« Ezer ez da aldatzen | Bizitza literario bat »
Zu / Anjel Lertxundi / Erein, 2015
Bizi-mina Ibon Egaña / Deia, 2015-12-19
Bihoa aldez aurretik oharra. Ez zait erraza egiten Anjel Lertxundiren Zu irakurritakoan liburuari buruz zerbait esatea, ez dakit zenbateraino sufrimendu hain egiazko eta hurbilekotik abiatzen den kontakizun bat har daitekeen beste literatur testu batzuk, fikziozkoak, har daitezkeen hoztasunez. Zu-k kontagai duena, izan ere, ez da fikzioa: idazle eta narratzailearen emazteari pankreako minbizia diagnostikatu osteko hilabeteen kontakizuna da abiapuntua eta ardatza. Edonola ere, ziur aski liburuak sortu didan hunkiduran, errealetik duenak besteko zerikusia izan du idazleak errealitate horretatik egin duen elaborazio estetiko eta etikoak, eta baduke, beraz, zentzurik, elaborazio horri lerro batzuk eskaintzeak.
Hurrenkera kronologikoari jarraituz osatutako narrazioan, diagnostikoak markatzen du hasierako puntua, narratzailearen eta emaztearen bizitza erabat iraultzen duen berriak. Ondoren datoz minbiziak ezinbestean aldean dakartzanak (ospitaleratzeak, ebakuntza, kimioterapia, ileordea, larrialdiak…) eta baita prozesu horrekin batera doan prozesu psikologikoaren narrazioa ere (haserrea, onarpena, etsipena, esperantza…).
2012tik 2015era arteko kontakizun hori bi narratzaile tartekatuz ematen du Lertxundik: lehen pertsonan mintzo dena bata, eta hirugarrenean bestea. Zu izena eman dio emazteari, hala izendatuagatik narratzailea bigarren pertsonan sekula zuzentzen ez bazaio ere. Hala, hurbiltasuna eta distantzia tartekatzen ditu egileak, eta arnasa bezala erritmoa ematen dio kontakizunari.
Zu-ren senarra idazle eta irakurle amorratua baita, minbiziak dakartzan galderei erantzuteko (ba ote du alde onik minak? nola ikusten du mundua oinazetan denak? nola idatzi hurkoaren minaz?) eta galdera berriak bilatzeko, oraingo eta lehengo idazleen testuetara jotzen du narratzaileak (Camus, Mann, Sontag…), eta haiekiko elkarrizketan haziz doa testua. Dietarioak, autobiografiak eta mina hurretik bizitakoen testigantzak dira maiz erreferentzia horien jatorria, eta liburua ederragotzen duten aipu horiek leiho ugari zabaltzen dizkiote irakurleari.
Zehatza da narrazioa, eta ez du minaren alderdi ilunena ezkutatzen, baina asmatu du egileak muina azaltzen gaitzaren alderdi makurrenetan laketu beharrik izan gabe. Heriotzaren mehatxua begi bistakoa bada ere, horrekin bizitzen ikasi behar duten pertsonaien ikaskuntza-prozesuan jarri du arreta egileak eta bikotearen ikaskuntza-prozesua irakaspen bihurtzen da irakurlearen eskuetan. Tremendismorik gabe, bizinahi sosegatu bat darie orrialde hauei, partekatua den bizi-grina, izan ere, gaitzak Zu eta narratzailea estuago batzen ditu gu batean: “gu esateari esker, eremu komun halako batean elkartzen gara biok (edo hala sinetsi nahi dut behintzat)”. Erromantizismoaren antipodetako maitasun-aitorpen sosegatu hori eta bizitzari atzaparrekin estu eusteko erabaki sendoa egin zaizkit liburu gogoangarri honetako alderdi ederrenetakoak.
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Ibon Egaña
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Nagore Fernandez
Martxoak 3
Jon Martinez Larrea
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez
Irati Majuelo
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Mikel Asurmendi
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza