« Bakarra eta bera | Gure iraganeko perlak »
Beti oporretan / Harkaitz Cano / Susa, 2015
Oporren iluna gozagarri Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-04-24
Iaz argitaratutako literatura lan aipagarrienen artean dago Harkaitz Canoren azken liburua, Beti oporretan. Hamalau ipuinek osatua dago, eta ipuin-liburuaren eta bildumaren artean dabil: guztietan dago opor edo bidaia giroa, baina askotarikoak dira gaiak eta kontamoldeak, gertaerak eta tonuak.
Oro har, ironiaz eraikitako errealismoa da Canorena —eta ironia esatean ez gara umoreaz ari, behako zorrotzaz baizik—: topikoak deseraikitzen ditu errealitate bistakoena koxka bat estutuz, eta oporrek iradokitzen duten mundu idiliko eta argiz betearen ifrentzu gatazkatsua azaleratzen du, harreman eta egoera ilunak sortuz. Adibidez, haurtzaro maiz idealizatuko eta nerabezaroko harreman biolentoak kontatzen dituzte lehen bi ipuinek (Arrokarik altuena eta Igerilekua).
Aipaturiko iluntasuna da bilduma honetan atentzioa ematen duen elementu bat: badago zerbait misteriotsua, azpitik doana eta makabroa ere izan daitekeena. Erreka ipuinak, adibidez, kutsu gotikoa dauka paisaiaren deskribapenean —zoragarri egina, bestalde—; Etxeko giltzak familia baten ihesaldiaren kontakizun irekia da; eta heriotza agertzen da, zeharka nahiz zuzenean, Boeing 767 eta Safaria ipuinetan.
Errealismoa, puntu ilunkara, eta, jakina, ezin zuen falta literaturarekin jolasten duen ipuinik ere. Adibidez, Julio Cortazarren La autopista del sur ipuin ezagunaren berrirakurketa originala egiten du Danubio mekanikoa-k, protagonistatzat Angela Merkel hartuta; eta liburua ixten duen Izar ozenak ipuinean zera kontatzen zaigu: Mediterraneoko uharte batera apartatu —desagertu— den idazlea elkarrizketatzea xede duen kazetariaren pasadizo exotikoa.
Aipatu aniztasunean, istorio indartsuak dira guztiz gehienak, eta halakoxeak dira euren garapenak ere. Idazleak doi-doi kontatzen du beharrezkoa —era Carverzalean, batzuetan minimoa da gertakaria—, eta informazioa ongi dosifikatuta ematen. Esan bezala, narratzaileen begirada ironikoa da, eta inoiz gordina ere bai. Oso narratzaile markatuak dira Canorenak: onerako zein txarrerako. Onerako, begirada oso interesgarrien jabe direlako, eta haiengan daudelako egilearen begiratua, ironia kritikoa eta umorea; eta baita txarrerako ere, batzuetan idazlearen eta narratzaileen arteko distantzia desagertzen delako —digresioetan, bereziki—, eta zehar estilo libreko une batzuetan eman dezakeelako Harkaitz Cano bera dela hizketan edo pentsatzen ari dena, eta ez istorioko pertsonaia. Baina, edonola izanda ere, begiratua da idazlearen estiloaren marka bereizgarria.
Estilo soil eta batzuetan zaurgarria darabil Canok ipuinotan, baina aldi berean oso poetikoa. Deskribapenetan zehatza da, metafora eta konparazioetan aberatsa —baina inoiz kargatua izan gabe—, eta umore eta gogoeta printzak tartekatzen ditu. Azpimarratu beharrekoa da elementu gutxi batzuei zer nolako zukua ateratzen dien; hain zuzen, Canoren estiloak berea du irudien kontrola —poeta aparta da tropoen erabileran—; gutxik bezala garatzen ditu irudi eta sinbolo txikiak, eta elementu horiek sinesgarritasuna eta kalitatea ematen diete ipuinei.
Azken finean, istorio indartsuak dira hauek, oso ondo garatuak, eta idazlearen estiloaren marka daukate. Aitzakiarik gabeko irakurketa oporretarako.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera