira ziharduen haurrak, tiroak, odola eta euren artean hitz egindakoak barrenean eraman, eta, ezin ahazturik, urteak geroago mendekua hartuko du, baina, bere erara, odol tanta gehiago isuri barik, odolik gabe.

Denborari eta espazioari erreparatuz, haserrea eta mendekatzeko nahia leitmotiv dituen obrak konposizio dinamiko bat sortzen du. Bi kapitulu ditu nobelak, eta horietan iraganetik orainera, eta Ninaren jaioterritik orainaldiko bizilekura egiten du salto. Nahiz eta narratzaile (nahiko) objektiboaren diskurtsoak iraganeko aditz denbora erabili, dimorfikoa da denbora lerroa, bai eta ekintza nagusiak gertatzen diren agertokiak ere. Bitasun horrek, elipsi izugarri handi batek lagunduta, erritmoa eta bizitasuna ematen dio istorioari. Hala ere, memoria erabakigarria da Ninaren bizitzaren argazkia osatzeko, nahiz eta gertatutakoaren benetakotasuna auzitan jartzen den; egia ote da Ninak gogoratzen duen guztia? Ala kontatu diotena da benetan gertatu zena? Zer gertatu zen egiazki? Nork du arrazoia? Galdera asko sortzen ditu irakurketak; erantzunak, ostera, oso gutxi dira. Irakurlearen helburua egia bilatzea bada, duda-mudaren harra nagusituko zaio bidaia literarioan zehar.

Laburtasunean jarri nahiko nuke azpimarra gaurkoan. 80 orrialde eskas dituen nobela ondu du Alessandro Bariccok, eta hori da obrak duen alderdirik erakargarriena. Dena xehe-xehe kontatzeko ezintasunak berak, intentsitatea ez ezik, xarma puntu bat ere ematen dio testuari: gertaerak ez dira guztiz kontatzen, irakurlearen interpretazioa eskatzen dute, irakurleari protagonismoa ematen zaio, bere parte-hartzea aldarrikatzen da. Zenbat irakurle, horrenbeste irakurketa eta interpretazio eragiten ditu nobelak. Nobela laburrak. Edo, agian, ipuin luzeak esan beharko nuke. Azken finean, zer da ba 80 orrialde dituen obra bat? Ipuina da ala nobela? Ala biak aldi berean? Literatur teorian eta kritikan luze eta zabal argudiatu den eztabaida da neurriarena, eta esango nuke egun, oraindik ere airean dagoen elkarrizketa dela, idazle italiarraren obra honek erakusten duen bezala.

Ordea, irakurleen imajinazioa pizten duen arren, nago nahiko modu gidatuan eta mugatuan egiten duela. Izan ere, hasieratik bertatik iragar daiteke bukaeran zer eta nola gertatuko den dena, nahiko intuitiboa da, eta alderdi horrek istorioa bera hustu eta ahuldu duela iruditzen zait. Kontatzeko moduari kontatzen denari baino garrantzia handiagoa ematen zaio. Baliteke estrategia eta artefaktu narratibo horrek jatorrizko testuan funtzionatzea, idazlearen hitz eta erretorika originalak bestelako garrantzia izatea. Niri, ordea, ez zait horrelakorik gertatu, ez dut testuarekin horrenbeste konektatu.

Azken kritikak

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak