kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Baionak ez daki / Bea Salaberri / Susa, 2015

Baionak ez daki Fermin Etxegoien / www.ferminetxegoien.com, 2015-11-11

Geografia domestikoak, lehen pertsonan ekarriak.

Azkartasuna, emadazu gauzen izen exaktoa, zioen Juan Ramonek.

“Nire hitza izan dadin gauza hori bera, neure arimak berriz sortarazia”.

Badu Salaberrik hiztegi oparoa eta badaki zehatz erabiltzen, gertakizun nimiñoen ñabarduren gainean hizkuntzaren lupa jarrita.

Lexiko aberats horren barruan, badira hegoaldekoentzat ohikoak ez diren hitz ugari, baina Salaberriren prosa egoki antolaturik dago ongi neurturiko esanahi multzoen bitartez, sekula luze edo korapilatsu suertatu gabe.

Mandarinak

“Azaleko lehen egunak dira, hozpil eta grisak, arbolak bipilduz doaz, emeki-emeki, udazkeneko estaldi koroletsua erantziz istil artean galtzeko, zeru zola hodeitsu negartia agerian utziz. Egun hauetan, alegeratzeko arrazoi gutxi eskaintzen du kanpoak eta barnean kausitzen dira perla biribil urreztatuak.”

Euritakoa

—Egunon! Hau uharra! Zauri enekin!

(Zera kontatuko digu: kaletik doala, bapatean euria ari; ezagun batekin topo egin, eta elkarren ondoan, pega-pega eginda, aurrera biak, ezustean sorturiko espazio intimo baten barruan, guardasolapean.)

“Intimitate heze eta beroa, esku batez luzatua, hurbiltasun doitua, gizataldeetako konbentzioek baimendu hura, besterik ez, doi-doia gehiago, ez gehiegi. Saihetsak juntaturik, agian beso bat gerri bati inguraturik, hatsak juntatzen direla hala beharrez oihalezko kono zaratatsuaren peko espazio biribil eta meharregian. Eta aurpegia haizeak salbaiki ufatu kidearen ileak. Egoera delizios justifikagarria.”

Hitz egin genezake euskal-gaixo gehienok, gure bizitzako uneren batean ala bestean, jo izan gaituen Sarako sindromeaz.

—Denok hitz egin beharko genuke horrela!

Baina tira, gero bizitza normala nagusitzen da, Bea Salaberriren kontakizunetan nola. Aurrera egin behar, nork bere errekurtso arrunt zein domestikoekin, sobre-aktuazioak -salbuespenak salbu- beste bizitza baterako utzita.

Bihar ezetz

(Badiruri akoso laboral baten berri ematen digula hemen)

“Atzo etorri zitzaidan, beste behin, sufizientziak asea, elea gogor, zimurrak ageriago usaian baino, idor, usaian nola, ar batzuek horrelako jokamoldeak dituzte. Nagusikeria gohaingarriak itotzekotan zuela, harremanak etengabeko lehian irudikatzeko jiteak akuilaturik, gaiaz kilometrora urrundurik jada, urteen zuhurtzia, horiek eman arrazoia eta ohore istorioz mintzatzen aritu zitzaidan, pozoia botatzen amaitu ezinean.”

Bea Salaberri irakurtzeak, irismen handiko idazle indartsua delako, nork bere burua “bestearen bitartez” aurkitzeko balio du.

Balio digu, hobe esan, hegoaldekoi. Iparraldeko idazleen bitartez berez gertatu beharreko, baina gero gutxitan gertatzen den —liburu honekin bai, zorionez— bikoiztasun zelebre-deliziusak harrapa gaitzan: iparraldeko euskaldunak existitzen baldin badira… hegoaldekook ere, objetiboki, existitzen garen seinale!.

Elkarrenganako medium-ak baikara.

Bea Salaberri, ezin hobea. Hau guztia ilusio edo alunizazio kolektibo bat ez dela, gure eguneroko errealitate diskutiezina baizik, ñabardura ñimiñoez dakarkigulako, ispiluaren bestaldetik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak