kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Sotoan gordeak / Miren Gorrotxategi / Txalaparta, 2020

Herra eta beldurra mahastien artean Aiora Sampedro / Berria, 2021-01-24

Hilbeltza bekaren eskutik, Txalapartak Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak eleberri beltza argitaratu zuen joan den urtearen amaieran, eta Nafarroari loturik jarraitu du kontuak. Izan ere, kontakizuna Vianako Arduy familia ezagunaren upategiaren inguruan zedarritua da; bertan, sendiak gordetzen duen sekretu lazgarri baten aurkikuntzan murgilduko da irakurlea. Horrela, hiru denbora-lerrotan banatutako istorioa osatu du egileak: 1989ko gertakizunetatik hasi, eta 2009an barrena, orainaldiko, 2019ko ikerketara arte luzatuko da narrazioa. Eleberri-korala dela esan liteke, beraz, denbora-epe zabal horretan hainbat pertsonaiaren ahotsa aurkituko baitu irakurleak: upategiko familiako amarena, aitarena eta alabarena, haren bikotekidearena, nahiz upategiko langile birena edo herriko sorginarena.

Nobela beltzaren ezaugarri tipikoak biltzen ditu azpeitiarraren lanak: hala nola delitua ikerketa baten bidez pixkanaka deskubritzen joango da, eta detektibe-lanak trama kriminalarekiko harremana duen pertsonaia batek egingo ditu. Era berean, eta genero horretan ohikoa denez, krimenaren girotzea kritika soziala egiteko baliatzen du idazleak. Urte desberdinen arteko pasarteen segida eta detektibearen gidaritza elkartuta, testua gustura irakurtzen da. Era berean, aparteko aipamena merezi du edizio-lanak; kolore gorri eta beltz biziak tartekatuz, krimenari eta mahastiei egindako keinadek ukitu dibertigarria ematen diote liburuari.

Hala ere, niri hainbat kontuk kale egin didate nobelan. Baiki, kritika sozialaren alderdiari eutsiz, laudagarria da egileak diskurtso progresista harilkatzeko egiten duen ahalegina: upategietan egoera lazgarrian lanean diharduten mahats-biltzaileen egoera salatzen da, edota, genero berdintasunari dagokionez, Arduytarren alaba homosexualaren bazterketa azaleratzen da, nahiz herriko emakume heterodoxoarena. Baina salaketa horretan, landa/hiria dikotomia nahiko sinplistan erortzen da kontakizuna. Vianako giroa itxi eta atzerakoi gisa agertzen da, eta hirikoa, aldiz, detektibe-lanak egingo dituen neskaren Bilbo jaioterria, halako tentsioetatik at agertzen da. Gainera, emakumeenganako bortxaren salaketa egiten bada ere, atzera erruduntzat ere emakumeak jotzen dira liburuan; hori bereziki deigarria da, izan ere, krimenaren egileak hainbat gizon eta emakumea izanik, emakumea jotzen baita trama guztiaren buru “manipulatzailetzat “. Dakigunez, emakumeen kontrako aurreiritzi matxista baliatuz.

Irakurtzean sortzen duen gustuari dagokionez, kontakizuna gidatzen duen hizkuntza laua iruditu zait, jolasik gabekoa, kolorerik gabekoa, eta irakurlearen gozamena areagotzeko, literatura esanaren gustua den heinean, nago hizkuntzarekiko ausardia handiagoa beharko lukeela, ausardia handiagoko testuak asko irabaziko lukeela.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak