kritiken hemeroteka

6.894 kritika

Azken kritikak

« | »

Denbora galduaren bila - Swann-enetik / Marcel Proust (Joxe Austin Arrieta) / Alberdania-Elkar, 2010

Denbora galduaren bila Joxemari Iturralde / 111 aldizkaria, 2017-10-20

Literatura Unibertsalaren historian badira liburu batzuk bereziki nabarmentzen direnak. Liburu horiek goi-maila bat lortu dute, erreferentzia bihurtu dira irakurle eta adituentzat, bide berriak zabaldu dituzte kritiko literario eta idazle berrientzat eta, areago, denboran zehar, mendeetan zehar, iraun egin dute, dituzten balio literario eta artistikoak mantenduz eta, kasu batzuetan, areagotuz. Horregatik liburu horiei klasikoak direla esaten zaie, eredu direlako eta gizartez gizarte indarrean jarraitu dutelako.

Kalitate eta maila handiko liburu horietatik gutxi batzuk euskaratuak daude jadanik, zorionez, euskal irakurleen gozamenerako. Asko eta asko falta dira oraindik Etxepareren hizkuntzara itzuliak izan daitezen. Pentsatzekoa da, eta hala espero dezagun, pixkanaka euskal itzultzaileak joango direla goi-mailako liburu bikain horiek euskarara ekartzen orain arte bezala, edota zergatik ez, maiztasun gehiagoz. Adibide pare bat baino ez, azken bi urte hauetan Shakespeareren Sonetoak eta James Joyceren Ulises liburu bikainak euskaraz argitaratuta ikusteko, irakurtzeko eta gozatzeko aukera bikaina izan dugu, eta dugu.

Gaur, ordea, beste proiektu bati buruz idatziko dut hemen, erdibidean dagoena oraingoz, nik dakidanez. Esan daiteke Marcel Proust idazle handiak bizitza osoa behar izan zuela bere maisulan handia, Denbora galduaren bila, amaitutzat emateko. Jakina denez, obra erraldoi hori zazpi liburutan dago banatua. Guk, euskal literaturazaleok, poz handia hartu genuen jakin genuenean zazpi horietatik lehena, Swann-enetik, euskarazko bertsioan irakurtzeko mugona izango genuela. Eta hori, itzultzailearen lan eskergari zor zaio, hots, Joxe Austin Arrieta Ugartetxearen itzulpen bikainari esker. Liburu hori, euskarazko bertsio hori, euskara batuan, irakurri dugu gustura, gozatu dugu maisulana ez askotan bezala eta, alde horretatik zoriontsuak izan garela aitortu beharrean gaude, baita ere eskerrak eman behar dizkiogula Arrieta itzultzaileari, zezenari adarretatik helduz, ausartu egin delako horrelako proiektu zail eta nekosoa aurrera eramatera. Nik pertsonalki eman dizkiot eskerrak berari eta animatu dut, behin baino gehiagotan, indarrak biltzera eta, orain, maisulan horren bigarren erpinerantz abia dadin, hasi dadila bigarren tomoa itzultzen, alegia, guk halako batean aukera paregabea izan dezagun bigarren liburu hori, A l’ombre des jeunes filles en fleurs, euskaraz irakurtzeko. Badakit guztiz ezinezkoa dela euskal itzultzaile bati eskatzea, gauden egoeran gaudelako, Marcel Proust-en obra osoa euskara dezan, baina gauzak pixkanaka eta pausoka eginez lortzen diren ezkero, oraingoz bigarren liburu hori euskaratuta eta kaleratuta ikustearekin konformatuko ginateke eta momentuz askietsiko genuke. Hala bedi.

Eta amaitu baino lehen, ez dut ahaztuko hemen, inola ere, Jean Baptiste Orpustanek egindako lan erraldoia itzulpengintzan. Idazle handi asko euskaratuak ditu, urtetako lan eskerga batean, hala nola, Baudelaire, Flaubert, Rousseau, Saint-Simon, Saint-John Perse, eta baita Marcel Proust ere. Azken honen maisulanari Aro galduaren bila izena eman dio, eta itzulita eta kaleratuta ditu dagoeneko hainbat liburu: Zuanen etxe aldean (Arrietak Swann-enetik izenarekin kaleratutako liburu bera), Guermantes-ko aldea, Iheslea, Aro berredirena… Lan izugarria, ikus daitekeenez. Kontua da, ordea, liburu hauek guztiak ez daudela euskara batuan idatzita, askok nahiko genukeen bezala, baizik eta nafar-lapurtera klasikoan… Orain norbait hasi beharko litzateke liburu horiek nafar-lapurtera klasikotik egunero erabiltzen dugun euskara batura pasatzen. Pena da lan bikoitza egin behar izatea. Ez dakit inor animatuko den. Zaila izango da.

Azken kritikak

Golgota
Xabier Montoia

Amaia Serrano Mariezkurrena

Begirada
Jean-Paul Sartre

Joannes Jauregi

Mina edo libertatea! / Biba Mina!
Kepa Larrea

Aiora Sampedro

Ametsondoa
Peru Magdalena

Estibalitz Ezkerra

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Javier Rojo

Itzulera
Martin Bidaur

Igor Estankona

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Peru Iparragirre

Ametsondoa
Peru Magdalena

Igor Estankona

Baina ez lukete han egon behar
Asier Osinalde

Javier Rojo

Itzulera
Martin Bidaur

Aiora Sampedro

Nagusia kanpoan bizi da / 1928ko martxoaren 15a
Takiji Kobayashi

Joannes Jauregi

Ero hiria
Javi Cillero

Aritz Galarraga

Itzulera
Martin Bidaur

Miren Lizarralde

Maite ditut maite
Ismael Manterola

Iratxe Esparza

Artxiboa

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Hedabideak