« Thrillerra Urumean | Posible ala sinesgarri? »
Poesia kaiera / Alfonsina Storni (Uxue Alberdi) / Susa, 2017
Itsasoz jantzita Alex Uriarte / Gara, 2018-04-21
Gogoan dut, orain urte dezente, Benitori “…gauero, uretan euren buruaz beste egiten duten olerkariekin biltzen naiz” entzun niola. Zera pentsatu nuen, oriotarra iparra galtzen hasia zela; beste hitz batez, hura kontu erromantiko banala baino ez zela; bestela esanda, Atharratzekoa baino mito edo legenda hutsalagoa zela. Gerora, berriz, Alfonsina Storni ezagutu eta, orduan, lurrak eta itsasoak bat egin zuten. Jakina, ezin ahaztu argentinar hari “itsasoz jantziko naiz” irakurri nion unea. Lipar hartan, ostera, ez nintzen itsasoz janzteak zeritzanaren jakitun; irakurketan aurrera egitean ohartu nintzen hartaz ere.
Alfonsina Storni, zerbait izatekotan, emozioen eta sentimenen poeta da: bere idazketa-estiloari darion sentitze eta aldarri kutsuak aurrean dugun idazkia pasiotan igerian dagoela dirudi. Hori bai, ez da hamaika autoretan suma litekeen handinahizko sentsazioa: pasio gizatiarra da San Juangoarena, hots, gizatasunetik ernetzen den erotismo eta ezintasun sentipena. Bere olerkiak maitasunez (hala norberarekikoa, nola ingurukoarekikoa) eta bizipenez gainezka daude. Ez dago esan beharrik gai aldetik sailkatzeko idazle gaitza dela; baina gai esanguratsuenak adierazi behar banitu, emakumetasuna, desengainuak eta bularreko minbizia azpimarratuko nituzke. Halaber, “Okre” obrara arte sentsualitateari zein erromantikotasunari protagonismoa eskaintzen diela deritzot; lan horren ostean, baina, aldarri soziala eta abstraktutasunerako joera dira nagusi.
Storni literatura feministaren aitzindari adierazgarrienetakoa da, Latinoamerikako pisutsuenetakoa: bizitako aro ilunetan gizonaren nagusigoa kolokan jartzeko eta berdintasuna sustatzeko kemena erakutsi zuen, garaiko emakumearen “birjinatasuna” eta gizonaren errugabetasuna iraultzeko, alegia. Bere poemetatik, aldiz, zera goraipatuko nuke: hitzak aukeratzeko trebezia. Olerkiak joan olerkiak etorri, berbak zehatz-mehatz eta zorroztasunez xehatuak direla dirudi; argiago esanda, ez du ematen hitzon ordez besteren bat balia litekeenik, poemari hainbesteko indarra emango diona. Orobat, poema batzuetako antisonetoa lako baliabideak eta garaiko abangoardietara egokitzeko saiakera ere eskertzekoak dira.
Emakumea —bere egoera: beldurra, injustiziak, zapalkuntza, ilusioak, ametsak…— askotariko irudiz erakusten du Stornik: otsemea, tentazioa, lorea, mina, lilura, gaua, lapitza, liburua, e.a. Argentinarraren sorkuntza lirikoak, sarri, emakumearen askapen-bidaia antzekoa dirudi: “O, akabo nire haragi-minak”-etik “Baditun oraino irrikak eskueran / goza oro, eder sexu denak / gizon-usoak bulba-olibondoari baketsu”-ra. Oro har, gizonarekiko mendekotasuna, genero-bereizkeria eta banaketa desegokia salatzen direla dakusagu, ados, baina, era berean, ez dago gizonarekiko gorrotorik —maiz irakurketa hembristak egin zaizkio bere obrari eta ez, ordea, feministak, bere funtsean—; are gehiago, egileak, pasarte ugaritan, berdintasunak dakarren bakea laudatzen du.
Dena dela, idatzien bukaera barrundatu bezain fite argi liteke hasieran deszifratzeko gai izan ez naizen hori: eskaintzak egiten ditu, antzerki-emanaldi baten gibelean egiten den esker-ematea legez. Batetik, bere bidaideaz mintzo da, hau da, Horacio Quirogaz —“Horacio Quirogari” atalak agur-gutun esentzia du—; bestetik, berriz, defenditutako idealak (plazeraren apologia, maitasunaren laudorioa, askatasun-grina) berresten ditu —“Eros jainkoari” eta “Buenos Airesen tristeziari” pasarteetan—. Bukaera, ordea, puzzle tankerakoa da. Bere desegitea nola gauzatuko den —zeharka— erakusten eta osatzen du: “Gaur arratsaldean”, “Amarentzako hitzak”, “Itsasoaren aurrean”, “Hilerria itsasoari begira” eta, azkenik, “Lotara noa”.
Horrelaxe, lotara joan beharraren ezintasun zein nekez, murgildu zen uretan Alfonsina Storni, gure barruetan itsasoa loratzeko.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro