kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Jokoa.com / Gemma Lluch (Antton Olano) / Erein, 2002

Joko birtuala ere ez da errenta! Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2002-11-23

Euskal Herrian literaturak oraindik ia ez du urratu amarauna, ez du nekatu sare birtuala, ez du maiztu espazio zibernetikoa; ez, bederik, Katalunian beste. Bahe digitala ez da bilbe literarioan sarritan ehun euskaraz. Herri Katalanak, ordea, arin ere arin joan dira ziberpunkaren sortzailetakoa den William Gibsonek Neuromancer liburuaz ebakitako xendra digitaletik. Hona hemen frogagarri bat. Guztia esateko, San Jurgiren eremuan zenbakizko loreak gazteentzako literaturan garatu dira gehienbat. Bestela gerta ote liteke, baina? Azken buruan, gazteok ditugu erneen munduaren aurkez aurke, eurek izaten dute teknologia berrien goserik asegaitzena.

Literatura zibernetikoa egiterakoan, kontua ez ei da aipu teknologikoren bat edo beste txertatzea, www bera eta horren ingurukoak ere pertsonaia bihurtzea, aitzakia edo eszenategi huts erabili beharrean. Eta horixe dakarkigu Gemma Lluchek idatzitako eleberri honek Antton Olanoren euskal berbak direla bitarte: mundu digitala eta erreala nahasten dituen unibertso paperezko bat. Enparau askok eraturiko sorta, baita alderdi grafiko eta tipografikotik ere.

Gemma Lluch, lanbidez unibertsitate irakaslea da, aditua haur eta gazte literaturetan, hainbat aldizkari espezializatutan gazte literaturaz jarduna. Eta hori dena guztiz nabari zaio Jokoa.com eleberrian. Gazte literaturatzat sailkatutako lana da. Baina hori azal hutsa baino ez da. Gazteentzako literaturaren etiketak, sarri, jazoera erabat ezberdinak ezkutatzen ditu barnean: bateko, guztiz ukaezina, idazle batzuek erosoago dihardutela gazteentzat idazten, nagusientzat idazteak dakartzan presioetatik urrun; beste bat, argitaletxeei gazte literatura etiketa jartzea komeni zaiela, gauza jakina delako argitaletxe askoren irabazpiderik handiena irakaskuntzatik datorrena; hirugarrenik, halako ikuspegi manikeo bat, alegia, literaturaren barnean mailak direla eta produktu batzuk bigarren mailakotzat jotzen dituztela argitaletxeek berek, halako idazkia lan serioen (?) artean sartzerik ez baitago; laugarrena, pozgarriena, gazteak irakurle sutsu eta eskerronekoak direnez gero, zer edo zer gustatzen bazaie, atertu barik jotzen dutela burutik behera halako lanera. Gazteentzat idaztea betierekotasunetik hurbil egotea da.

Nerabeen labirinto mundua zehar zulo birtualetan galtzen da erreferentziaz beteriko idazlan batean. Hara hemen American Psycho, Bildotsen isiltasuna, Hannibal, Seven pelikulak, X espediente eta Millenium telesailak, Eric Claptonen Blues Before Sunrise, Running on faith kantak… besteak beste. Eta, jakina, oroz gain, Matrix, eleberria nekezago ulertzen baita kultu pelikula hori ondo gogoan izateke. Literaturaz kanpoko unibertsoa, nongura baitira Neo, Morpheus eta Trinitate eleberrian. Matrizean baino ezin uler daitekeen JOKOA proposatzen du nobela.

Opera Prima honetan ahozkotasuna, berbaldia da gertaeren euskarri nagusi: solasaldi arruntak, eskuko telefono bidezkoak, elkarrizketa birtualak edo egunerokoan idatziz jasotako ohar biziak. Narrazioan hainbat ahots daude, gutxienez hiru narratzaile agertzen dira, dialogoa eta bakarrizketa antzezlan baten gisara nagusitzen dira. Ahalegin izugarria egin du Gemmak gaurko gazteen hizketa bizia jasotzen, eta beste horrenbeste esan daiteke Antton Olanok euskaraz paraturiko bertsioaren gainean. Baliteke itzulpena ekialdeko euskaldunentzat ulertzen gaitzago izatea, baina gazte katalanen konbentzioak eta klixeak dakartza jatorrizkoak eta horiek ordaintzerakoan ulertzekoa da gaztelaniaren aldera makurtzea, izan ere. Gaurko euskaldun gazte askok hurbil-hurbileko sentituko duten hizkera dario liburuari. Euskal gazteen hizkera biziaren ustezko galera denon ahotan dabilela, hona hemen itzulpen bidezko eredu aberatsa. Gazte tribu batzuen hizketen gaineko ikerlan erakargarri eta interes handikoa ez ezik, teknologia, nerabezaroaren maitasun kontuak eta bihotz hautsien minak zein, hau ustekabea!, nobela poliziako eta beltzetatik urreko konta haria ere ematen ditu, oparo.

Antton Olanok bestelako lanak itzuli izan ditu, adibidez, Literatura Unibertsala bilduman. Lan serio horien zorrik batere ez du eleberri honek. Ezta, sikiera, itzulpen zailtasunen aldetik, gazteen erregistro informal hori, batzuetan, bestelako hizketa batzuk baino gaitzago gerta daitekeen aldetik. Nahiz eta Wilde-ren Fidel izan beharraz antzezlana itzuli ostean, joko honetako ahozkotasun printzak emateko ondo baino hobeto zailduta egon, segur aski, Jokoa.com-ek hainbat pasartetan erraz asko antzezlan bilaka litekeen narrazio dirudi -eta. Eta hori, ezbairik gabe, eskertzekoa da.

Eta amaitzeko, jokotxo bat: non bihurtzen da Bildotsen isiltasuna Bildotzen isiltasun?

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak