« Oporren iluna gozagarri | Obsesioa »
Perlak, kolpeak, musuak, traizioak / Joxemari Iturralde / Pamiela, 2015
Gure iraganeko perlak Txema Arinas / Berria, 2016-04-28
Joxemari Iturraldek Perlak, kolpeak, musuak, traizioak eleberrian (2015) kontatzen digu Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga punta-puntako boxeolarien arteko adiskidetasun zein gorrotoz jositako harreman bizia. Hartara, liburuak eramango gaitu XX. mendearen lehen erdialdeko izar distiratsuetako Hollywoodera, bi mundu gerren artean, eta bederen kultura zein arteari zegokienez, guztiz bipila ei zen Ernest Hemingway idazlearen Parisera edota Argentina zein Boliviako landa eremuetako pulpetegietako giro ilunera, baita eleberriaren bigarren zatitik aurrera Espainiako Gerra Zibilaren hainbat eszenatokitara ere. Iturraldek 25 emakumek bi protagonistekiko izandako bizipenak abiapuntu hartzen ditu. Tamalez, ez dut uste Iturraldek emakume horien ikuspuntua baliatzen dakienik istorioaren gaitasun literarioa jorratze aldera. Izan ere, garai bateko kronika huts eta zenbait pasartetan ere, ozta-ozta liburuaren hirugarren hereneraino, zapalegia begitandu zait Uzkudunen eta Gaztañagaren arteko harreman gorabeheratsuetan oinarritutako dikotomia agian sinbolokoegi hau garaiko bateraezintasun ideologikoei dagokienez: Uzkudun falangista eta Gaztañaga errepublikanoa. Esan bezala, liburuaren hirugarren herenera arte ez dira bi protagonisten arteko norgehiagoka grinatsua eta lagunak apurka-apurka banantzen dituen elkarrekiko ezinikusia agertzen. Badirudi Iturralde datu pilaketa zein pasadizo sorta bat hurrenez hurren tartekatzera mugatzen dela, ez duela inolako asmo edo gogorik protagonisten barne-kezkei buruzko inolako gogoeta psikologiko sakonik egiteko, aski zaiola kronologiarekikoa betetzea eta batez ere bi protagonisten arteko lehia zertan geratu zen, norberaren bukaeraren arabera, burutzea.
Baliteke, jakina, egileak besterik egin nahi ez izatea, hau da, kronika huts bat, apika Wikipediak eskaini ohi diguna baino apurtxo bat zabal edo joriagoa. Alde horretatik ez dago ezer leporatzekorik, batez ere kontuan hartuta delako nobela historikoa pertsonaia edo garai historiko batzuen gainean datu zein pasadizo kateamendu soila egitea dela, gehienbat antigoaleko Annales Maximi-en antzera edo. Gauzak horrela, Iturralderen saioa guztiz goraipatzekoa da gaur egun mikrohistoria deritzona jorratzeko, garaian garaiko eta zerbaitetan nola edo hala gailendu omen ziren gizon-emakumeen eskarmentua harrobitzat hartuta. Egia esan, Uzkudun eta Gaztañaga punta-puntako boxeolarien arteko harremanok aitzakia ezin hobea dira XX. mendeko lehen erdialdearen nondik norakoak jorratzeko, baita Iñaki Petxarromanek oraintsu argitaratutako Kearen Fiordoa eleberrian (2015) jorratzen duen Islandia alderantz joandako euskal baleazaleen kontrako sarraskiaren pasadizoa XVII. mendeko Euskal Herria idazpidera erakartzeko ere. Egia esan, delako harrobia agorrezina delakoan nago, zeren, eta gehienoi guztiz ezagunak zaizkigun ohiko euskal pertsonaiak alde batera utzita (Jose Maria Iparragirre, Santakrutz Apaiza, Sabino Arana, Lauaxeta eta abar eta abar), baitaude bestetzuk beharbada ez hain ezagunak, edo gutxienez euren lurraldean edo arloan baino ezagunak ez direnak ozta-ozta. Niri behintzat gogora datozkit, besteak beste, euskal dandya deritzoten Sebastian Iradier Salaberri musikagile lantziegarra edo Haroko Lopez de Heredia upategia sortu zuen arabar eta bizkaitar jatorrizko Rafael Lopez de Heredia Landeta txiletar abenturazalea. Biok izan zuten bizitza ikaragarri aberatsa, iskanbilatsua eta ezer baino lehen euren garaiko erakusgarria. Merezi du, beraz, orduko Euskal Herria zein nazioartea pixka bat sakonago ezagutzearren, bai horixe. Hala eta guztiz ere, mereziko luke nobela historikoa idazten dutenek apur bat gehiago lantzea ere; fintzea, literarioki behintzat eta betiere originaltasuna xedetzat. Nolatan? Nik uste dut Marguerite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak (1951) edota Hermann Brochen Virgilioren heriotza (1945) eredu apartak direla.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi