kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Jamaikako neska / Joxemari Iturralde / Pamiela, 2019

Hizketan irautea Javier Rojo / El Diario Vasco, 2019-08-17

Jamaikan jaiotako jatorri euskalduneko neska bat, Dafne deitzen dena, hizketan hasten da bere bizitza kontatzeko. Ez dago argi zein testuingurutan dagoen, non kokatu behar den hizketaldi hau, ezta nori hitz egiten dion ere, batzuetan pertsona jakin bati mintzo zaiola ematen duen arren. Hizketaldiaren nondik norakoak estaltzen dituen zehaztugabetasun hau Joxemari Iturralderen “Jamaikako neska” izenburuko nobela honen beste alderdietara ere hedatzen da. Neskaren bizitza kontatuko duela ematen du, baina zaila da protagonista narratzaile honen irudia eraikitzea, bere adina-eta zeharka baizik ezin baitugu jakin, eta hori gutxi gorabehera ere. Pertsonaia hizketan hasten da eta familia kontuak, berak bizi izandakoak, adiskideek berari kontatutakoak plazaratzen ditu, anekdota bilduma osatuz. Teorian gauza asko dakizkigu pertsonaia honetaz, baina ematen zaigun informazio horrekin bera den puzzlea osatzen saiatzen bagara, konturatuko gara hala moduzko irudi lausoa agertzen zaigula: ezin da hari narratibo argirik eraiki, kontatzen den horrekin guztiarekin nekez osatu baitaiteke kronologiarik. Pertsonaia Amerikan eta Europan ikusten dugu, Argentinan edo Mexikon, Holandan zein Euskal Herrian, eta ematen dituen bidaia horietan zehar hainbat eta hainbat pertsonaiarekin topatzen da, zein baino zein bitxiagoak. Bakoitzak bere anekdota bereziak ditu, eta pertsonaiei gertatutakoak kontatzen ez direnean, pertsonaiek entzundako istorioak agertuko zaizkigu, liburuaren argumentua nora ezean eta saltoka dabilelarik. Batzuetan nobela pikareskoaren zenbait ezaugarri dituen idazlanaren aurrean dagoela begitanduko zaio irakurleari, edota bidaian oinarritutako abentura nobela… Edonola ere, hainbeste gertakari eta bizipen estrafalario, hainbeste xelebrekeria agertzen zaizkio, istorio baten barruan beste istorio bat azaltzen delarik, non hauen arteko loturen arrazoiak lausoturik geratzen baitira. Hari nagusi argi horren faltan, anekdota bilduma hau batzuetan nekagarria gertatzen da, irakurleari arnasa hartzeko betarik ematen ez zaiolarik. Azken finean hizketan irautea da inportanteena, istorioak etengabe kontatzea bizitzearen parekoa da-eta.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak