« Joko politikoa | Galestik, lirika xuxurlatuz »
Poesia kaiera / Dylan Thomas (Iker Alvarez) / Susa, 2017
Sustraiei barre eta gorazarre Igor Estankona / Deia, 2017-04-29
Bob Dylanek berak ere berari zor dio izen artistikoa. 40 urteak bete barik hil zen galestarra, onartu ondoren 18 whiskey sartu zituela bata bestearen ostean, New Yorken, 1953n. Dylan Thomas bat egongo da erreala: guri iritsi zaigu poeta madarikatuaren irudia, erromantikoarena XX. mendean. Iker Alvarezek euskarara ekarri digu selekzio aski zabal bat, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaieretan 21.ena egiten duena. Eta hitzaurrean Beñat Sarasola ere hortik doa: “XX. mendeko poeta anglosaxoi malditoetarik genuke, beraz, Dylan Thomas. Swansean jaioa 1914an familia aski kultu batean, haren talentu goiztiarrak zein bizimolde ez-konbentzionalak (edanari emana, hamaika eskandalu eragile, diru arazoak) Thomasen mitoa hanpatu zuten; hainbeste ezen, zenbait kritikariren aburuz, poeta aski ezagun eta arrakastatsua izanagatik, haren poesia ez baita berehalakoan ulertzeko modukoa”.
Ingelesez kantatu zion Dylan Thomasek bere lur gaelikoari. Erreibindikatu egin zuen, karikatura ere egin zion. Hangoa zen, baina Amerikek ustiatu zuten bere figura. Alkohol eta sexu istorioak, sano arin bihurtzea modako, surrealismoa ukitu hori hain berea… askotan ahaztuxe ere gartu da John Keats eta ingelesetatik edan zuela eta, batez ere, bere gogoz kontra agian, sakonki Y Fro Gymraegekoa dela bere poesiaren arima, galeseraren eremukoa, alegia.
Visorrek era badauka, Espainian, halako antologia bat. Aitzinsolasean —buruz nabil, beraz ez egin kasu handirik— badago iruzkin bat erdi arrazista erdi jakineza, Dylan Thomas definitzen duena “zelta ikasia”. Zeltek, antza, ez zuten eskolarik. Eta hala ere Taliesinen sagak irakurri dituen edozeinek ikasten du erritmoaz eta estiloaz. Dylan Thomasek bere izate galesetik edan zuela ukaezina da. Galeserazko poesian, cynghanedd hitzarekin definitzen da doinu-antolamendua ahapaldi bakoitzaren baitan, azentua, aliterazioa, errima erabiliz. Beñat Sarasolak ere badio: “Haren poesiaren dohain nabarmenetarikoa dugu hizkuntza poetikoaren intentsitatea, hein handi batean soinuzko elementuen taxuera berezi baten bidez (fonemen aukeraketa, erritmoa) lortzen zuena. Antza denez, txikitatik irakurri zizkioten familian poema zein bestelako testu literarioak, eta akaso horregatik garatu zuen poemen musikarekiko jaidura hori”.
Swanseako poetaren bibliografia hiperlaburra hain dago ñabardurez eta genialtasunez eta inspirazioz betea, non antologia hau hartu eta irakurtzea bera ere, bere laburtasunean, betegarri den. Lanketa sakona igartzen da —autorearena, itzultzailearena—, eta ondo baino hobeto transmititzen ditu Dylan Thomasen alfa eta omegak, kaosaren barruko orden berezi hori, sinboloen indarra, biblia eta errito paganoak: “Nire genesia amestu nuen hil-izerditan, birritan/ Itsaso elikatzailean jausia, Adanen/ Ur gaziak garraztua ezen, gizaki/ Berriak dakarren indarraren ikuskari, eguzkiaren bila noan arte”.
1934ko abenduan argitaratu zuen lehen poema liburua, 18 Poems (18 poema) izenekoa. Hilabete lehenago bete zituen hogei urte. Apirilean Sunday Referee’s Poet’s Corner saria zuen jasoa, lehen liburua ateratzeko babes ekonomikoa emango ziona. 18 Poemsen arrakasta itzelaren ostean Henry Treece poeta eta editoreak galdatu zion ea zein zen bere poesiaren gakoa. Dylanek artez erantzun zion. “Niri ez dit ardura poesiak, niri poemek ardura didate”.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres