kritiken hemeroteka

6.853 kritika

Azken kritikak

« | »

Baina ez lukete han egon behar / Asier Osinalde / Erein, 2017

Oihartzun kateak Mikel Ayerbe / Berria, 2017-07-02

Iban Zalduak ipuin bildumak eta ipuin liburuak bereizi izan ditu. Hori horrela, ipuin bildumak ez bezala, ipuin liburuak “batasun edo intentzio orokor bat” izango luke. Eta hein handi batean, hori gertatzen zaio Asier Osinaldek aurkeztu berri duen Baina ez lukete han egon behar ipuin liburuari, hau da, ipuinak autonomikoki beregainak izanik ere, euren artean sare moduko hariak ehuntzen direla, eta, ondorioz, ipuinetik ipuinera oihartzun kateak hedatzen direla. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, molde berdineko ipuinek osatzen dutenik liburua; are, eite eta estilo askotariko hamabi ipuin biltzen dira liburuan. Baina esan bezala, ipuinen atzean bada halako giro bateratzaile moduko bat, beste hainbat elementuk indartzen dutena.

Lehendabiziko ipuina Liverpooleko Irish taberna batean kokatzen da, eta, hastapenetik, ipuin liburuaren zenbait koordenada erakusten ditu. Izan ere, une zehatz horretan han egon behar ez luketen pertsonaia bi agertzen dira ipuinean, elkarren antzik izan gabe argazki batean bat eginda geratuko direnak. Eta amaierako ipuinak lehenengoaren negatibo gisara funtzionatzen du, Ibar alegiazko herrian kokatuta egonagatik, berriro ere Irish taberna batean argazki baten bueltan bat egingo dutelako beste bi protagonistek. Horrenbestez, azken ipuinarekin biribiltasun bat lortu nahi izan du egileak, hasitakoa taxuz ixteko ahalegina nabari da, eta hastapen koordenadak errepikatu egingo dira azken ipuinean. Objektuek ere berebiziko garrantzia baitute ipuin liburu osoan: argazkiek, zilarrezko txanponak, ispiluek, orraziak edota begiek (eta begiradek), besteak beste.

Eta aipatu bi ipuin horien artean, beste hamar. Batzuk atzerrian lekututa, hala nola, Buenos Airesen, Friburgon edota Florentzian, eta espazioari ere nolabaiteko batasuna emateko, aurrez aipatu den fikziozko Ibar herrian beste asko. Ipuin gehienetako pertsonaiek edo, hobeki esan, pertsonaien genealogiek ere bat egiten dute, eta, horrela, kasuren batean baino gehiagotan aitonen ilobak izango dira protagonista. Beste zenbaitetan, bigarren edo hirugarren mailako pertsonaia protagonista bihurtuko da ondorengo ipuin batean. Baina badira bestelako oihartzunak ere, estiloari lotuagoak nahi bada eta ez hain agerikoak, sotilagoak. Eta halere, oihartzunak oihartzun eta batasunak batasun, molde askotariko ipuinak aurkeztu ditu Osinaldek: bigarren pertsonan idatzitako ipuinak, egunkari gisa osaturikoa, gutunek garrantzia berezia bereganatzen duten besteren bat, orainaldian zein lehenaldian kokaturikoak… Eta pertsonaien izaera eta nolakotasunari dagokionez ere antzekoa aipatu behar: bizkartzaina, tabernaria, bikote jubilatua, Erasmus ikaslea, futbolaria, idazlea…

Zenbait ipuinetan amaierako ezustea edota efektismo nahia nagusitzen da, batzuetan agerikoegi agian, eta ipuinaren garapena horretara lerrokatzen da (adibidez, Bederatzi pauso; Beste norbaiten begiak edota Barkatu, maitea, baina… ipuinetan). Aldiz, gainerako ipuinetan esango nuke atmosfera zehatzak sortzeko ahalegina egiten duela Osinaldek. Pertsonaiak konfort eremutik at kokatzen dira ia gehienetan, eta itxuraldatze zein antzaldatze horretan ipuinaren giroa inposatzen da, irakurle honi lorpen handiena iruditu zaiona.

Azken kritikak

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig

Amaia Alvarez Uria

Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig

Ibon Egaña

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Javier Rojo

Zulo bat uretan
Iñigo Aranbarri

Amaia Serrano Mariezkurrena

Ekaitzaren zipriztinak
Miren Garate

Javier Rojo

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Igor Estankona

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Hasier Rekondo

Patagoniara Hazparnen barrena
Kepa Altonaga

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Alaitz Andreu Eizagirre

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Javier Rojo

Hizkuntza, Nazioa, Estatua
Joxe Azurmendi

Javier Rojo

Haren zati bat
Josu Penades

Javier Rojo

Frankenstein
Mary Shelley

Gotzon Barandiaran

Artxiboa

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Hedabideak