« Nola heldu naiz ni honaino | Entzun kontatu behar dutena »
Politika zikina / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2017
Politika zikina Estibalitz Ezkerra / Gara, 2017-06-03
Izenburuan bertan iragarritakoa azaltzen digu Iñaki Irasizabalen azken nobelak: politika munduaren alderik ilunena; herritarren ongizateak barik alderdikeriak eta anbizio pertsonalek duten pisua agintean daudenen erabaki ahalmenean. Funtsean, “Game of Thrones” edo “Tronuen jokoa” telesailean azaltzen denaren modukoa da politika mundua, horra Joseba narratzaileak ateratzen duen ondorioa. Baten eta bestearen arteko loturak ez du kritika asmorik; onartzeaz gainera borondate osoz parte hartzen du Josebak langabeziaren ondorioz betetzen duen “etxeko-gizon zintzo”-aren roletik askatzeko aukera eskaintzen dion jokoan. Joseba den gizonarentzat etxeko lan guztiak bere gain hartu behar izana, “labadorak jarri, fakturen arazoak konpondu, aspiradora korridorean gora eta behera ibili…” (32), ez da plazerezko kontua —norentzat da, baina?— hortik politika kontuei erakargarriago iriztea. Gozatu ere gozatzen du Josebak Marta bikotekidea Gasteizko alkatetzarako PSE-EEko hautagai bihurtzeko kanpaina zuzentzen eta haren arerioen estrategiak —Ainhoa Iturri alderdikidea eta haren kanpainaburu Pipermin— aurreikusten eta buelta ematen. Ororekiko lagunkoi eta ororekiko azpijokoan, aipatu telesaileko bere pertsonaiarik gustukoena, Tyrion Lannister “ipotx zuhur eta hedonista” (35) bezala.
Martaren arrakasta politikoak, ordea, ez du Joseba tronutik gertuago kokatuko, ezta Marta eta bere artekoa sendotuko ere. Ideologia kontuetan ez ezik —hasieran erakutsitako ideiekiko konpromisoa baztertu eta alderdiaren beharrak lehenestera igaroko da Marta— haien arteko harremanean ere nabarituko ditu aldaketak. Beste behin, bigarren plano batean ikusiko da.
Politika munduaren parodia izateko, ohikoa ez den egoera hautatu du Irasizabalek bere nobelarako: bi emakume aurrez aurre alkatetzarako hautagaitza eskuratzeko lehian. Hala ere, istorio honetan protagonismoa ez da haiena. Hots, “Politika zikina” ez da emakumeek politikan betetzen duten rolaz, politikak emakumeak ikusten dituen moduari buruzkoa baizik. Hautagaia Marta izan arren, Josebak une oro gogoratzen digu bera dela politikagintzarako prestutasuna eta ezagutza duena. Bera da “saiakerak eta politikoen biografiak irakurtzen” ari dena, “eta politikoak, berriz, hau da, Marta, nobelak baino ez [dituela] irakurtzen. Emakumeek idatziriko nobelak gehienetan” (29). Pare bat aldiz goraipatzen ditu Josebak bikotekidearen ideiak jarraian uxatzeko bada ere, tokiz kanpokoak edo bigunegiak direlako, baina hortik aparte Martari buruz duen irudia nobela hasieran azaltzen duen anekdotak laburbiltzen du: bederatzi gamelu baino gutxiagogatik salduko ez lukeen emakumea.
Bere jarduera politikoan ezagutuko dituen gainerako emakumeen gaineko ustea ez da bestelakoa. PSE-EEk kaleratzen duen Idoiaren gainean ondoko “analisia” egiten du: “Polita zen: bular oparoak, panpina aurpegia bere sudur txiki eta guzti, ile gaztainkara aurpegi ingurua bilduz, ipurmasail borobilak…” (12). Eta primarioen ostean bere nagusitasuna aitortuta Josebaren gizontasuna —fisiko zein psikologikoa— indartuko duen Piperminen inguruan: “Betaurreko borobilek eta burutik ihes egiten zioten txima luzeek piztia itxura ematen zioten gazte hari ugazabaren hitzei buruaz baietz egiten zien bakoitzean, larrean dabilen basabehorra balitz bezala” (31). Josebaren misoginia ez da aparteko kontua, jarrera orokorra baizik nobelan bertan zein errealitatean. Hortik Martaren traizioak ustekabean harrapatu eta norabiderik gabe uztea narratzailea.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez