kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Blues bat bizitzari / Patxi Ezkiaga / Balea Zuria, 2019

Bluesman baten lerroak Alex Uriarte / Gara, 2020-02-22

Otis Redding badiako kaian eseri zen, aireplano eroriei kantatzeko blues bat. Txistea dirudien arren, Ruper Ordorika “Zaindu maite duzun hori” oroz entzuna ez den beste abesti batekin ezagutu izan duen gutxiengoaren parte naiz. Izan ere, Bernardo Atxagak idatzi zion abesti-letra batekin agertu zitzaidan oñatiarra, Otis Redding bluesman handiaren izena aipatzen duen “Berandu dabiltza” ereserkiarekin, hain zuzen. Orduan hasi nintzen georgiarraren jarraitzaile izaten. Eta, jakina, zale denaren betiereko lege ez-idatzietako bati men eginez, bere pareko konparazioen bila hasi eta kargutu nintzen geurean ere bagenituela bluesaren magoak; agertoki handietan jotzen ez duten izarrak ere bagenituela ezagutu nuen. Bueltan ezer eskatu barik bizitzari hainbeste blues eman zizkion horietako bat Patxi Ezkiaga Lasa (Legorreta, 1943-Irun, 2018) da.

Narratiban, saiakeran edo musikagintzan ere ibili arren, nago legorretarra orain arte irakurri dudan poetarik pisutsuenetakoa dela. Felipe Juaristik hura irakurtzea gomendatu zidan Idazle Eskolan; zera zioen: olerkigintzan, erritmoa, kadentzia eta musikaltasuna nahitaezkoak dira. Handik urteetara, zorionez edo tamalez, zuzen zegoela frogatu dut, Juaristik berak eta bere lankideek Ezkiagaren olerki-antologia bat —“Blues bat bizitzari”— argitaratzean (Balea Zuria, 2018). Ezkiagak, beste edozein poetak legez, bere inguruko errealitatea deskribatzen zuen, baina, poeta gutxik bezala, gauza zen irakurle desberdinen errealitateak berearekin bat egitera gidatzeko. Idazlearen eta irakurlearen artean —ez oso maiz— sortzen den txinparta hori sutzarra bihurtzen maisua zen.

Badira zenbait sasi-berrikuntza “bere” azken obran: Ezkiaga naturako elementuak sakonki jorraturiko egilea izanik, lan honetan giro hiritar edo urbanoak ere bere lekua hartzen du. Autoreak bere bizian zehar ezaguturiko habitaten lorratza izan liteke hori. Dena dela, naturari zukutzen dion mistizismotik uriarekin loturiko industrializazioaren kritika sozialera egiten du salto, lanaren aniztasuna hauspotuz. Langaiei helduta, Ezkiagak bizia erdigunera dakar, izenburutik hasita: heriotza bizitzaren parte gisa ulertzen du. Hain zuzen ere, baina “nik badakit bizitzak / bakarrik eman diezagukeela / bizitzaren onena” diosku “Udazkeneko hamar kanta” deritzon ataleko zazpigarren zatian, aipatutakoari keinu eginez.

Moldeari dagokionez, tankera anitzeko testuak lantzen dituen egilea da. Sonetoetatik haiku itxurako poemetaraino doa, bere idazkerari jazz zein blues musikari darion mugimendua txertatuaz. Mugimenduaz gain, haren hezkuntza musikalaren hamaika agerkari ere erakusten ditu obran zehar: Chick Corea-ren jazza, Lili Marlene, Loiolako bariantearen balada, Xabier Lete, Mikis Theodorakis, Blues Cacereñoak, Blues inozentzia galduari… Patxi Ezkiaga, euskal letren irlan, tradizio zaharraren enborretik datorren azken idazletzat jo izan dute, euskal klasikoak, ingelesak nahiz gainontzeko literaturetakoak bikain ezagutzen zituena; hori bai, aurrekariak ederto ikasiagatik, euskal sorkuntzari akorde eta partitura berriak ekarri dizkion susmoa dut eta iturri zaharretik ur berria atera duen ustea.

Nerabezaroan, pribilegiatu sentitu nintzen bizitzak Ruperrek abestutako bertso-lerro hura ezagutzeko parada emateagatik. Iluntzeak ematen nituen Otis Redding badiako kaian eserita imajinatzen, aireplano eroriei blues bat kantatzen. Orain, egunak ematen ditut Ezkiaga Madrilgo aldirietan jarrita irudikatuz, tren-bagoi herdoilduei olerki bat idazten. Eta, bitartean, zer esango dizuet, ba… zaindu maite duzuen hori eta abestu blues bat bizitzari.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak