kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Satorrak / Andoni Tolosa / Susa, 1990

Argi urratua lurpeko eremuetan Josu Landa / Argia, 1990-06-03

Maiz pentsatu izan duzu lehenengo liburua izatea gauza askotarako barkabidea izan daitekeela. Idazlea aurreneko liburuan delibilidadeak galeraztea zilegi balitz bezala. Geroko emaitzen esperoan beti ere. Eta halaxe izango da seguru aski. Andoni Tolosaren liburua irakurrita, aldiz, justu kontrako eritzikoa bihurtzen zara bapatean. Lehenbiziko liburua izateak ez duela zama berezirik eragiten positiboaren aldera. Zorroztasuna literaturgintza osoaren testuinguruaren arauera aldatzen da, eta honez gero asko dira estrainekoz kalitate harrigarria erakutsiz kaleratu ohi diren idazle nobelak. “Satorrak” poema bilduma, adibide horietarikoa.

Gauez bizitzea, azkar bizitzea, galdera transzendentalak egiteko aukera ematen ez duen zorabioa… Gaua maite duenak, beharrezkoa duenak hobe esanda, gogotik maiteko du liburu hau. Itzultzea ihes egitea bait da, aurrera jotzea da bide bakarra.

Tolosaren poesian bada garrasi kraskatu bat, paisajearen deskripzioa egiteko garaian, beltza, iluna, zikina, eta berak ere badaki gauzak beste modu batera agertuz gero, errazagoa litzaiokeela poesia egitea. Tradizio eskasiari beldurrik izan gabe barneratzen da eremu lurpeko baina aldi berean erreal horietan. Eta here ahotsa Tom Waitsena antzera entzuten dugu, bihotzetik bihotzera, bihotz urratutik bihotz urratura.

Zuloak dira hiriko panoramak eskaintzen dituen eszenak. Aterpeak dira komiki mundutik eskuratzen dituen baliapideak, berrirakurketa indargarria eginez. Argi itsuak ditu gu ikusten gaituzten begi ikustezinak, eta baita berak sentitzeko erabiltzen dituen begi gris kolorekoak. Larruarenak ez dira soilik amodioarenak, etsipenarenak ere badira, fluoreszenteak amodioa gauaren parean argitzen duen bezala. Laberintoak itzultze eta ezkutatzeen kontrakoak dira, hiritik karreterara eta karreteratik hirira.

Ezinean ikusten den zorionarekin dantza egitea aski da sobran ere. Filosofia ez da beharrezkoa bizitzeko, eta beraz ezta poesia egiteko ere. Sirenetako distirak, autoetako abiadak eta neoiezko argi motelak dira gure bizitzetan itzala sortzen dutenak. Poesiak beste adierazpideek bezala, hortik edan behar du. Kultura berri bat sortu da, bizimodu eta ikuspegi berri batzuren adierazlea, eta horren baitan poesiak ere badu zeresana. Euskal poesia berriaz hitz egin badaiteke, planteamendu hori bereganatzen duen poesia motari egotzi beharko zaio etiketa. Ildo horren barruan, Andoni Tolosa ez da bakarra, ezta lehena ere. Baina “Satorrak” liburu honen bidez, derrigorrezko aipagarria bilakatu da.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak