kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Goldsmithen ikaslea / Joxean Agirre / Elkar, 2017

Maskulinitate toxikoa Estibalitz Ezkerra / Gara, 2018-02-24

Hamar urte dira Joxean Agirreren “Goldsmithen ikaslea” nobelako protagonistak, adin ertaineko liburuzaina berau, bikotekidea beste bi gizonekin —emakumearen mutil-lagunak izandakoak biak— sexuan harrapatu zituela elkarrekin bizi ziren apartamentuan. Harremanarekin hautsi ostean ezkondu egin omen zen; irakurleari horren gaineko xehetasunik ez dio ematen baina noizbehinka emaztea aipatu egiten zaio, atrezzo pieza bat bailitzan. Denborak eta bizimodu aldaketak, ordea, ez diote aipatu gertaera gainditzen lagundu eta etengabe joaten zaio gogoa egun hartara, eszenaren berregite bakoitzean zertzelada berriak gaineratuz. Kontakizunak aurrera egin ahala zertzelada berri horiek bere irudimenaren produktu besterik ez direla ohartuko da irakurlea.

Narrazioa abiatzen denerako AEBetako unibertsitate batean idazketa ez-sortzailea irakasten duen Kenneth Goldsmith ospetsuaren ikastaro batean izena emanda dago narratzailea. Ikastaro bitxia da hau, bideo-jokoen antzera kokaleku zein pertsonaia birtualak —azken horiek ikastaroan parte hartzen ari direnen errepresentazioak dira— biltzen baititu. Hasieran ikastaroaren planteamenduarekiko pixka bat eszeptiko agertzen bada ere, Goldsmithen onarpena lortzearren gogotik ekiten dio narratzaileak idazteari.

Ez da zeregin erraza, idatzitakoak ezin baitu sormen kutsua darion ezer eduki. Neska-laguna eta bi mutil-lagun ohiak protagonista zituen gertaerak dezenterako ematen dio, ordea, eta haren harira bere misoginia eta nartzisismoaren adierazgarri eta erakusle diren gertaerak asmatu eta benetakoak balira bezala aurkezten ditu. Gertaera horien arabera, bere gizontasuna hainbeste zauritu zuen sexu-hirukotearen kontuaren berri ematen dion emakume orok kontsolamendua ez ezik ohea ere eskaini egiten dio. Gela birtualeko ikaskide bat ere berarekin obsesionatu egiten da, baina emakumeak ez ditu narratzailearen eskakizunak betetzen (uler bedi ez dela nahikoa erakargarria) eta ahal duen moduan iskin egiten dio. Neska-lagunak ez zuen berarekin nahikoa izango, baina gainerako emakumeek ezin dute bera gabe bizi, horra ondorioa.

Egiazki, neska-lagun ohiak berak faltan botatzen du narratzailea. Xelebreetan xelebreena den fantasiaren arabera, hura maiz biltzen da bien artekoa amaitu zenean narratzaileak aldi berean izandako hiru amoranteekin —arte irakasle bata, erizain bestea, eta bere liburutegian lanean ari den emakume gazte bat hirugarrena; hirurak ere zorigaiztoko istorioak samurtutakoak— gizonaren gainean hitz egiteko. Laurengan aztarna sakona utzi zuela eta oraindik maite dute laurek, eta elkarri berarekin konpartitutakoak azalduta babesa eta sostengu topatzen omen dute. Zer besterik eska zezakeen narratzaileak, emakumeak, sexu objektu horiek, beragatik sufritzen ari direla jakitea baino?

Istorioak zenbat eta eroago, orduan eta nabarmenagoa da narratzailearen gizontasun gutxitasun konplexua. Azken hori ez dago sexu-arloko kontuei lotuta bakarrik; jatorri eta kultur esparruan ere antzematen zaio gutxi eta txiki sentitzearen antsietatea.

Ildo horretan, Goldsmith zein idazketa ikastaroko gainerako kideak Euskal Herrira datozenean narratzailea gogotik saiatzen da sukaldaritza, historia eta artea lotzen dituzten jardueren bidez bisitariak txunditzen, euskaldunak existitu ez ezik aparteko gizabanakoak direla argi utzita. Harritzekoa da hiru eguneko bisitan entzun behar izandako guztiarekin bisitariak onik atera izana.

Ezin esan daiteke “Goldsmithen ikaslea” nobelak aurkezten digun maskulinitate toxikoa nobedadea denik. Aitzitik, euskal literaturan horren adibide gehiegi aurki daitezke.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak