kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Gelditu zaitezte gurekin / Ana Malagon / Elkar, 2017

Entzun kontatu behar dutena Iratxe Esparza / Gara, 2017-06-03

Liburuaren azalak gure errealitatea pertsonaienarekin partekatzera gonbidatzen gaitu, nolabaiteko gizakien arteko elkartasunaren giroa sortuz; gainera, ipuin bilduma osatzen duten istorio gehienek irakurlea harrapatzea eta idazleak irudikatzen duen fikziozko munduan bete-betean sartzea lortzen dute.

“Ni” desberdinak azaltzen dira ipuinetan eta, ni bakoitzari errealitatetik ihes egitea gustatuko litzaiokeen arren, badirudi perfektua ez den egunerokotasunari itsatsita daudela. Ana Malagonek eratutako indar handiko hamalau narrazioek ezaugarri komun bat partekatzen dute, alegia, lehenengo pertsonaren erabilpena. Hortaz, narratzaileak bere bizipen propioak kontatzeak intentsitatea gehitzen dio testuari, batetik, pertsonaiek jasaten duten niaren krisia askoz hobeto adierazten delako eta, bestetik, inguruarekin esperimentatzen duten konfliktoak argiago islatzen direlako. Izan ere, “Duty-free” izeneko lehendabiziko narrazioa atarikoa da eta ez du irakurlea hotz utziko datozenetan sakontzeko grina areagotuz.

Horretan topatzen ditugun pertsonaiak, eta bai ikaragarrizko egoera ere, liburuan zehar irakurriko ditugun istorioen ispiluak izan litezke; aireportua gizaki-fauna biltzeko ez-leku aproposa izanik, idazleak hurrengo orrialdeetan hutsaren mugagabetasunean bizi direnen esperientziak eta gertakari pertsonalak iradokitzeko aprobetxatzen du.

Alabaina, ipuin guztietan niaren ahotsa entzutea ez da intentsitatea erdiesteko erabiltzen den elementu bakarra, zenbaitetan irudiek ere berebiziko garrantzia hartzen dutelako. “Non gorde behar diren ez dakizun gauzak gordetzen diren tokia”, “Sinadura” edo “Udaberri familiarra” adibideak besterik ez dira ohartzeko egoeraren deskribapenean —elipsien bidez, sarritan minimalista izatera heltzen dena—, istorioaren gordintasuna eta hunkitasuna nahasten direla.

Deigarria da, gainera, ikustea nola Malagonek tramaren pizgarria oso modu zorrotzean agerian uzten duen, ekintza bera istorio osoaren eragilea dela ematen baitu. Hitzak guztiz neurtuta eta testuak borobilduta daude, ez soilik pertsonaiaren eraikuntzari dagokionez, baita narrazioen ekintzari eskaintzen den ikuspegiari dagokionez ere. Terriblea izan daiteke protagonista inguratzen duen gertakizuna, baina behin irakurleari ikusarazita bigarren maila batera pasatzen da, erakustea da helburua, irudia deskribatzea ñabardura makabroetan sartu gabe; eta horrek indartzen eta sendotzen du pertsonaiaren sinesgarritasuna.

Lehenengo pertsonak ere protagonistak konektatzea eta ezagutzea ahalbidetzen du. Bizitzaren porrotetik gertu dabiltzan pertsonaiak eginkizun erabakigarri bati kateatuta daude, eta narrazio batzuetan urruntzea lortzen badute ere, inoiz ez da nahikorik atsekabearen lokarria mozteko.

Horren ondorioz, ia ipuin guztietan egin genezakeen eta egin ez dugunaren artean nostalgia puntu bat igar daiteke; beraz, iraganera begiratzen duten ipuinak ere badira, iraganak berak gogorarazten duelako oraina neketsua dela.

Narrazioen ekintzek eta pertsonaiek harrapatzen gaituzte; ahaztu gabe, noski, Malagonek duen kontatzeko eta istorioak josteko trebetasuna. Bakardadea, erruduntasuna, nagusitasunaren erakustaldia, bikote harremanen gainbehera, adiskidetasun idealaren porrota, bizitzaren zirrikituen artean gordetako ezuste ezatseginak, “lurtarra” egiten gaituen mina eta duintasunaren ukazioa dira testuetan garatzen diren gaietariko batzuk, bat egiten dutenak liburuaren azalean dauden aurpegi gabeko lagunekin.

Protagonistek anonimotasunetik eguneroko zama pertsonalak daramatzate isiltasunez bizitzea suertatu zaien zorigaiztoko abenturan; haien gonbidapena onartzea zinez merezi du.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak