kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Jenisjoplin / Uxue Alberdi / Susa, 2017

Gorputz markak Iratxe Esparza / Gara, 2017-10-21

Eleberria 2010eko udan abiatzen da; Libre irratiko kideak terrorismoaren goraipamena leporatuta noiz atxilotuko dituzten zain daude. Horietako bat Nagore Vargas protagonista da. Nagoreren ahotsak borroka armatuaren gainbeheraren lekuko diren belaunaldien kontraesanak biltzen ditu eta identitate kolektiboaren aztarnak bere azalean pausatzen dira barnea ukitu arte. Alabaina, hiesa diagnostikatzen diote eta horrek bestelako gertakariak erabat zeharkatu eta bizitzarekiko begirada aldarazten dio. Hiru atalek osatzen dute liburua, eta guztietan Euskal Herriko errealitate ezberdinak margotzen dira, euskal gatazkatik baino harago doazenak. Neurriz jokatzen du Uxue Alberdik eta interesgarria da liburuan klase borrokari eta maila sozialari eskaintzen zaien espazioa edota gaixotasunaren inguruan dauden tabu moralak agerian uztea. Testuan hari gehiago ere pilatzen dira, hala nola, protagonistaren haurtzaro berezia, ohiko eredutik kanpo dagoen familiaren gorabeherak edo bazterkeria sozialak dakarren krudeltasuna. Haietatik sortutako emozio bakoitzak bide desberdinak hartzen ditu protagonistaren gorputzean itsatsi arte.

Hasieratik, gaixotasunak lekua irabazten du kontakizunean, eta erantzunen bilaketak Nagore oroitzapenetan zulatzera bultzatzen du, lasaitasunez iraganean arakatzen hasiz. Irakurketan iradokitzen da Uxue Alberdik sakonki eta oreka mantenduz egituratu duela testua eta, esan gabe doa, hari nagusiari darizkion adarren ugaritzeak izugarri aberasten duela eleberria. Nagore Vargasek bere bizipenen hainbat egoera kontatzen ditu eta, aitortzen ez badu ere, urruntasunetik eta perspektibaz iraganaren berrikuspena egiten du, ziur aski hori baita etorkizunari aurre egiteko topatzen duen taktikarik egokiena, gaixotasunaren oihartzunari harrotasunez aurrez aurre begiratzea, alegia. Dena dela, ez pentsa istorioa dramatismotik idatzita dagoela; Nagore bizirik dirauen emakumea da eta diagnostikoak bere gorputzaz erabakitzeko zilegitasuna ematen dio; gainera, bizitzak dakarrena erresistentziatik asimilatzeko indarra ere badauka etsipena alde batera utziz. Horri lotuta, deigarria da protagonistak erakusten duen argitasuna eta ziurtasuna, sarritan, besteak urduritzen dituztenak. Bestalde, irakurri ahala narrazioak intentsitatean irabazten badu ere, pasarteren batean Nagoreren ahotsak talka egiten du hirugarren pertsona darabilen narratzailearenarekin, eta elkartze mehe horretan zerbaitek huts egiten duelakoan nago. Aldiz, ñabardurak ñabardura eta batzuetan istorioaren zenbait atal goxoegiak izan arren, Alberdik sustatzen duen hausnarketa oso onuragarria da, gorputzak eta narrazioak bat egiten dutelako etengabe, areago, gorputza istorioaren gidaria izan dela baieztatzera ausartuko nintzateke.

Gogoetan dabilela, Nagore Vargasek (aitak JenisJoplin konplizitate ezizena erabiltzen du) identitatearen birplanteamendua aipatzen du, gorputz analisiaren bidez gauzatzen duena, esan bezala, gorputza eleberriaren erdigunean kokatuta agertzen zaigulako. Adrienne Richek, poeta eta saiogileak, gorputzetik abiatzen den kokaleku-politika proposatu zuen, eta irakurketan zehar ideia horrek lagundu dit. Gorputzak jasaten duen tratamenduak munduarekin sortutako harremana zehaztu eta, era berean, munduaren ikuspegia ere baldintzatzen du; hain zuzen ere, Nagore Vargasi gertatzen zaiona: bere gorputzetik eusten du, interakzio pertsonalek, sentimenduek eta bizipenek gorputza bera markatzen duten bitartean. Hola, pasibotasunari uko egiten dio eta niaren ugaritasunek espazio fisikoa topatzen dute, gorputza biolentzia, memoria, sexu, maitasun, desio eta gorrotoaren elkargune bihurtuz; gorputzaren markak azalean.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak