kritiken hemeroteka

8.766 kritika

« | »

Fotogramak / Goiatz Labandibar / Elkar, 2016

Negatibo lausotua Hasier Rekondo / Deia, 2016-06-11

Goiatz Labandibarren (Oiartzun, 1985) Fotogramak (Elkar, 2016) bigarren ipuin liburuan egilearen bizitzatik arras aldenduta dauden istorioen berri ematen zaigu, erabateko exotismoaren mugetan barrena abiatzen baita idazlea, ofizioz kazetaria izan arren. Aurretiaz, Igartza Beka irabazi ondoren, Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013) eman zuen argitara.

Esango nuke, fikzioaren nagusitasun horrek egilearen baitako bizipenez ahalik eta gehien aldentzeko xedea aise betetzen duela. Halere, narratzailearen ikuspuntua kaleisdoskopio urrundua bihurtuz, askotan literaturaren historian errepikatutako ereduak darabiltza maiz, eta larregi azaltzen dira idazle berriaren baitako eraginak, ahalmen narratiboa kaltetua gertatzen baita maiz, narrazioa bera eraikitzeko ideiak lar boteretsuak ez badira.

11 narrazio labur oso ezberdinak, gaiari eta teknika narratiboei dagokienez, aurkezten dizkigu Labandibarrek: F.S. Fitzgeralden aberatsen dantzalekuetan girotutako Hurrengo Festan ipuinarekin ekiten dio, ondoren etorriko dira, hari narratibo komun bati jarraitu gabe, Hego-Afrikako apartheidaren garaiko soslai grisa, AEBetako hippyen sasoian kokatzen den auto-hondamen istorio lazgarria, Bartzelonan guda zibilaren garaian sexu-grinak bultzatutako maitasun desorekatu baten kontakizuna, ama izan nahi duen alaba baten kontakizun onirikoa, besteak beste.

Azken boladan sarri baino sarriago irakurri dugun estilo estandar, erraz eta zuzenaren jabe da Labandibar, estiloa baino gaia bera lehenesten badu ere. Estilo zinematografikoaren iturritik edaten du egileak. Batzuetan gidoiaren teknikatik hurbil. Pertsonaiak dira protagonista nagusiak, lekuz kanpo, historia ofizialaren ildo nagusitik dauden emakumeek deslekutze horren testigantza unibertsala ematen dute. Desio ezkutu baten atzetik doazen heroina galtzaileak dira: gizarteak garai ezberdinetan ezarri nahi dizkien muga lausotuak eta errealak gainditu ezinik. Hasiera hasieratik baitakite existentzia antzuaren aurkako lehian galtzaile emozionalak direla. Narrazio bakoitzak unibertso berri bat eraikiko du, Labandibarren beraren irakurketa ezberdinak bere baitara integratzeko jaioa dela erakusten du.

Euskal argitalpenen xedeak batzuetan asmatu ezinak dira. Merkatuaren arrazoiak eta literaturarenak maiz ez doaz eskutik lotuta. Idazle baten material oro ez da zertan argitaratzeko gai, halabeharrez. Nago Labandibarren kasuan zenbait ipuinek maila gorena ukitzen dutela, Bai edo ez (Agian) ama izateko edo ez izateko zalantzazko bakarrizketa lortua esaterako; beste batzuek, ordea, eragin literarioen larregizko zama pairatzen dute. Ipuin lar orijinalak edota literarioegiak sortu beharrak egilearen ahotsa isilduko balu legez, sinesgarritasuna kolokan askotan.

Narrazio hauen oinarrian argazkiak daude. Argitaletxeak ipuin bakoitzari dagokion fotograma jasotzen duen atari digitala sortu du, irudia hitzari aurreratu zaio. Inspirazio iturri argazkia denean literaturak ifrentzua eskaintzen du. Dena den, irudia zein hitza aukeratu, Labandibarrek badu zeresanik bere ahots propioa aurkitzen duenean.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak