kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Labur txintan / Juan Kruz Igerabide / Pamiela, 2017

Irudimenarentzat Igor Estankona / Deia, 2017-09-30

Juan Kruz Igerabidek askotan ematen du ez duela txintik esaten eta dena esaten du, kondentsatua bidaltzen digu mundu bat osoa. Literatura txinta bat dela ematen du Adunakoaren aforismo batek, baina ez da txinta bat: asko da!

Artaziekin ahalko bagenu soilik bereziena ebaki eta gorde, ahalko bagenu arrosa makurtu petalo bakarrera, bageneki idazten luzea bezain konpleto hiper-laburra, orduan Igerabidek bezala idatziko genuke. Ikonoklastia puntu bat daukate Adunakoaren lan motz-motzek. Hauek ere bai. Adimena zabaldu egiten duten ariketa estetikoak dira. Paradoxikoa da, baina hasi eta atoan bukatzen zaio esan beharrekoa. Eta hala ere, aho zaporeak eta bigarren irakurketek iraun eta iraun egiten dute.

Azken aldiko notizien antzera dakartza filosofo klasikoen hausnarketak. Bere burutazioekin originaltasunaren eta zorroztasunaren adibide behinenak bihurtzen ditu: “Bada Japonian esaera zahar bat: gutxi ikasten da garaipenetik, asko porrotetik. Baina jakintsuenak ere garaipena nahiago”.

Igerabideren laburrerako joera eta sintesirako gaitasuna ezagutzen duzu, irakurle, sobran. Labur txintan (Pamiela, 2017) honek ez zaitu beraz bereziki harrituko. Kartsuki gomendatzen dugu dena dela. Gauza zentzudunak esaten ditu dotorezia ezohiko batez. Aforismoa bihurtzen du sinpletasunaren eta buruargitasunaren artea. Kulturari eta iritzi jantziari egindako keinu asko daude liburuan. Nietzsche, Einstein, García Márquez, Parménides, Blake eta beste hainbat pentsalariri, oraingo zein betikoei… denei ateratzen baitie punta.

Hamabi koaderno laburrez osatua dago Labur txintan: “Giza-legearen koaderno ausazkoa”, “Educatio non petita”, “Post mortem kaiera”, “Norabideen psikokaiera”, “Arte-koaderno minimoa”, “Poetika minimoa”, “Zizipazaren koadernoa”, “Gezurra apainduz”, “Zer-nolakoaren koadernoa”, “Jainkotiar komediaren koadernoa”, “Umorez gerotik gerora” eta “Landareen patxada”.

Irakur daitezke azkar, baina komeni da irakurtzea geldo. Lezio labur sano landuen bilduma trinkoa da Labur txintan, eta sakonera handietara egiten du uneka: “Zentaurua harro dago bere alde hipikoaz, baina ez bere alde hipikoan”. Zenbait ideia guztiz borobiltzeko irakurlearen laguntza behar da. Esaldien atzean dagoena barruntatzeko buelta eman behar zaie batzuetan ideiei: “Esan ez dena auzitan jartzeko ere bada aforismoa”. Eta ironia itzela dario askotan: “Etorkizuna gazteena da, zahartzen direnean”. Eta elegantea da inondik estiloa: “Haragi egindako zalantza da artea”. Eta munduaren misterioak maitatu eta literatura bihurtzen dira: “Badirudi badela urruneko kontrolagailuren bat edo”. Eta uneka goia jotzen du bizitza behatzeko gaitasun itzel batek: “Asko du esketik harrokeriak”.

Hori dena eman dezake liburu batek, aberatsa eta inteligentea bada. Eta Labur txintan aberatsa da, inteligentea bezain.

Juan Kruz Igerabideren depurazioaren beste adibide bat izateaz aparte, mundua behatzeko modu bat ere bada obra hau, zer behatu beharko genukeen esaten digutenen kontra idatzia. Askatasunen aldarri bat dago aforismo liburu honen funtsean, eta baita kritika amorratua ere, sendoa eta patxadaz egina: “Gobernu batzuek hezkuntza-sistema aldatzen dute hezi ez dezan, bonba bat desaktibatuko balute bezala”.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak