kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Mundua betetzen zenuten / Tere Irastortza / Pamiela, 2015

Hildakoen hutsunea Javier Rojo / El Diario Vasco, 2016-01-24

Tere Irastortzaren azken poema liburua, “Mundua betetzen zenuten” izenburuarekin argitaratu den idazlana, heriotzaren gaiaren inguruan antolatuta dago. Bere ibilbidean Irastortzak gure artean dauden poetetan hoberenetako bat delako froga asko utzi ditu orain arte, eta liburu honek hori berretsi baino ez du egiten. Bere poemetan agertzen den bezala, heriotza hutsunea da, hildakoek betetzen zuten espazioa (begiratu izenburua) hutsik geratzen da. Eta hutsune honek poeta umezurtz uzten du. Besteengan ikusten zuen nolabait islatuta bere burua, edo besteengandik jasotzen zuen horretan gauzatuta agertzen zen bere izaera, eta besteak falta direnean izaera hori kolokan dagoela ikusten du. Poema askotan iradokitzen den bezala, denbora gelditzea desiratuko luke, denbora gelditzearekin batera heriotza bera ere desagertuko balitz bezala. Baina denborak berezkoa du mugimendua, eta mugimendu honekin batera heriotza. Heriotza, edonola ere, ez da gehienetan gai abstraktu moduan aurkezten. Pertsona konkretu batzuen faltaz ari zaigu. Are gehiago, poema batzuk pertsona horiekin egindako elkarrizketa moduan antolatuta daude, idazleak hildakoei egindako interpelazioak izango balira bezala. Hildakoek, baina, ez dute erantzuten. Isiltasuna baizik ez du jasotzen haiengandik. Irastortzak, dena dela, zenbaitetan abstraktura jotzen du eta testu filosofikoak ere planteatzen ditu. Heriotzaren aurrean oroitzapena geratzen da, besteak oroitzea, heriotzaz ondoko bizitzan sinestea ezinezkoa baitzaio. Eta idaztea ere bai, asmatzea heriotza bera gaindi dezakeen ekintza baita. Irastortzaren poemek zer pentsatua ematen dute, irakurtzeko gutxienezko baretasuna eskatzen dute, eta bere hitzak, zehatzak eta iradokizunez beteak beti, eguneroko harrabotsetatik aldentzeko gonbidapenak dira. Eta baretasun honi lotuta, itsasoaren irudiak zeharkatzen du idazlan hau, heriotzaren alderdi bikoitzaren erakusgarri, beldurtzen duen neurri berberean erakargarria baita itsasoa. Irastortzak lortu du idazle askok desiratuko luketena: modetatik aparte bere literatur ibilbideak zentzu osoa izatea.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak