kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Hiri hondakin solidoak / Jon Alonso / Txalaparta, 2015

Lan basa, hori anabasa! Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-12-11

Hiri hondakin solidoak eskuetan al duzu? [Nire gomendioa: ez baduzu, hartu bada, arraioa!]. Bilboko Plaza Barrian aurkituko nauzu —zure burua aurkitu ere—, nire oin-hotsen arrastoan… [nobelaren narratzailearen ahotsean] Badantzuzu? Entzun al dituzu? Adi: Resurrección María de Azkue paseoz dabil, bere plaza postumoan. Haren sotana nola, halakoxea duzu nobela: beltza. Azkue ez da ibili (oinez) dabilen euskaltzain bakarra, Txillardegi ere badabil. Beno, Txillardegi ez zen euskaltzain izatera iritsi, baina hor dabil halere. Badabiltza ere Krutwig, Mitxelena, Irigoien…

Anonimoak dituzu. Nobelaren figuranteak, turista japoniarren kliskan ibili “klik, klik, klik…” dabiltza. Figurante anonimook pertsonaia karakterizatuak dira, nobelako gainerako pertsonaiak nola: Joannes Etxeberri Iruñekoa idazlea, Bildosola abokatua, Ertzaintzako komisario Carvajal, Ariadna, Kasimiro Argiturri edota Errapel H. Arespakotxaga irakaslea… Beltza ez ezik, nobela surrealista duzu. Nobelaren narratzailea, ni nauzu, Enekoitz Ramirez, Lanbas goitizenekoa. Etakide ohia, preso ohia, arte salerosle ohia, lapurra ohia… Jon Alonsoren menekoa nauzu, haren esanetara nabil, nobelako enparauen legera.

Ez da idazleak erabiltzen nauen lehen aldia. Camembert helburu nobela saioan edo saio nobelatsuan ederki kurriarazi ninduen, baita Zintzoen saldoanen ederki estutu ere. Lehenengo abenturan asko ikasi nuen, baita ederki jantzi ere, Toulouse-Lautrec artistaren inguruan ez dabil edonor peskizan. Bigarrenean, egoera are larriagoetan ibilarazi ninduen atzera ere. Gibelera eta aitzina. Nork bere patua! Batzuek, patuak patu, ahatekia dute zori. Artista kontsakratuak dituzu horiexek. Euskal Herrian batez ere. Sukaldariak! Sukaldaritza: arte eta kultura! Erdu, jan eta kontatu! Eta nihaurek koitadu honek halatsu egin ere: heldu, ibili eta kontatu, tartean sabela elikatuz, baia narratzen saiatu ere. Narriorik gabe narratzea gaitza duzu, ordea.

Nago, Hiri hondakin solidoak eleberrian sortzaileak —eta elikatzaileak— ez ote nauen lartxo mugiarazi. Mexikotik bueltan Bilbon paratu nau, eta bertatik Bartzelonara artean ibili nauzu joan-jinean. Ohituta nago odol-salda eta saltsa guztietan murgiltzen, lagun gisakoa naiz, sukaldarien eta sukaldaritzaren kontuetan moldatu izan naiz, baina Euskaltzaindiaren eta Unibertsitatearen gorabeheretan eta kontuetan nahastea ez da gai samurra, ez horixe.

“Aizu, baina zein da nobela beltzaren trama?”, pentsatu duzu iruzkin surrealista honen irakurle horrek. Narr(i)atzailea eta protagonista naizenez gero, detektibea ere banaizelakoan. Bada, ez. Ez naiz detektibe. Idazleak istorioan murgilarazten nau, eta istorioaren amaierara iritsi arte ez nauzu istorioan murgiltzera eraman nauten/ninduten arrazoiez jabetzen. Beraz, irakurle, zuk zeuk —neronek bezalaxe— bila itzazu nobelaren trama eta nire ibil moldeen drama. Ez nauzu morroi azkarra inola ere. Ez naiz zeharo galduta ibiltzen ere, sortzaileak amultsuki eta neurritsuki babesten bainau. Eta halaxe, berak (era)ibili ahala ikasle nabilkizu munduan.

Nire sortzaileari ongi ulertzera, “Euskal kulturak iruditegi propioa sortu behar du”. Horregatik edo, unibertsitatearen jaidura elitista gogotik astindu beharra sumatuko duzu. Horregatik edo, euskal akademia larrutu du nobelan. Idazleen jarduera larregi arautzeaz kokotaraino, zuzentasunean murgilduak itota. Literatur adituen arabera eleberri hau alegatu bat da, batzuendako nobela hau ez da “biribila”, segurki. Nik sujeritu ohi diot nire sortzaileari, Idien eraman handia gisako saio bat idaztea. Tamainaz neurritsua, edukiz mamitsua. Ez Euskaltzaindiak ez BBK-k ez diote argitaratzen lagunduko ziurki ere, baina hori bera seinale ona litzateke.

Nire sortzailearen ironia paregabea da [zer besterik nahi duzu nik esatea?]. Irriarazteko gauza da, sarkasmoa barne-muinetaraino sarrarazten paregabea duzu. Ni bezalako pertsonaia ezmoral honen bitartez, bizi dugun/gaituen jendarte zuri honen moraltasun zuria galanki inarrosten du. Gizarte hau leize beltzaren ertzean dabil, hartara, munduan nola nobelan ere anabasa gailentzen da. Hots, nobela, neroni naizen bezalakoa da, lanean nahasia eta harremanetan basa.

Durangoko Azokaren anabasatik bueltan heldu naiz Etxauri ibarreko nire etxera [oharra: Mikel nauzu, iruzkin honen egilea, figurante nabil, Lanbasez karakterizatua. Jon adina Mikel dago munduan]. Komunera joan naiz, bertako apalategian paratu dut azokatik ekarritako uzta berria. Hiri hondakin solidoak eskuetan daukat, leitzen jarraitu dut konketan paratuta.

Oharra: liburuak eta iruzkin honek zerikusia izatea txiripa dateke, erreseina hau iruzkin surrealista da. Iruzkingileak, Lanbasek alegia, ez du bere gain hartzen bere iritzia. Irrespontsablea da, naiz alegia. Marshall Berman parafraseatuz eta nobela honen sortzailea imitatuz, “solido den oro airean desegiten dela” baieztatu dut bonba sakatzean. Neroni, alta, Hiri hondakin solidoak galtzarbean dudala irten naiz komunetik.

Zuk, irakurle horrek, eskuetan hartu al duzu jada?

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak