kritiken hemeroteka

6.843 kritika

Azken kritikak

« | »

Zerua beti beherago dago / Karlos Linazasoro / Utriusque Vasconiae, 2016

Hamalaudun berraurkitua Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-03-19

Hirurogei sonetoz osatua da Karlos Linazasororen azken poema liburua: Zerua beti beherago dago. Formatu txikiko liburua da, esku batean kabitzen da, eta horrek ez dio testuari laguntzen. Bestela esanda, liburuaren fisikotasuna jantzi eskas gertatzen zaie poemei. Adibidez, lehen poema kredituen orriaren ondoan dago, begietara gauza oso dotorea ez dena; eta, amaierako poemetan, orrialdea zabalean hain estua izanik, ia lerro guztiak zatituta datoz —hori ere kontu aski traketsa irakurlearentzat—. Ñabardurak dira, bai, baina kontua da jantzi txukunagoak hobeto luzituko lukeela mamia.

Eta edizioaz ohar hori egin beharrekoa zen, hain justu, poemategi honen mamia ez delako esku ahurrean kabitzeko bezain txiki eta urria.

Poesia lirikoa da Linazasororena —nitasunetik hitz egiten du poetak—, eta tradizio klasiko-modernoak blaitua. Baina ez da hau lirika arranditsu edo erromantikoa, baizik tonu minorrekoa —umoreak eta ironia dosi sotilek apaldua—. Behaketa eta gogoeta nagusitzen dira: ez da poesia narratiboa, ebokazioz funtzionatzen duena baizik. Oro har, batasun eta trinkotasun handiko poemak dira liburukoak, betelanik eta hari solterik gabeak.

Bildumari begira, bi gai nabarmentzen dira: amodioa eta denbora. Denborari lotuta jorratzen ditu poetak bizitza eta heriotza, izatea, traszendentzia, eta beste. Maiz asko vita flumen motiboa agertzen zaigu; hara hemen adibide ederra: “Nire izena entzuten da errekan./ Ura mar-mar doa, zilarrez ase,/ denboraren bulkada urdinaz gose,/ itzulerarik ez duen ordekan”. Amodiozko poemetan, berriz, normalean zu bati mintzatzen zaio poeta, eta maitasuna, erotismoa eta umorea uztartzen ditu, melodraman erortzea saihestuz betiere. Aipatzekoak dira, aurrekoez gain, idazteari eta poesiari buruzko poemak ere.

Formalki, markatu beharreko ezaugarri nagusia sonetoarena da noski. Linazasorok bertso librea zein neurtitza baliatu izan ditu, eta kasu honetan kortse klasikoari lotu zaio. Sonetoak, esan gabe doa, hamalau lerrokoak izaten dira, 4-4-3-3 banatuta ahapaldika. Silabei dagokienez, hendekasilaboak dira Linazasororen lerroak gehienetan —hamalaukoak baliatu ditu azken lau poemetan—. Literaturan —eta akaso poesian bereziki— inportantea da idazleak zer leku hartzen duen tradizioarekiko, nondik edaten duen, zeri ematen dion beste buelta bat… eta kasu honetan ere antzematen dira zantzu zenbait, bereziki euskal autore modernisten oihartzunak —Gandiagari keinu bat hemen, kutsu letetarra hor…—.

Horrez gain, naturaren presentzia indartsua da. Iruditeria joritasunez lantzen du poetak, eta surrealismorako joera nabaria da: “ihintza mutu dabil”, “euriak atzazalak jarri dizkit/ sorbaldan”, “urkiak elurra dauka sexuan”, eta abar. Askotan, naturako elementuek —euria, pagoak, txepetxa, eta abar— abiatzen dute poema, eta horietatik egiten du poetak emozioetara eta pentsamendura. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi han eta hemen agertzen diren umore printzak eta, bereziki, hainbat poematako autoironia fina.

Normala den bezala, liburuko soneto guztiak ez dira dirdaitsuak. Alabaina, oro har maila handiko poemategia da, eta dotore jorratzen ditu bai erritmoa, bai iruditeria eta baita pentsamendua ere.

Azken kritikak

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Javier Rojo

Hizkuntza, Nazioa, Estatua
Joxe Azurmendi

Javier Rojo

Haren zati bat
Josu Penades

Javier Rojo

Frankenstein
Mary Shelley

Gotzon Barandiaran

Lur bat zure minari
Jose Luis Otamendi

Castillo Suarez

Zer egingo dugu orain opariekin?
Aritz Gorrotxategi

Javier Rojo

Hodei berdeak
Jon Alonso

Aritz Galarraga

Azken zakatzak
Martxel Mariskal

Igor Estankona

Arrotz eta eder
Pako Aristi

Iker Zaldua

Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Mari Luz Esteban

Iratxe Esparza

Huliganaren itzulera
Norman Manea

Iñigo Roque Eguzkitza

Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon

Amaia Alvarez Uria

Ospa
Juan Luis Zabala

Ibon Egaña

Arrastoak
Dejabu panpin laborategia

Iratxe Retolaza

Artxiboa

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Iraila 2016

Hedabideak