kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lurra bere erro gorrira / Karlos Linazasoro / Balea Zuria, 2018

Gure negua Alex Uriarte Atxikallende / Gara, 2019-01-12

Idazlea atleta dela irakurri nuen aspaldi: edozein kiroletan maila ematen duen norbait, edozer txukun eta duin idatz lezakeen gizabanakoa. Ba, nire aburuz, idazlea mediku orojakilea da: unean-unean beharrezkoak zaizkigun botikak ematen dizkiguna. Irudimena dantzan jartzeko, nobela eskaintzen digu; ideiak ezbaian ipintzeko, saiakera dakarkigu; bizitzari tempoak, atrezzoa eta saltsa emateko, artikuluak izkiriatzen ditu.

Karlos Linazasororen (Tolosa, 1962) “Lurra bere erro gorrira” (Balea Zuria, 2018) laneko olerkiak antsiolitiko lotsatien gisara datoz, istant batez irenstekoak; zinez eskertzekoa deritzot bidean tankera horretako testuekin —eta egileekin— tupust egitea, zarataz, zalapartaz zein gehiegizko harridura-ikurrez josia dagoen mundu honetatik ihes egiteko oralekuak direlako. Behin haiek irensten hasita, pilulak bailiran, bizitza gardenago, birjinago eta dezente oinarrizkoago dakusat.

Edozein antsiolitiko legez, baditu mingarriak suerta daitezkeen alderdiak, baina poesian —bizitzan bezala— ez dago oinazerik bako osotasunik.

Sortzaile tolosar honi aitortzen nahiz eskertzen dizkiodan alorren artean, bi goratuko nituzke: batetik, bere barneko potentziala molde ezberdinetan dosifikatua azaleratzen duela —edukien arabera—; izan poesia, eleberria edo beste. Bestetik, ostera, errekurtso estilistikoen aldetik ez dituela gehiegizko landukeriak maite: olerkizaleak aratz irakurriko ditu, ados, baina poesiaren arlora hain ohitua ez dagoenak ere ez du harri gaindiezinik topatuko bidean. Erroak galdu barik, irisgarritasuna da, hain zuzen, poesiak XXI. mendean behar duena.

Atal honetan jorraturiko beste lan batzuetan bezala, poeta eta mundua nabarmentzen dira, baina oraingo honetan ez dago euren arteko kontrajarpenik. Linazasororen idazkietako olerkigileak bere burua inguratzen duen munduaren baitan dakusa, munduak berarentzat zein esanahi duen erakusteko.

Obra osatzen duten lau zatietan barrena —“Zohargiaren zilarra”, “Dena isiltzen denean”, “Begiaren loreak” eta “Negu ilunagoan burdina” ataletan banatu du olerki-liburu hau Linazasorok—, egileak naturako elementuak ditu hizpide, bere irudiarekin zein barru-esperientziekin nahastuta betiere.

Honatx gizakiaren eta naturaren arteko harremana: osotasun zirkunstantziala, sintonia bitala.

Halaber, aipatzekoa da irakurgaiei darien erritmoa eta kadentzia. Arnasa luzeko lana izanagatik, belarritik nahieran sartzen den poesia darabil Linazasorok, erakargarria eta bizkorra.

Bestalde, autoreak ur arriskutsuetan igeri egiteko abilezia ere erakusten duelakoan nago; izan ere, aski erabiliak, esplotatuak eta higatuak diren gaiak lantzen ditu Linazasorok, baina natura nahiz bizitza izaera aldakorrekoak diren heinean, elementuok ikuspuntu ezberdinetatik abiatuz lantzen ditu.

Kasurako, poesiari dagokion sentiberatasuna edo hunkigarritasuna soiltasun zorrotz batez transmititzen du. Bestela esanda, poesia-munduan nolabait begien bistakoa dena bestelako trazaz berridatzi du, artisau eskarmentatua berritzaile transgresorea ere izan daitekeela erakutsiz: “Isiltasun basatienak / nire izena esaten du uluka. / Eskua txori du zugana / denbora galdu baten tresneria. / Beti dago enigma bat zeruan / neguak besoetan hartzen duena, / beti amets bat lorratzik uzten ez duena”.

Tolosarrak dioskun moduan, dena isiltzen denean eta negua ilunagoa denean, besoetan hartuko gaituzten heldulekuak behar ditugu bilatu. Helduleku honek, behintzat, poesia merezi duen lekura goresten du. Eta, bizi dugun neguan, hori ez da gutxi.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak