kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Argiaren barne distantziak / Imanol Irigoien / Erein, 1989

Itzalaren obsesioa Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1989-12-27

Bada, edo badugu, zerbait adierazi nahi dugunean, ahalik eta sinpleen azaltzeko ohitura, eta sinpletasunari asko laguntzen dio aintzin-denboretatik hona, anbiguetateari edo ñabardurari inongo zirrikiturik uzteke, termino kontrajarrien arteko espazioak, muga itxuraz garbien arteko lurralde semantikoak.

Gure herri honetako zenbait kritikok horrelako joera agertzen du poesia aipatzean (kritikatzean baino), eta susmatzekoa da beren bizitzako arlo guztietan antzeratsu ibiliko direla: errezago bait da. Batzuentzat, poesiaren ezpondak konpromezuaren urak (edo ibaiek) definitzen (edo gaineztatzen) ditu. Beste batzuentzat konpromezu-poesia ez den oro (kritikoak konpromezutzat ulertzen ez duen poesia oro) poesia puroa da, purotasuna poesian ez ezik beste eremuetan eramangarri bailitz. Mundua zuriz ez bada beltzez ikusten ohituarazi nahi gaituztenean poesian edo bizitzan egon daiteke, eta dago, anbiguetaterako lekua, zeina ez definizioa besterik ez bait da, nahiz eta anbiguetate asko dagoen anbiguetatean.

Esate baterako: “Gizona / bi heliotroporen artean / eroritako itzala?. Zer da? Gizonaren definizio bat? Kontzeptu organiko ala metafisiko bat? Metafora bat? Eta horrela balitz, zer da metafora?

Poema labur horrek ez du —ezin dezake eta— Imanol Irigoienen liburua laburbiltzen, poesia-liburua (zorionez) poema bat gehiago bait da.

Bada ideia finkoren bat munduan: Unibertsoaren zentzua musika (edo hitza) dela, haseran hitza bait zen. Eta poesiaren helburua, esan ezin daitekeena esatea dela. Pentsa daiteke isiltasunaz ari naizela, isiltasunari musika jartzea poesiaren helburua dela pentsa daitekeen bezala. Baina isiltasunak badu bere musika, eta isiltasunak esaten du esatekotan Hitzaren mundutik irudiaren mundura etorririk ideia horrek beste ideia batetara eraman gaitzake: Unibertsoaren zentzua kolorea dela eta pinturaren helburua ez kolorea isladatzea dela. Eta baten batek ez-kolorea iluntasuna dela pentsa dezake Baina ez.

Gutxi mintzatzen da Imanol Irigoien iluntasunaz, argiaz eta argiaren kontrapundua den itzalaz ari bait da etengabe eta obsesiboki, argia hitzekin (eta hitzak dakarren kontzeptualizazioarekin) bahitu eta harrapatu nahian.

Eta argia ez da kontzeptu metafisikoa, kontzeptu organikoa edo metafora baizik. Imanol Irigoienena, beraz, ez da poesia metafisikoa, hori pentsamendua eta sentsazioak batzeko ahalmena bait da. Eta ez da pentsamendua, sentsazioa baino, poesia horren ezaugarria. Imanol Irigoienek pintatzaile-begiekin idazten bait du, paisaia, mundua eta bere ezaugarrien lekuko diren pintatzaile-begi hotzekin, so egin bai baina interpretatzen ez duten begiekin.

Eta kuadro batek errealiatearekiko gordetzen duen distantzia berdina gordetzen du sentsazioak (argia edo itzalak eragindakoak) adierazteko darabilzkigun hitzekiko, kontzeptuekiko.

Barne distantziak azken finean, dira poesiaren helburu.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak