kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Itsas bizimina / Pello Otxoteko / Balea Zuria, 2019

Aparrean alderrai Hasier Rekondo / Deia, 2019-10-12

Dirudienez, Pello Otxotekok (Irun, 1970) liburu honetako lehen poemaren izenburuarekin izendatu nahi izan zuen poemarioa, Ismael-en balada. Poema horrek ondo sintetizatzen baitu Balea Zuria argitaletxearen poesia sailaren 4. zenbaki hau. “Denok itsasoratzen gara / ezezagun baten ontzian…”. “Herioren begiek zuritasun hutsala dagite…”. Ismael dugu, Herman Melville-ren Moby Dick nobelan, Pequod-eko eskifaiatik bizirik ateratzen den bakarra, narratzailea. “Dei nazazue Ismael, badaezpada, / egunen batean urek irensten banaute / nire izenaren berri norbaitek izan dezan”. Jainkoak entzun egiten nau esan nahi du Ismael izenak. Otxoteko herioren deiaren aurrean gainditu beharreko ezintasunez eta itsasbideez ari zaigu. “Irtenbide bakarra, baina, / erosotasunean erortzean datza”.

Nago, bizitzaren metafora orokorra den itsaso horretan gorentasun poetikoa lortu arren, aukeratu izenburuarekin ez duela asmatu egileak. Itsas bizimina horrekin gauza larregi adierazi nahi izan ditu ene ustez, hizkuntzaren bihurrikeriak tarteko. Aukeran, nahiago dut Ismael-en balada iradokitzaile hura. Areago, Otxotekoren liburu honen muinean gertatu ohi den dikotomiaren isla dela esango nuke, alegia, gauza larregi esan nahi dituenean ez duela puntua aurkitzen sarri, pentsamenduaren poesiaren balizko aje bat bestalde. Berriz, sinpletasunez diharduenean, itsaso horren aparretan alderrai dabilenean, sinplezia konplexuan nahi baldin bada, poeta handia dela erakusten digu Otxotekok.

Dikotomia hori ez dagokio soilik alde formalari, liburu honen kasuan bederen, ispilu baten atzeman baitaiteke bizitza, existentzia, kontzientzia eta heriotzaren gaineko ikusmolde poetikoan ere. Itsaso amaigabe horren bi korronte paralelo ematen dira, batetik, eta barka zabarkeria, filosofia “zen” bat, non poeta nolabaiteko joan-etorrian (poesiaren alderdi transzendentalenari gorazarre eginez) murgiltzen baiten, herioren aurrean “lasaitasuna” lortu izan balu gisa. Eta beste korrontean, Otxoteko lazgarriena agertzen zaigu, naturaren elementuak baliatuz, bizitzaren zentzugabekeria eta ezereza hizpide. Aingura bakarrak, itsas-bidaia bera, poesia eta poetak (Eliot, Vallejo, Cernuda, Gil de Biedma, Victor Hugo, etab. luze bat ditu poetak eskifaia-kide) eta edertasun erosoa izango ditu. “Edertasunaren aurrean /hotzak jota geratzen gara”.

Liburu gorabeheratsua da, olatu esperimentaletarako leku askorik gabe. Otxotekoren sakontasunak gorena jotzen du, ene ustean, Jainkoaren gorrotozko kolpeak (aipatu Vallejo gogoan) poema gogoangarrian edota Izatearen erbesteratuak azken koda paregabean, Melvilleren Balea ikusi zuten gizonak protagonista. Bitxia bada ere, poema narratiboenak, eta ez hain kontzeptualak, begitandu zaizkit lortuenak, osagai sinbolikoa nagusi den arren Otxotekoren poetikan. “Itsasoaren uhinak eta dardaraldiak / gure izatearen isla dira, haizeari bizkarra ematen diot / nire borondate odolduari arnasa eman diezaion”. Bai irakurleok eta bai egilea jitoan goaz, baina aurrera edo atzera egitea besterik ez zaigu geratzen geure bizitzaren balada narratzen jarraitu nahi badugu.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak