« Sustraiei barre eta gorazarre | Bernarda Alba revisited »
Murmurioak / Menna Elfyn (Eli Tolaretxipi / Arantza Fernandez) / Maiatz, 2016
Galestik, lirika xuxurlatuz Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-04-30
Menna Elfyn Galesko poeta garaikide ezagunena da. Obra poetiko oparoa dauka, eta hizkuntza askotara itzuli dute. Azken urteotan, galesez eta ingelesez, ele bitan argitaratu izan ditu lanak, eta han eta hemen egin ditu irakurraldiak. Tartean, 2012an, Donostian izan zen, Literaktumen.
Orain haren Murmurioa (2012) irakur dezakegu euskaraz. Eli Tolaretxipik eta Arantza Fernandezek egin dute itzulpena, eta Baionako Maiatz etxeak eman du argitara. Argitalpena elebiduna da, galesez eta euskaraz dago. Ez da Maiatzek halako zerbait egiten duen lehen aldia; halatsu argitaratu zuten, adibidez, lau hizkuntzatan, Bernard Manciet Bretainiako idazlearen Gernikarena.
Galesezko literaturaren historia Europako hizkuntza gutxitu askoren tankerakoa da. Erromantizismoaren ondoren, eta bereziki XIX. mende amaierako nazionalismoaren indartzearekin, galesezko literatura ere indartu egin zen (Saunders Lewis eta abar), eta, ordutik, apurka modernizatu da. Menna Elfyn, esan bezala, galesezko idazle garaikide ezagunenetakoa da.
Murmurioa hainbat partetan bereizia dago. Lehen atala borobila da: Ghazal: galera poemak zabaltzen du, eta Raymond Garlicki eskainitako laudatio-poema ederrak ixten. Atal horretan eguneroko egoerak eta bizipenak dira nagusi, baina beti dago, hondoko errealitate bezala, poetaren herria; hala ikusten da, esaterako, Gleision ikaztegiko tragediaren harira idatzitako Hesia poeman.
Bigarren partea Catrin Glyndwrri eskainia da: ingelesek hil arte kartzelan edukitako printzesaren azken egunen sufrimendua kantatzen du Elfynek, indar biziz, testigantza tonu mingarrian, hamalau poematan. Ondoren, poema solteak daude berriz. Solteak, baina tonu bertsukoak: naturaren momentu iradokitzaileak dira, irudi sotiletan emanak, surrealismo printza batekin. Sail horretako azken poema Waldo Williamsi eskainia da, eta XX. mendeko poeta galestar horrenak dira, hain zuzen, laugarren partean Elfynek itzulita ematen dituen hiru poemak. Azkenik, liburua Ai, aita luzeak ixten du: oroitzapen poema zoragarria da, iruditerian ederra eta tonuz delikatua.
Lirismo apala da Elfynena, inoiz ez arranditsua, sentsibilitatez margotua. Beste ezaugarrien artean, nabarmentzekoa da irudiaren lanketa fina. Adibide gisa, liburua zabaltzen duen Galera poemaren hasiera da honako hau: “Lagun hori, lore gisan, adeitsu izan zaitez marmolez/ zizelkatu eta malkoz estalitako harlauza honen aldarean”.
Formalki, askotarikoa da Elfynen poesia: poema labur zein luzeak sortzen ditu, hermetikoak zein irekiak, zangotrabaka doazenak, lerro laburrekoak… Estatikoa eta ebokatzailea da batzuetan, beste batzuetan narratiboagoa —hor dago, adibidez, Epynteko atea—, eta bada poema dialogikorik ere —Bisitaria, esaterako—. Oroz gain, ordea, hitzaren indarra azaleratzen da haren poesian: hitz zehatzekin giro eta sentimendu sakonak iradokitzen ditu.
“Barnean jendetza” duten izakiak gara, xuxurlaka lurrazalean, eta “ahoskatzen dugun/ murmurioa/ lengoaia arrotza zaie/ besteei”. Beharbada, are gehiago hizkuntza gutxituez ari bagara. Baina, Elfynek dio: “Obligazio bat da niretzat galesez idaztea”. Guk aukera borobila daukagu orain euskaraz irakurtzeko.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi