kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Leturiaren egunkari ezkutua / Txillardegi / Euskaltzaindia, 1957

Leturiaren egunkari ezkutua Luis Mitxelena / Egan, 1957

Agertu berria da, Bilboko Ellakuriarenean txukunki inprimatua eta J. M. Alvarez Enparantza, egilearen anaiaren, edergarri dotorez apaindua lankide maite dugun Txillardegiren lehen liburua: eleberri bat.

Era berriko liburua da gure artean. Zertan datzan berritasun hori agertzeko, L. Mitxelenak liburuari eman dion hitzaurretik aldatzen ditugu hona zenbait lerro.

“Noizpait, joan den udaberrian edo, bere asmoaren jakile egin ninduen Txillardegik: eleberri bat egitekotan omen zebilen, eta nolazpait esateko existenzialista horietakoa. Lehen baino lehen hasi zedila eskatu nion, eta ahalik lasterren buka zezala… Izen-ondokoak ematen zidan, ordea, gogoanbeharra. Beldur nintzen, alegia, idazlan hori ez ote zen, beste asko bezala, modaren losentxak eragina izango, barrengo eskeak sortarazia izan beharrean.

“Horrela den ala ez zerorrek ikusiko duzu, irakurle. Neronek argi eta garbi ikusia dut. Esan beharrean aurkitzen naiz luzatu gabe, horrexegatik beragatik, hitz eskas hauek baino hobeak merezi dituela liburu honek sarrerako atean: dena delako lehenik eta mugarri baten antzera lur berrien seinalea eta ezaugarria dugulako gero…

“Arrazoi pixka bat bazuen egileak lehen zatiaren inoxokeriaz ari zenean. Haurtzaroko ametsetan, troxatan bezala, bildua zebilen Leturia, ez zekien bere buruaren berri. Horrelatsu gu, gaztetango irudiei ederretsirik bageunden. Ez dut esango Egunkari honen azken zatia baino ederragorik ez dela ondu euskaraz, belles-lettres direlakoetatik hagitz urruti gabiltza hemen, ezta ere gai garaiagorik ez dela ukitu. Baina, baldin nere iritzia estalkirik gabe agertu behar badut, ez dut uste inoiz gure hizkuntzan entzun denik horrelako hitz larririk, horren zinezko aitorrik, horrenbesteko karraxi sarkorrik. Ez dugu sekula egin, hitz batean esateko, Leturiarena bezalako ibilaldirik egin gogo-bideetan barrena…

“Nik ez dut Txillardegi bakarrik ikusten. Txillardegi eta Leturiaren egunkari ezkutua gizaldi berri baten eta gizaldi horren obren aitzindari gisa agertzen zaizkit. Ez dut uste oker nagoenik eta ez nuke inolaz ere oker egon nahi. Ate-joka dauzkagu dagoeneko deus gutxi ezagutzen ditugun ondorengoak…

“Maiz entzuten dira gure artean hileta-hotsak; badirudi udazkeneko hotzikara sentitzen dugula gorputzean. Eta halare ez dakit. Askotan egiten dut nerekiko ez ote gauden aitzitik udaberri aurrean. Zaharrak omen gara, beste edozein herri baino zaharragoak. Egia dirudi, baina herri baten adina, gizon batena baino areago, urtez bakarrik neur ote daiteke…? Gaur azkenik munduari zor diogun hitza esateko zorian gaudela deritzat, eta uste hori Egunkari hau irakurtzeak biziro sendotu dit. Ez daukagu beste biderik. Haurretango oharkabetasun atsegina utzi beharko, biziko baldin bagara, arrazoi-adineko egiteko latz eta nekagarriei ekiteko.”

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak