kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Bertsoak / Juan Mari Lekuona / Pamiela, 2019

Poetaren bertsoak Javier Rojo / El Correo, 2019-10-12

“Bertsoak” izenburuarekin argitaratu da Juan Mari Lekuona poetak (1927-2005) bertsogintzaren alorrean egindako lanaren lagin ikusgarria, Jon eta Paulo Kortazarren ardurapean. Juan Mari Lekuonaren poesia lana euskal literaturaren esparruan gailurrean dagoelarik, bertsogintzan egindakoa bigarren mailan gelditu izan da, literaturaren eranskin baten moduan alegia. Lehenengo eta behin, esan behar da ahozko literatura beti izan zela Lekuonaren interesgunetako bat. Interes horretatik sortu zen literatura mota hori aztertu nahi duen edonorentzat oinarrizkoa izan beharko lukeen eskuliburua: “Ahozko euskal literatura”. Helburu akademikoengatik burututako lan honetaz gain, Lekuona bertsoak sortzen ere aritu zen, eta bere poema liburu inportanteenetan horietako batzuk plazaratu izan dira, hori bai, poemen itzalpean, bertsoen kontua zerbait pertsonala edo pribatua izango balitz bezala.

Oraingo honetan Kortazartarrek Lekuonaren koaderno batzuetan bildutako bertsoak jaso eta argitara eman dituzte, hitzaurre interesgarria lagun. Bertso hauek irakurtzerakoan, zenbait ezaugarri hartu behar ditugu kontuan. Lehenengo eta behin, Lekuona bertsoak egiten zituenean ez zela aritzen bertsolari moduan, bertsogile moduan baizik. Eta kasu honetan diferentziak garrantzia du, bertsogilea izanik, ez baitzituen bertsoak inprobisatzen, bat-batean ikusleen aurrean botatzen. Horren ordez, bertsoak poetaren patxadaz atontzen zituen, zuzenketak-eta eginez, ahozko literaturaren ezaugarriak errespetatuta beti ere. Bigarren ezaugarria, metrikari ematen zion garrantzia izango litzateke. Bat-batekotasunetik urruntzen den neurrian eta bertsoak lasaitasunez sor zitzakeelarik, metrika moldeekin aukera desberdinak aztertu ahal izan zituen. Honen ondorio nabarmena, puntuaren alorrean erakusten duen aberastasuna. Hirugarren ezaugarria gaiaren aldetikoa da. Bertsoak lagunarte txikietan eta askotan ospakizun pribatuetan kantatuak izateko sortu zituen, non erlijio giroak leku handia zuen.

Liburu honen bidez, idazle handia izan zenaren beste alderdi bat, publikoari begira itzaletan geratu zena, ezagutzeko parada izango du irakurleak, poetaren irudia osatuz.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak