kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Balizko erroten erresuma / Koldo Izagirre / Susa, 1989

K. Izagirre: artifiziotasunaren ukazioa Iñaki Aldekoa / El Diario Vasco, 1990-05-30

Susa-ren azken ekarriaren gehigarria irakurri ondoren, ezin izan dut, lehendik ezaguna nuen Koldo Izagirreren azken poema liburua irakurri gabe pasa; eta, berriz ere, gehigarrira jauzi eginez, “Mudos blues…” saioaren asmoak agertuko lituzkeen bi hipotesi-ardatzen inguruan erreflesio egitera paratu naiz.

1.— Humanismo kontzeptuaren genealogiari jarraikiz, Errenazimendutik egungo Modernitatera datorren bidea gogoratu dut, eta, baita ere, bere oinarrian leudekeen Biblia, Grezia eta Erroma, betiere garai horietako gertaera nagusiei erreparatuz; eta, pentsatu dut, mundua zaharra dela, eta neu ere zaharkitua nengoela, ez bait dut tamaina horretako ilusioari eusteko adinako arrazoi sendorik inon aurkitu. Aspalditxotik dago ahuldua, nigan, humanismoaren muina litzatekeen gizonarenganako sinestea. Humanismoak betidanik izan ditu bere mezulariak, predikadoreak —gogora datorkit Alberto Caeiro-ren begiak horietako bati so—, sazerdoteak, Bibliatik gaur egun arte. Humanismoak beti jarri ohi du bere ahalegina giza multzoetan; eta beti izan ohi du gidari, Belengo izarraren antzo, gizonaz gaindi legokeen promesa. Humanismoarena ez bezala, trajediaren pathos-a indibiduala izan da. Giza-gogoaren krisialdi larrietan agertu ohi dena —Errenazimendu ondorena, erromantizismoa, existenzialismoa— eta betiere traszendentziaren ausentzia jasanezinaren sentipenarekin, eta giza bakardade larriaren sentimendua erakutsiz. (Kristautasunaren magalean ez dago pathos trajikorik).

Gaur egundik begiratuta, eta gizonak ikusi dituenak ikusi eta gero —eta, aldi berean, Joyce, Kafka, T.S. Eliot eta Beckett-en ondoren— humanismoak nahiz izpiritu trajikoz jantzitako gizonen edozein irudi ridikuloa litzateke.

2.— Humanismoak beti eduki nahi izan du literatura bere zerbitzura, beti eskatu izan dio laguntza —Platonengandik gaur egun arte— gizonaren egoera traszenditzeko ahalegin horretan, Gauza bihurritzen hasten zaigu, ordea, ideialtasunaren maila horietatik munduari erreparatu eta, fantasi eta ametsez ehundutako sareetan harrapatu nahi dugunean objetuen mundua. Eta ekibokoa sortzen da lengoaiaren jantziarekin dotoretu dugun mundu horrek lehentasuna errebindikatzen duenean errealismoaren izenean. Hasieran mundu fenomenikoaren sortzaile dena, morroi eta itzal izatera pasa da, gerora.

Aspaldi bota zuen Hegel-ek “literatura hil da, hemendik aurrera munduak du lehentasuna”, aldarrikapen hark iraultzaren aroari ematen zion hasiera, utopiari. Baina Mallarmé-z gero, estrukturalismo eta filosofi analitikoaren emaitzekin batera badakigu, ezin dela gauzatu paradisuaz geroztik gizonari ihesian dihoakion kontraesanik eta gatazkarik gabeko egoera lasaigarri hura: gauzak eta hitzak fisurarik gabeko sinbiosian barnebilduko zituzkeen mundua.

Izan ere, mundua, edo “errealitate” hitz anbiguo bezain eraginkor hori, ez bait dakigu zer den, arrotza zaigu nola zakurrari bere gomitoa. Errealitate hitzarekin ez al ditugu ideia komun eta konbentzionalen andana soilik jasotzen? Egunkarietako editorialetan monotoniaz errepikatuz, ideia jeneraletara hedatu eta errealitateari txertatzen? Behin eta berriz errepikatu eta izendatzearen poderioz arruntaren eremu ezaguna. Literaturak ez dauka garai bakoitzak duen errealitate korpus-a elikatu beharrik. Literatuak ihes egin behar du diskurtso hedatuenen eremutik —munduko izan nahiz literario izan—, bere luzidotasuna galdu nahi ez badu. Egia esan, ihes horretantxe afirmatzen da literatura. Horrexegatik ez dago literatura ez inorako ez inondako; eta ez du ezertarako balio, bere baitako hitzaren rigurosidadea entzuteko ez bada. Eta paradojiko dirudien arren, hauxe da bilatu nahi duena jolasaren bidez ere, ajedrezaren jokua bailitzan, egiazko, seriotasunez jolastuz, zientziaren pareko rigurosidadea eskatzen diolarik bere diskurtsoari, bere hitzari. Izan ere, jolasa bait da gauzarik serioena.

Koldok ez du Balizko erroten… poema liburuan, Valery-k behin zioen bezala “par faiblesse” idatzi; alderantziz, “…lo que se escriba sea realmente un impulso irreprimible, un estallido por acumulación”. Badirudi ahaztu nahi lukeela bere mezuaren status literarioa, ez, ordea, literatura formetara makurtu eta, bere baitatik, diskurtso literarioa lehertzeko. Hau da Eliot-en “weiallala, weiallala”, Auden-en “tralarai, tralarai” edo Atxagaren “bla, bla, bla” tradizioa. Ez, Koldorena erditze heroikoa litzateke, epikoa, eta, aldi berean, poesiaren kontzepzio erromantikoa gogorarazten diguna. Izan ere, literaturaren artifiziotasunari uko eginez, zintzotasun, autentikotasun eta bertutearen maskararekin agertzen bait da. Halare, ez dut uste maskara hitza gogoko izango duenik. Beldur naiz ez ote den ahots ziur eta bakarreko poetaren diskurtsora egin den itzulera. Eta, Koldok ahaztu nahi baldin badu ere, Sarrionandiak ondotxo daki poesia ez dela “sentimientos más nobles”-ekin egiten.

Balizko erroten… poema liburutik, han eta hemen ironiaz zipristinduriko esaldi solte gutxi batzurekin batera “errotari zaharren oroitarria” metapoetikoa gorde dut neure koaderno propialerako, errotari zaharren gidaritzapean bide garbiagoa asmatu duelako. Halare, goian aipatutako eremu ezagunegi horien atzaparretatik ihes egin gabe. N. Hikmet-en gartzelako poemekin batera, presoekin gogoratu naiz; eta, pentsatu dut, hainbeste poeten artean izan zitekeela, agian, eskulanetan trebeagoa denik ere; eta, baita, poesia egiazko bakardadearen muinean idazten delako, presoren baten baitatik sor litekeela, Koldoren liburuan ez bezala, N. Hikmet-enean gozatu ahal izan dudan bertso esentzialen bat. Eta, ez ahaztu, esentziala den neurrian izango dela, berez, humanoa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak