kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Koaderno gorria / Arantxa Urretabizkaia / Erein, 1998

Libre baizik Aritz Galarraga / Argia, 2015-10-18

Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiak. Horixe bera defendatzen du haren obra xeheki aztertu duen Iratxe Retolazak. Uztarketak badu oinarririk: euskal eleberrigintzaren bilakaeran mugarri, emakume batek idatzitako euskarazko lehen eleberria da, gainera modernoa. Eta Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai, nahiz hasi zen poesia publikatzen, San Pedro bezperaren ondokoak, adibidez, Euskal Literatura 72 izeneko liburu kolektiboaren barruan —Koldo Izagirrek: “liburu hartatik denboraren joanak higatu gabe iraun duten obra bakanetako bat”—, XX. mendeko poesia kaiera bat merezi izateraino. Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai halaber, nahiz badituen nabarmentzeko moduko beste eleberri batzuk, ez hainbeste Saturno —maitasun istorio konbentzional bat, grazia handirik gabea—, gehiago 3 Mariak —zahartzaroari egindako erretratu ez topiko bat—, baina, batez ere, Koaderno gorria.

Bi planotan dago narrazioa antolatuta: batetik, Venezuelara lagun baten seme-alabak aurkitzera doan emakume baten gorabeherak azaltzen dira, nola lagunak idatzitako koaderno gorri bat eman behar dien haur horiei; eta, bestetik, koaderno gorri horretan idatzita dauden pasarteak sartzen dira. Eta oso da interesgarria koadernoa irakurri bitartean lagunaren irudiak emakumearengan jasaten duen bilakaera, argi baitu ez dela edonor, emakume miretsia dela, Euskal Herriaren alde egiten duela borroka, edo askatasunaren aldeko gudaria dela. Azkenerako, ordea, miresmena zena bihurtzen da zalantza. Baina pisu gehien hartzen du, duela zazpi urte senarrak eramandako umeak topatzeko inkestak, hiru astean zehar emakume gazteak Caracas eta inguruetan aurkitzen duen jendearekin dituen harremanak, harreman berri horiek sortzen dizkioten hausnarrak. Labur, asko gustatu zait eleberriak erakusten duen emakumearen ahalduntzea, tradizionalki euskal literaturak eman duen emakume-emazte are ama irudiarekin hausten duena, ekintzaile dena, gizona parez pare begiratzeko gauza, familiaren instituzioa kritikoki begiratzen duena; “ez da bakarrik sentitzen, libre baizik”. Hala, aurreko eleberriek ez zuten konplexutasuna du egitura aldetik honek, trama aldetik, orobat planteatzen diren ideien aldetik. Ibon Sarasola: “nobela honetan daude Arantxaren orrialderik onenak”. Uste dut Ibonek arrazoi zuela.

Zergatik panpox eleberriari uztarturik darrai Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiak. Ondo egingo genuke, ordea, Arantxa Urretabizkaiaren idazle irudiari beste liburu batzuk uztartzen hastea. Luze gabe, Koaderno gorria.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak