kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Argoren ezpala / Sjon (Juan Mari Mendizabal) / Pasazaite, 2015

Bikingoak, mito greziarren kareletik Hasier Rekondo / Berria, 2015-10-18

Sigurjon Birgir Sigurdsson, (Reykajvik, Islandia, 1962) Sjón ezizenez egin da ezagun bere herrialdean eta nazioarte mailan, honezkero 25etik gora hizkuntzatara itzuli baitituzte haren obrarik garrantzitsuenak. Islandiar poeta, eleberrigile eta kantu-letren sortzaile, Bjork kantari ospetsuenaren ahapaldietako hitzak idatzi ditu, esaterako, Dancing in the Dark Lars Von Trierren musikal heterodoxoaren kantuen letrak. Oraingoan, Pasazaite argitaletxeak haren Argoren ezpala eleberri-labur, bidaia-liburu, eguneroko edota historia-mitikoen kontakizuna argitaratu du, Juan Mari Mendizabalen itzulpenaren eskutik. Argoren ezpala honi esker, Islandiako liburu-saltzaileen eleberri onenaren saria lortu zuen 2005ean.

Kasualitatez edo kausalitatez, Sjón ezagutzeko aukera izan nuen Bruselan duela pare bat urte, Pen International Clubek Idazle Presoen Alde egindako mundu mailako bilera batean ezagutu ere. Deigarria egin zitzaidan haren itxura eta presentzia, aurre-hipster baten zantzu guztiak agertzen baitzituen, hainbeste maite duen XIX. mendeko idazle erromantiko baten itxurak alegia. Harekin hizketan hasi eta berehala, euskalduna nintzela esatean, Islandian 1615ean euskaldun baleazaleen aurkako sarraskiaren berri eman zidan, niretzat ezezaguna ordura arte. Istorio krudel hari buruz dokumentatzen ari zen, liburu bat xede. Gerora, gurean, besteak beste, Antonio Casado da Rochak poesiaren moldean oparo jorratutako gaia.

Argoren ezpala honetan, beste itsaso bareago batzuk aukeratu ditu, estilo oso neurtua baliatuz, kasik ez baita eztanda estilistikorako lekurik, postmodernismoaren ur hotzetan barna, bi itsas-bidaia nagusien zehar idatzitako egunerokoen berri emateko. Batetik, Vladimar Haraldsson Danimarkan ozta-ozta bizi den islandiar jubilatuak kargaontzi batean Itsaso Beltzera 1949an egin bidaia, kasik estilo burokratikoan emanikoa; Haraldssonek oso berariazko ideiak ditu arraina jaten duten Eskandinaviako kultur-zibilizazioez, haien nagusitasunaren seinale baita arrain-dieta. Bestetik, eta liburuko matrioxkarik erakargarriena ezbairik gabe, Zeneo argonauta ohiak, M/S Elisabet Jung Olsen itsasontziko bigarren ofizial lanetan diharduena, Argo argonauten ontziko branka-kaskotik ateratako ezpal baten bidez entzundako edo jasotako-aren berri ematen baitie, otordu osteetan, eskifaiako goi-ofizialei eta gonbidatu bereziei. Sjón-ek molde ezin neutroagoan aurkezten ditu Bigarren Gerra osteko kargaontzi baten eguneroko geldoa, kasik eliptikoki deskribatuz gerra krudelaren orbainak, eta Jason eta bere argonauten bidaia mitologikoak, Rodaseko Apolonioren Argonautikoak oinarri gisa hartuta. Egileak berak epilogoan argitu gisa, kristautasuna garaile suertatu zenean, jainkoak ezkutatu beharrean izan ziren. Jainkoen berreskuratze neurtu horretan datza liburuak eskaini oparirik jainkotiarrena eta lortuena. XIX. mendean, ordea, “Jainkoek aukera izan zuten trebeenak diren hori egiteko: gure arimak ukitzeko”. Hasiera batean, irakurlea distantzia lar neurtu batetik murgildu daiteke istorio paraleloen hari ezberdinetan. Alta bada, bere neurtuan, bere bitxitasunean, trago geldoez dastatu beharreko eskaintza dugu Sjónen ezpaleko hau. Agian ez da nobela zirraragarri bat, baina bere txikitasunean, badaki barne-zirrara bat sortzen, kontalarien eta jainkoen gorazarre.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak