kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Munduko tokirik ederrena / Iñigo Aranbarri / Susa, 2018

Hildakoen ahots hilezkorra Mikel Asurmendi / argia.eus, 2019-04-05

Aitorpen bat deus aitzin. Egiaren menean. Munduko tokirik ederrena liburuetako narrazioek aspaldian laga zidaten posoa neureganatu berri dut. Irakurri ahala utzi nituen arrastoen uberan ari naiz. Hala berean, egiari zor, esan dezadan haurtzaroan Iñigo Aranbarriren ipuinen zenbait ubera ibili nituela: Aizpurutxo, Agiñeta eta Izukitzan… Ibai beraren gaindi hor nonbait.

Ibai (beraren) ondoko jendea ginen, gorako ibian ibilitakook baina, erdalduna(go)ak ginen. Ibai ondoko jendea izanagatik, Hilario Herrena, Piris, Eli edota Andoni pertsonaiak nekez irudikatu ditzaket Urola Garaian.

Edonola den ere, ez dira pertsonaiek ez haien istorioek Aranbarriren jarduera “ezberdina” egiten dutena, bestelako literatura jariotzen dutena. Baliteke neroni, artean aski “hazia” ez izatea Azkoitiako literaturgile apartaren aleak ganoraz irakurtzeko .

Agian, erdaraz ere, goiko erdal letretan goiztiarrago hazia izan banintz, errazago hautemanen nituzke Aranberriren hitzen hotsa eta hatsa. Konparazionera, Juan Rulforen Pedro Páramo garaiz irakurri eta endelegatu izan banu, agian… Haatik, egiari zor, Juan Garziaren euskarazko bertsioa irakurri nuen, tira saiatu nintzen hausnartzen. Baina huts egin zidan arnasketak. Hilen hats eta hots hilezkorrak atzeman ezinik nonbait.

Munduko tokirik ederrena irakurri eta erabateko hutsik ez nuen sentitu, ordea, bertigo bai sentitu nuela. Laborria sentitu nuen liburuaren gainean —hilen gainean— ganorazko deusik esateko. Alboan laga ostean, beste liburu zenbait irakurri ostean —literaturakoak ere horiek—, berriz ere leitu ditut Aranbarriren narrazioak. Atx! (sic). Zer erratea nahi duzue, azkoitiarraren hotsa eta hatsa bestelakoak dira.

Honatx hainbat gomuta eta burutapen. Liburuak eta egileak merezi dute eta.

Ibai ondoko jendea-k tokiko jendearen memoria freskatzeaz batera, hori inarrosaldia sentitu dudana! Piris-ek lortu ez zuena egin du Aranbarrik: Urola bailarako —alderdi baten— erradiografia gardena. Horixe taxuz idaztea, hots, garaia hartan jaisten ziren urak horren garden papereratzea. Hildakoak mintzo dira idazlearen hitzen bitartez.

Gizon hori. Urola ibaiaren uberan eta trenaren hotsen arrastoan gabiltza, munduko tokirik ederrenean gaude, bai horixe. Damian Garate jauna, enpresa nagusia. Joxean eta Ixiar… eta Vivianne. Ordukoa boterearen edo nagusikeriaren zertzelada aparta. Baita ironia sumatu ere, burrustan. Izan ere, oraingoaren aldean ordukoa mundu onena zen. Tira, nostalgiaren zirika.

Uhala. Denboran joan-jinean, aitzina gibelka. Erroma eta Loiola. Bat, hiria, erraldoia. Auzoa bestea. Auzoko elizaren kupula, hirikoaren antzekoa: ordena, neurria eta denbora aldagai funtsatuak dira Vatikanoarekiko auziak ulertzeko, Maite eta Jean Mixel, tarteko. Liquer Izarra-tik edatea hobe… Leitzeko, diot. Recuerdos de San Ignacio eta Odile dira partidako. Ez da edonoren esku istorioa baitaratzea. Ubera zabaldu beharko duzu —irakurle bidaide hori— oroimenaren elipsietan barrena.

Aldaira. Larra, protagonista. Iragana pisua duzu, astuna. Alabaina, edo horregatik mudatzen dugu gure iragana, gure historiaren gainean istorioak asmatzen ditugu, baita haiek sinetsi ere. Nolatan iraun bestela, munduan? Nolaz izan? Daniela, Pitu, Iñaki… Sarritan, gure harroa bizirik mantentzeko, egoari hegoak eman beharrean, gure burua zigortzeak mantentzen gaitu bizirik.

Lehen bestela ziren gauzak. Baiki, ezbairik ez! Eta sinetsi izan bagenitu Thevenet tabernako irudikapenak, Louvre museokoen parekoak izan zitezkeen. Ibai ondoko morroi haiek bizipenen beren atezuan bizi ziren. Dena da iragana presentean, asko dira orbainak. Orduko hartan, ibaibidea haiek etorkizunari buruzko gogoeta eramangaitzak daramatzat engoitik orain.

Modeloa. Ba ote literaturarik modelo? Narrazio hauen arteko lerroetan, bat-bedera, literaturaren moldeko modelo bat kausitu dezakezu. Munduko tokirik ederrenean, erreketeren txapela gorriak, oilar gandorrak lakoak ziren. Herri xeheak badu artearen berri, badu arterako jaidura. Tren geltokiko nasan zain, Andres Arruti laguna —eskultorea ez da edonor—, alkatearen eta errekete ohien buruaren aiduru dago Irineo Epelde. Metro biko gizona. Garcia Pueyok du Erromako Michelangeloren grazia ibaiako jendearen handitasuna zizelkatzeko. Komeria eta drama franko, Franco bakarra.

Txoria herioren gainetik. Rio Bravotik, Ushuaiara, Habanatik Atacamara… Ramonen inguruko istorioak, gaztelera nahasten zuen euskalduna. Ekaitz. Aitziber, Aiora…. Izenak berez mintzo dira. Bestelako belaunaldiak… Bestelako jaidurak. Managuako, La Pazeko, Habanako lurra hartu artean, sosegurik ez. The Moon tabernatik ilargira, Apolo11 espazial-ontzia, huraxe discovery-a. Orduan hasi zen egungo munduaren discovery-a.

Burnia. Pistola bat zegoen etxean (…). “Gauzak ez dira norberak buruan gorde ohi dituen bezala gertatu, horixe adierazi zuen, beste hitz batzuekin esanda”. Adierazi? Nork? Amak.

Isiltasunak gordetzen duena. “Goizeko seiak ziren heldu zirenerako. Kuluxkatik itzarri zenean irakurri zioten sententzia”. — Esna hago, Manuel? “Zuek ez dakizue zer den inor odol hotzean hiltzen ikustea”. Etxean galarazita zegoen Manuel Garmendiaren exekuzioaz hitz txikienik egitea. — Horiek umeak beldurtzeko ipuinak dira.

Astronauta. The Moon, inoiz itzaltzen ez den argia. Pub berria. Nacha Por, Gabinete Galigari, Radio Furuta… Pop espainola, erruz. Bestela ere: Duran Duran, The Pretenders, Sinple Minds… “Ilargia zikintzen hasi zirenean, Pellok orpoa goratu, oin puntetan Neil Armstrongen urratsetan indar egin eta Alexi Leonov zela sinistu zuen”.

— Ito egiten nauk herrian.

Mariani adierazia.

Luze, pika eta ebats —jauzirik ez—, beste urrats bat eta fini: berant heldu naiz. Memoria gero eta ahituagoa, gibelatuago, haatik, eskerrik asko Iñigo Aranbarriri. Ibai ondoko jende hilaren ironia hilezkorra helarazi digulako, ironia betierekoa… Istorioak nolako berbak halako. Ez naiz guztiz ziur izkiriatu dudanaz, alta bada, “lehen bestela ziren gauzak”… Horren jakitun nago, isiltasunak gordetzen duen Munduko tokirik ederrena-ri esker. Ez da gutxi. Asko da.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak